Bizarra arma politiko bilakatzen denekoa

Bizarra arma politiko bilakatzen denekoa

Edurne Elizondo

Bizarra ilea baino anitzez ere gehiago izan daiteke emakume baten aurpegian ateratzen denean. XV. mendetik badira andre bizardunen inguruko aipamenak, baina, gaur egun, iletsu izatea borroka politikorako ezaugarri bilakatu da, binarismoaren eta estereotipoen aurka, eta hetero-arautik kanpo gelditzen diren gorputzak aldarrikatzeko. Jennifer Miller estatubatuarra da lan hori egiten dutenetako bat. Haren berri jaso du Maria Jose Galek (Zaragoza, Espainia, 1975) Mujeres barbudas izenburuko bere liburuan (Edicions Bellaterra, 2016). Emakume bizardunei egin die so Galek idatzi horretan. Gorputzen inguruko lana egin du, gorputzen ingurukoak harrotzeko eta hausnarketa bultzatzeko asmoz, hain zuzen ere.

“Emakume bizardun bat, bere presentzia hutsarekin, ari da araua zalantzan jartzen, hagitz modu sinplean, baina, aldi berean, hagitz modu muturreko batean. Nonbaitera joan, eta agertze hutsarekin ari da bizarra duen emakumea han direnen usteak kolokan jartzen”. Horixe nabarmendu du Galek, eta beren bizarra arma politiko bilakatu duten emakumeen lanaren adibide aipatu du Millerrena. “Bertze guztientzat eredu izan da; diskurtso politiko oso batekin jantzi du bere bizarra Millerrek. Andre iletsuak ahaldundu egin dira; batek ondokoari eman dio bizarrarekin ateratzeko indarra; ilea aldarrikatzeko tresna bilakatu dute”, nabarmendu du.

Zaragozako Unibertsitatean doktore da Gale, eta filosofiaren, feminismoaren eta psikopedagogiaren esparruan aditua eta aritua. Millerren ekarpena jarri du mahai gainean, gaur egun itzal handikoa delako, batetik; eta, bertzetik, iraganeko emakume bizardunen errealitatea irauli egin duelako, neurri handi batean. Izan ere, zirkuak izan ziren, garai batean, andre iletsuen toki. Dirua irabazteko modu bat ziren gisa horretako ikuskizunetan aterarazten zituzten gizonentzat. Zirkuaren ideia bere egin du Millerrek, baina, “morboa bazter utzi”, eta politikaz eta aldarrikapenez bete ditu bere agerraldiak. “Izan ere, zirkuaren euskarria bidegabekeriak salatzeko baliatu du; emakume bizarduna da bera, baina ez du hori bilakatu bere diskurtsoaren gako; bizarra duen emakume bat da Miller, jendaurrean, hamaika auzi politikoz hitz egiten. Bere gorputza bera da hari so eta entzuten ari direnak zuzenean interpelatzen dituena”, azaldu du Galek. Hau da, bizarrarekin agertzeko urrats soilak lortzen du jendaurrean egotea ariketa politiko bilakatzea.

“Miresgarriak”

Maria Jose Galek bizarra izan zuten eta duten 70 emakumeren berri jaso du bere liburuan. Argi utzi du bere asmoa ez dela izan emakume horien biografia soila egitea. Andre iletsuonganako garaian garaiko jarrerak islatu ditu, eta bere egin ditu haien gorputzen bidez binarismoari, generoari eta estereotipoei buruz mahai gainean jarritako zalantzak. “Ni ez naiz lekuko hutsa; aztertzen dudanaren parte ere banaiz, eta jorratutakoak nire nortasunari ere eragin dio”, onartu du.

XV. mendera arte egin du atzera Galek; ordukoak dira emakume bizardunen inguruko lehendabiziko aipamenak. “Orduko liburuetan emakume bizardun horiek izaki ikusgarritzat jotzen zituzten; miresteko modukotzat”, azaldu du egileak.

Gauzak aldatu egin ziren gero. 1732. urtean gertatutakoa “giltzarritzat” jo du Galek. Rosina Margarita Mullerin zendu zen urte horretan. Dresdenen (Alemania) jaio zen, 1668. urtean. “Bizarra kentzen ohi zuen, baina gaixotu, eta ospitalera eraman zuten. Han ezin izan zuen bizarra egin. Hil zenean, autopsia egin zioten. Lehendabiziko aldiz, ziurtatu nahi izan zuten haren benetako sexua zein zen”.

Ordura arte inor kezkatzen ez zuena, beraz, auziaren erdigunean jarri zen une horretatik aurrera. “Emakume bizardunek argi uzten hasi behar izan zuten emakume zirela”, azaldu du Galek.

Argi utzi du andreon bizitza ez zela batere erraza izan; zirkua bilakatu zen anitzen etxe. Handik at, bizarra ezkutatzen ibili behar izan zuten gehienek, baina zirkuan aritzeak dirua irabazteko aukera ere eman ziela gaineratu du Galek. Zirkuen jabeak izan ziren, halere, emakumeok baliatuz gehien aberastu zirenak.

Egileak Julia Pastranaren kasua aipatu du. Erditzerakoan zendu zen, eta senarrak haren gorpua disekatu zuen, erakusten jarraitu ahal izateko. Mexikon jaio zen Pastrana. “Kolonialismoaren eragina nabaria da auzi honetan ere. Europatik kanpoko emakume bizardunei buruz erraten ohi zen erdi emakume, erdi animalia zirela”. Bertzelakoa da Galeren begirada, eta bazterrean izan diren gorputzak erdigunean jarri nahi izan ditu.