Edurne Elizondo
Ega Bizirik taldeak behin eta berriz eskatutakoa eginen du Nafarroako Gobernuak, azkenean: Lokiz mendilerroko akuiferoak duen gaitasuna argitzeko ikerketa jarri du martxan, eta, haren barruan, probako ponpatzea eginen du, datorren abuztuaren 1etik aurrera. Zehazki, Antzin eta Mendazako putzuetan eginen dituzte probak. Agorraldi garaiak goia jotzen ohi du abuztuan. Gobernuak azaldu duenez, “etxe independente bat” kontratatu du ikerketa egiteko; Mendazan 175 litro ur ponpatuko dute segundoero, eta Antzingoan, berriz, 75. Abuztuan eta irailean datuak jaso eta aztertu eta gero, ondorioak abendurako izatea espero du gobernuak.
Azken urteotan, kezkaz egin diote so Egari Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek, udan. Montejurrako mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta, udan batez ere, hainbat iturri lehortu direla salatu izan du Ega Bizirik plataformak; nekez eusten ahal diola ibaiak emari ekologikoari urteko hilabeterik beroenetan.
Kezka horrek gora egin du azken urteotan, Montejurrako mankomunitateak Ebroko Ur Konfederazioari orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin eta gero. Proiektu horri bidea emateko, Ugep udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. Geroztik, ur gehiago atera ahal izateko lanak egiten aritu da Montejurrako mankomunitatea, kontuan hartu gabe Ega Bizirik taldekoen salaketak eta hainbat adituk Lokiz mendizerrako akuiferoen egoera kaskarraz ohartarazteko egindako txostenak.
Egoera hori aldatu egin zen urte hasieran, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Antzin eta Murietako udalek aurkeztutako helegitea aintzat hartu baitzuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, ondorioz, bertan behera utzi zuen proiektua, ez zuelako Ebroko Ur Konfederazioak lanak hasi aurretik egin beharreko txostena. Erakunde horren baimena jaso gabe hasi zituzten obrak. “Oraintxe, lanak geldirik dira, eta hori ona da”, nabarmendu du Ega Bizirik plataformako Felipe Ajonak.
Ajonak ontzat jo du, halaber, Nafarroako Gobernuak akuiferoaren gaitasunari buruzko ikerketa martxan jarri izana. “2013. urtetik ari gara hori eskatzen; etxea teilatutik hasi zuten, akuiferoari buruzko inolako ikerketarik egin gabe”, gogoratu du Antzingoak. UPNko agintariek ez zuten egin; oraingo gobernua babesten duten taldeek, ordea, akordio programatikoan jaso zuten ikerketa hori egiteko konpromisoa, eta, azkenean, ari dira betetzen. Jarraipen batzordea osatu dute, prozesuan eginen dituzten urratsen berri izateko. “Lehendabiziko bilera egin dugu; gobernuak azaldu digu Etipsa izeneko etxeak eginen duela ikerketa”, azaldu du Ajonak.
Emari ekologikoa
Ega Bizirik plataformarekin batera, gobernuak berak, Montejurrako mankomunitateak, Egaibarreko ureztatzaileen mankomunitateak eta Ebroko Ur Konfederazioak osatzen dute jarraipen batzordea. Urrian eginen dute bat, berriz ere, probako ponpatzeak egin eta gero, alegia. “Proba horietan jasotako datuen inguruko ondorioak, berriz, abenduan jakinaraziko dizkigute”, erantsi du Ega Bizirik taldeko kideak.
Nafarroako Gobernuak martxan jarritako ikerketa “beharrezkoa” dela argi du Ajonak; ez du nahikotzat jo, ordea. “Babes bereziko eremua da gurea, eta horrek eskatzen du Egaren emari ekologikoari buruzko ikerketa egitea”, nabarmendu du. Gobernuak orain hasitako prozesuak, halere, ez du horrelakorik egitea jasotzen. Ondorioz, Ega Bizirik plataformako kideak aztertzen ari dira gisa horretako ikerketa bat beren kabuz eskatzeko eta egiteko aukera.
Ez litzateke lehendabizikoa izanen. Lokiz mendizerrako akuiferoa babesteko hasitako bidean, EHUko irakasle Iñaki Antieguedadi eta Ane Zabaletari Ega arroko ur fluxuen inguruko lana eskatu die Ega Bizirik plataformak, aurretik. Lan horren emaitzak “kezkagarritzat” jo zituen Ajonak, aurkeztu zituztenean. Izan ere, txosten horren arabera, Antzin herritik behera, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak tarte horretan. Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. “Putzuak egin eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko luke akuiferoak ibaiak behar duena ematea”, ohartarazi du Ajonak.
Egaren eta Lokiz mendizerrako akuiferoaren geroa nolakoa izanen den zehazteko, “hagitz garrantzitsutzat” jo du Ega Bizirik taldeko kideak oraingo unea; batetik, akuiferoa gehiago ustiatzeko putzuak egiteko lanak geldirik direlako, eta, bertzetik, gobernua ari delako egiten hainbertze aldiz eskatutako ikerketa lana. Montejurrako mankomunitateak ez duela amore eman argi utzi du Felipe Ajonak, hala ere. Izan ere, 2017-2019rako inbertsio publikoen planean jaso ditu putzuen inguruko lanak. “Udalerriz gaindiko eragina duen plana bertan behera utzi eta gero, bi aukera ditu Montejurrako mankomunitateak; berriz ere egitea da lehena, eta bertzea, berriz, obraz obra aurkeztea proiektua. Argi dago ez duela proiektua bazter uzteko inolako asmorik”, salatu du Ajonak.
Lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Ega Bizirik taldeko kideak, ondorioz. Nafarroako Gobernuaren ikerketak zabaldutako bidea baliatzeko prest agertu da, baina argi utzi du ezin dutela geldirik egon. Presioa egiten jarraitu behar dutela. “Orain arte egindako urratsek agerian utzi dute kalte baino ez duela egiten proiektuak; legez kanpo aritu dira lanak egiten, baimenik gabe”, erran du Ajonak. Etxeari oinarri sendo bat emateko ordua dela erantsi du.