Sormenari bidea eman

Sormenari bidea eman

Edurne Elizondo

Artea ez da gauza polit bat egitea; artea transmititzea da, sentitzea”, erran du Uxue Lasak. Bat egin du Anne Aramendiak, eta lagunak mahai gainean jarritako ideia sakontzen jarraitu du: “Denok dugu artista bat gure baitan, gure barruan; ateratzea da kontua”. “Horixe, barruan dugun artista atera behar dugu, landu, eta garatu”, erantsi du Lasak. Iruñerriko Artisten Mugimenduak zeregin horren ardura hartu du bere esku; artea landu eta garatu nahi dute kideek; arteari buruzko gogoeta piztu, eta duen balioa aitortu. Iruñerriko hainbat institututako ikasleek jarri zuten martxan elkartea, aurreko ikasturtean, baina zabaltzen jarraitu nahi du. Horretan ari dira Lasa eta Aramendia, bertze hamaika ikasle artistarekin batera.

Artea bizi dutela sumatzen zaie Aramendiari eta Lasari; Iruñerriko Artisten Mugimenduan lagun dituzte Xabi Gomez eta Naroa Osanbela. 18 urte dituzte laurek, eta agerikoa da artearekiko duten grina. Pasioa. Herritarrekin partekatu nahi dute artea ulertzeko duten modua, eta bide horretan urratsak egiten hasi dira jada. Elkartea, berez, LOMCE legeak batxilergo artistikoan eragin nahi zituen aldaketen aurka sortu zuten, baina harago joateko asmoa agertu du.

“Batxilergo artistikoa duten lau zentrook egin genuen bat: Iturramak, Alaitzek, Gurutzeko plazakoak eta Arte Eskolak; LOMCEk ezarri nahi zituen aldaketen aurka hasi ginen lanean, baina laster konturatu ginen arteak gizarte osoari eragiten diola”, azaldu du Lasak; horregatik, arteari buruzko beren hausnarketak zabaltzeko urratsak egiten hasi ziren, arteak aldaketarako duen gaitasuna nabarmentzeko asmoz. Proiektua gelako esparrutik karrikara eraman zuten, finean. Eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute.

“Arteak herritar kritikoak sortzeko duen ahalmena baliatu nahi dugu”, erantsi du Aramendiak. Bat egin du Gomezek ere: “Aldaketarako tresna da artea”. Mugimenduko kideek argi dute zer-nolako balioak izan beharko lituzkeen gizartean eragin nahi duten aldaketa horrek, eta balio horiek hartu dituzte, aldi berean, beren lanaren ardatz: “Mugimendu askotarikoa gara, baina oinarri hartu ditugu berdintasuna, errespetua, feminismoa…”, azaldu dute kideek.

Karrikan eragin

Oinarri horiek abiapuntutzat hartuta, artea karrikara eramateko hainbat jarduera antolatu dituzte Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek, azken hilabeteotan. Arrotxapeko gaztetxeko kideekin elkarlanean aritu dira, adibidez, eta Ikasle Abertzaleekin batera ere, bertze eskola eredu bat garatzeko jardunaldietan aritu dira. “Oso esperientzia polita izan zen”, gogoratu du Lasak. Hitz bakarra proposatu zieten parte hartzaileei, nahi zuten moduan azaltzeko. “Errepresioa zen hitza; paper bat eta margoak eman genizkien. Talde batek, adibidez, papera tolestu, eta lurrera bota zuen”.

Herritarrak artista bilakatu nahi dituzte beren jardueren bidez; mugimenduko kideek beren artista izaera aldarrikatzen dute, halaber, karrikan. “Atera izan gara abestera, dantzatzera, mugitzera; jendearen erantzuna ezin hobea izan da, oso giro polita sortu dugu kalera atera izan garenean”, nabarmendu du Aramendiak.

Halako ekitaldien bidez artea eta askatasuna lotzeko asmoa ere badute Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek. Eskolak, neurri batean, askatasun hori murrizten duela salatu dute, eta artea askatasunaren bidetik garatzeko aukera defendatu dute. Egungo sistemak, oro har, kontrakoa bultzatzen duela uste du Naroa Osanbelak. “Txikia zarenean, klip bat hartu eta gai zara harekin espaziontzi bat egiteko ere; gero, paperak lotzeko baino ez digu balio. Gure artista barrura sartzen dugu, ez diogu ateratzen uzten, eta irudimena galtzen dugu”.

Hori da Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek galdu nahi ez dutena: irudimena. Artea askatasunaren bidetik garatzen jarraitu nahi dute, herritarrengan gizartea aldatzeko grina bultzatzeko asmoz. Kritiko izan nahi dute. Artista.

Formakuntzari ez diote uko egin nahi, eta, hasteko, ezkutuan gelditzen ohi diren emakume artisten berri jaso eta zabaldu nahi dute. Feminismoaren bidetik, gainera, bideo bat osatu dute udan eraso matxisten aurka. Artearen bidez eragin nahi dute, errespetuaren, berdintasunaren eta feminismoaren bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.