Kattalin Barber
Nahiko ezezaguna da Nafarroan Gregorio Suberbiola anarkista (Morentin, 1896-Bartzelona, 1924); han-hemenka aritu zen boterearen aurka: Los Solidarios talde anarkistako kide izan zen, besteak beste, eta bankuen lapurretan parte hartu zuen Buenaventura Durruti eta Francisco Ascasorekin; Alfontso XIII.a hiltzeko tunel bat egiten ere aritu zen. Primo de Riveraren diktaduraren garaia zen. Lizarraldeko Morentin herri txikia 18 urte ingururekin utzi, eta handik hamar urtera tiroz hil zuten Bartzelonan.
Iñaki Sagardoi antropologo iruindarrak izan zuen Suberbiolaren berri Navarra. Conflictividad social a comienzos del siglo XX y noticia del anarcosindicalista Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924) Angel Garcia-Sanz Markotegiren liburuan. “Irakurri eta zerbait egitea merezi zuela argi nuen; ezagutzen dugu Durruti eta haren inguruko mitoa, baina Nafarroan jaiotako Suberbiola anarkistaren historia izugarria iruditu zitzaidan”, azaldu du. Suberbiolari buruzko nobela grafikoaren bultzatzaile da, Mikel Irure eta Aitor Razkin marrazkilariekin.
Serio hartu dute, eta XX. mende hasierako anarkista nafarraren bizitza jasoko duen komiki proiektua martxan da. Aitzinsolasa kaleratu dute jada, salmentarekin lortutako etekina proiektua finantzatzeko erabiltzeko. “Gainera, lehen helburua bete dugu: eskaner bat erostea”, dio Irurek. Iruñeko Karrikiri elkartean eta Katakrak liburu dendan salgai dago Suberbiolaren aitzinsolasa, sei euroren truke. Horrez gain, azalaren grabatua egin dute, eta komikia barne 15 euroan jarri dute salgai.
Kaleratu berri duten liburukian, anarkistak Bartzelonan pasatu zituen azken egunak jaso dituzte: tirokatu zutenetik, eta ospitalean hil arte. Heldu den udaberrian atera nahi dute nobela grafikoa: “Gure asmoa Suberbiolak berak ospitaletik bere bizitzaren kontakizuna egitea da, flashback moduan”, azaldu du Sagardoik. Fikzioa eta ez-fikzioa tartekatuko dituzte bertan. Sagardoi aritzen da idazle lanetan, eta Irure eta Razkin, berriz, marrazten eta margotzen. Indarrak batu dituzte hirurek nobela grafikoa aurrera eramateko. Bakoitza bere diziplinatik ari da ekarpenak egiten, eta ongi moldatzen direla diote. Gainera, Bilkuia zigilua sortu dute lan gehiago argitaratzeko.
Asteotan Morentin herria bisitatu dute, eta Zaragoza eta Bartzelonara joateko asmoa dute pista gehiagoren bila. Informazio gutxi dago Suberbiolaren inguruan, eta haren argazkirik ez dute topatu. Zaila egin zaie, halaber, aurkitu duten informazioaren artean zer den egia eta zer den mitoa bereiztea. “Fantasiari heldu diogu, interesgarriagoa egiteko eta pertsonaia gure kabuz moldatzeko”, dio Razkinek. Bitxikeria moduan, Pio Baroja idazleak lerro batzuk eskaini zizkion nafar anarkistari liburu batean, eta barazki jalea eta naturista zela zioen. “Mito asko zeuden; horiek guztiak baliatuko ditugu, eta beharbada beste batzuk sortuko ditugu, betiere koherentziarekin”, gaineratu du Irurek.
Helburua ez da Suberbiolaren biografia bat egitea, baizik eta orduko giroa islatzea, eta Nafarroan oharkabean igarotako pertsonaia gogora ekartzea. “Garai hori eta anarkismoa ere nahiko baztertuta daude, eta eztabaida berriro mahai gainean jarri nahi dugu”, dio Sagardoik. 36ko gerra eta diktadurako garai ilunak etorri ziren gero, eta XX. mende hasierako urteak “arreta handirik gabe” pasatu zirela diote. “Gerrari buruz asko idatzi da, filmak daude… baina aurretik izandako garai hori ez da ia irudikatu. Mamia dago: belle époque garaia, pistolariak, anarkismoaren indarra…”, azaldu dute.
Bitxia egin zaie hirurei Suberbiolaren bizitza: “In crescendo joan zen haren bizitza. Angel Garcia-Sanz Markotegik liburuan dio Suberbiolak Durrutiren ospea lortuko zukeela hil ez balute”. Los Solidarios taldeko kideak ez ziren txikikeriatan ibiltzen: banku bat lapurtu, eta 1.000 errifle erosi zituzten; Bartzelonako etxe batean granadak egiteko fabrika ere sortu zuten. “Iraultza zen”.
Historiaren beste aldea
Ez da kasualitatea Morentin herriko anarkista baten nobela grafikoa argitaratzea. Sagardoik aitortu duenez, helburu politikoa du. Euskal munduaren eta erdal munduaren arteko “identitate bikoitzaz” ari da: “Mendebaldetik heldu zaigu historia eta mitologia gehiena, eta horien bidez eraiki dugu gure identitatea, baina batzuetan iruditzen zait uko egin diogula Iruñetik hegoaldera gertatzen denari, eta hori ere gure historia da”. Adibide bezala jarri du bere esperientzia. Gurasoek ez dakite euskaraz, eta aitonaren familia erdia fusilatu zuten. “Asko hitz egin da gauza batzuei buruz, eta ongi iruditzen zait, baina oharkabean igaro dira beste batzuk”. Horregatik, Suberbiolaren bizitza gogora ekarri nahi dute haiek, historiaren parte delako. “Ate hori ireki nahi dugu, gure identitatea ere badelako”.