Txapela nork jantziko zain

Txapela nork jantziko zain

Kattalin Barber

Bertsoaren hiriburu bihurtuko da Iruñea bihar. Lehia, urduritasuna eta giro ona izanen dira Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta ariko dira Anaitasunako oholtza gainean, txapel bakarra eskuratu nahian.

Azken txanpan sartu da, eta bihar bukatuko da, beraz, otsailaren 18an abiatutako txapelketa. Dena prest dute Bertsozale Elkartekoek bihar “egun handia” ospatzeko. Ander Perez elkarteko kideak azken hilabeteotan egon den giro ona azpimarratu nahi izan du. 1.500 entzule inguru izan dira saio guztietan, eta inoizko parte hartze handienarekin hasi zuten txapelketa: 35 bertsolarik eman zuten izena Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketan, eta horietatik bederatzik lehen aldiz parte hartu dute lehian. Horiekin kanporaketa saio bat egin zen abenduan, Iruñean, eta, hartan, lau bertsolarik lortu zuten final-laurdenetara sartzea. Horrenbestez, 30 bertsolarirekin abiatu zen bigarren fasea.

Bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatu dute txapelketa. Saio guztietan erantzun ona jaso dutela adierazi du Bertsozale Elkarteko kideak. Gainera, bertsolaritza Nafarroako bazter desberdinetara eramaten saiatu izan dira. Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz izan dira bertsoen lekuko. Horietan guztietan, “maila txukuna” eman dute bertsolariek.

Biharko finala “kolore askotakoa” izanen dela uste du Perezek. Lehendabiziko finala izanen da Xabi Maiarentzat, eta gainerako zazpiak “eskarmentu handiko” bertsolariak dira, 2015. urteko finalean aritutakoak. Julio Sotok hirugarrenez irabazi zuen txapela orduan, eta laugarrenaren bila joanen da bihar. Zelaietak behin jantzi du txapela, eta hamar aldiz parte hartu du finalean; Sotok, zortzitan; Terrerosek eta Lazkozek, bost aldiz, eta Fuentesek, Karrikak eta Fernandezek, berriz, hiru aldiz. “Kolore askotako finala izanen da, bertsolariak ibilbide eta kantaera desberdinekoak direlako”.

Aurten, zazpi emakume baino ez dira lehiatu —Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Ioar Tainta, Joana Ziganda, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Irati Majuelo—, eta ez dute lortu finalera heltzea. Bertsozale Elkarteari hausnartzea dagokiola uste du Perezek: “Gogoeta batzuk martxan ditugu, eta sakontzeko beharra badugu, etorkizunean berriro errepika ez dadin”.

Estitxu Arozena izan da emakume bakarra Nafarroako txapela janzten. Bi aldiz irabazi zuen, 1995ean eta 1998an. “Bertso eskoletan gero eta emakume gehiago daude, baina egia da plazarako urratsa ez dutela hainbestek egiten”, dio Perezek. Alazne Untxalo bertsolaria finalaurreko batera iritsi zen, Beran martxoaren 18an jokatu zenera. Saioa Alkaizarekin batera, fase horretara iritsi diren emakume bakarrak dira.

Txapelketan gustura aritu dela dio Untxalok, eta pozik dagoela egindako lanarekin. “Finalerdietan hemezortzi bertsolaritatik bakarrik bi emakume geunden; hortaz, proportzioan aukera gehiago dute gizonek; guk egin ahal duguna egin dugu”, esan du.

Bat egin du Perezekin, eta kontatu du 14 urtera arte neskak aritzen direla bertsotan, baina, momentu batean, utzi egiten dutela. “Konplexuak, gaizki egiteko beldurra, jendaurrean aritzea… Faktore horiek guztiek zerikusia dute”. Gogoan izan du Aurizko saioa, otsailaren 19koa. Sei bertsolaritik lau emakume ziren. “Gure artean giro bikaina egon zen, kantuan hasi aurretik, bitartean eta bukatu eta gero, elkarri lagunduz eta aholkuak ematen”. Argi du Untxalok: bertsolaritzak emakume eta gizonen arteko parte hartze orekatuagoa izango balu, finalaren irudia desberdina izango zatekeen.

“Gizartearen arazoa”

Gizartean jarri du arreta: “Gizartearen arazoa da, eta bertso eskoletan islatzen da. Rolak hautsi behar ditugu, eta hezkuntzan lan handia egin. Finalera iristen banaiz, ez dut nahi iristea emakumea naizelako, baizik eta bertsolaria naizelako”, esan du Untxalok. Nafarroako Bertsolari txapelketan aritu da 2007tik. Biharko finalaren emaitza “irekia” ikusten du Untxalok. Zortzi bertsolariek saio txukuna eginen dutela ez du dudarik, “maila handikoak” direlako.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urte osoan egiten den “lan isilaren fruitua” da, Perezek dioen moduan: “Parte hartzaile kopuru handiak erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin, gazte eta helduei bertsolaritza ezagutu eta bertan aritzeko aukerak emanez, bertso eskolen bitartez”.

Era berean, nabarmendu nahi izan du Nafarroako ikastetxeetan garatzen den Bertsolaritza irakaskuntzan programa. 2.400 ikasle baino gehiago dira urtero bertsogintza eta ahozkotasuna lantzen dutenak. “Sare handia dago Nafarroan bertsolaritzaren inguruan urte osoan hainbat eta hainbat ekitaldi aurrera ateratzen dituena eta bertsolaritza bizirik mantentzen duena”, azaldu du Perezek. Unerik ikusgarriena Nafarroako Bertsolari Txapelketa den arren, oinarrian “eguneroko lan izugarria” dagoela berretsi du. Izan ere, gaur-gaurkoz, 39 bertso eskola daude martxan eta lanean Nafarroan.