Garaikidea, eta euskaraz

Garaikidea, eta euskaraz

Kattalin Barber

Euskaraz ekoizten den arte garaikideak bere tartea izanen du Iruñean, gaur hasi eta urriaren 25era bitarte. Euskarazko taularatze, adierazpen modu eta idazkera eszeniko berritzaileen erakusleiho bat sortzeko asmoz, Garaikide ekinaldia jarri du martxan Iruñeko Udalak. Antzerkia, dantza garaikidea, musika eta, oro har, kategoria bakarrean sailkatzeari ihes egiten dioten lanak eskainiko dituzte Ziudadelan, Kondestablearen Jauregian, Iturramako Civivox aretoan eta Nafarroako Antzerki Eskolan.

Euskarazko adierazpen artistiko garaikidearen erakustaldia da Garaikide zikloa, Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara koordinatzaileak azaldu duenez: “Euskaraz obra asko egiten ari dira garaikidetasun kontzeptu horrekin: estiloak nahastu dira, eta garrantzitsua da euskaraz aritzen den jendearen gauzak erakustea eta egileak bultzatzea”.

Gozamen estetikoaz harago, zikloak beste helburu bat duela adierazi du Azkonak: “Euskarazko kultur programazio osoak bi helburu ditu: batetik, kultur jarduera da, edozein hizkuntzatan egiten dena. Bestetik, euskaraz egiteak badu beste balio erantsi bat: euskarazko espazio bat sortzen da. Gurearen gisako hizkuntza gutxitu batentzat oso inportantea da espazio hau sortzea. Garaikide ez da bakarrik kultura, hizkuntza politika ere bada”. Kasu honetan, arte mintzaira berritzaileetan, euskara erabili izan ohi den proposamen eta formatuetatik harago doa Garaikide.

Gaurtik aurrera, zazpi proposamen garaikide aurkeztuko dituzte oholtza gainean. Asier Zabaletak zuzendu eta bost dantzariz osatutako Ertza dantza konpainiak emanen dio hasiera Garaikideri, gaur, 19:30ean, Iturramako Civivox aretoan. Diziplina anitzeko Hariak obra aurkeztuko dute. “Dantza garaikideak, tamaina errealeko txotxongiloek eta Harkaitz Canoren testuek bat egiten dute obran istorio errealak kontatzeko”, Azkonak azaldu duenez.

Mursego eta Amorante izanen dira zikloko bigarren proposamenaren protagonista. Kontzertua bihar izanen da, 19:30ean, Iturramako Civivox aretoan. Bi musikariek Banpiro maitaleak ikuskizuna aurkeztuko dute. Hiru zati ditu: zati batean, elkarrekin joko dituzte zenbait abesti; eta, gainerako bietan, nork bere errepertorio propioa aurkeztuko du.

Askotarikoa

Miss Karaoke abangoardiako antzerki emanaldiarekin, berriz, hausnarketa bat egin nahi du Metrokoadroka Kolektiboa & Pez Limbo taldeak, “umorea eta absurdoa oinarri hartuta” eta “jakiteko zerk definitzen dituen pertsonak, edo nortasuna aukeratu ote daitekeen”. Lan hori Nafarroako Antzerki Eskolan erakutsiko dute, urriaren 4an, asteazkenarekin, 20:00etan.

Leku eta ordu berean, baina urriaren 10ean, asteartearekin, Beheko Larraine taldeak Atte hil aurretik lana aurkeztuko du. Maika Etxekopar da zuzendaria, eta Miren Tirapu ariko da sortzaile eta protagonista lanetan. Baserri bateko inauteriak eta jada hilda dagoen amatxi batek kontatutako ipuin bat dira istorioaren oinarri.

Publiko orokorrerako saioez gain, Garaikidek ikasleentzako emanaldiak eskainiko ditu, goizez, urriaren 16an eta 17an. Vaiven Producciones taldeak, Gaiarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean, Treblinkara azken trena obra taularatuko du. Bi goiz horietan eskoletako ikasleentzat antzeztu ondoren, Ziudadelako Arma aretoan eskainiko dute lana, doan, urriaren 17an, asteartearekin, 20:00etan. Obrak berrehun haur juduren istorioa kontatzen du; 1942an, Varsoviako umezurztegi batean bizi dira haur horiek, haien lege eta araudi propioekin bat, harik eta uztera behartzen dituzten arte, trenez Treblinkako kontzentrazio esparrura joateko. “Ahalegin handia egin dugu obra hau ekartzeko”.

Erakusketaren dantza garaikideko bigarren proposamena Idurre Azkue dantzariak eta Joseba Irazoki musikariak aurkeztuko dute, urriaren 23an, 19:30ean, Kondestablearen Jauregiko Areto Gotikoan. Dantzagurea obraren oinarria dantzatzeko jarduera bera da, bai eta sortzen duen askatasun espazioa eta soinuak gorputzean duen eragina ere.

Zikloa bukatzeko, Horman Poster taldeak Iragan perfektua performancea aurkeztuko du, urriaren 25ean, 19:30ean, leku berean: Kondestablearen Jauregiaren Areto Gotikoan. Ibilbide moduko bat egitea da taldearen proposamena, nork bere haurtzaroa bilatze aldera, dantza, antzerkia eta irudia baliatuz.