Edurne Elizondo
Kazetariak. Kirolariak. Eta kirolzaleak. Sutsuak. Orain, gainera, irakurri nahi zuten kirol aldizkaria sortzeko proiektuan murgildu dira Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran: Harmaila. Zero zenbakia sarean jarri zuten uztailean, baina paperean eman nahi dute lehendabizikoa. “Arnasa luzeko” produktua egin nahi dute; patxadaz irakurtzeko aldizkaria, eta futbola protagonista izanen ez duena. Bazter gelditzen ohi diren kirolen berri eman nahi dute, bai eta anitzetan bazter gelditzen diren kirolarien berri ere. “Genero ikuspuntua txertatu nahi dugu”, azaldu du Berastegik. Iruñean aurkeztu du proiektua, Manterolarekin batera. Harmaila irakurlez bete nahi dute, aldizkaria, paperean, errealitate bihurtzeko.
Ehun harpidedun behar ditu Harmaila aldizkariak lehendabiziko zenbakia karrikara ateratzeko. Azarorako prest izan nahi dute arduradunek. Bi hilabetean behin argitaratzea da asmoa, eta, horretarako, urtean bost zenbaki kaleratu ahal izateko, hirurehun harpidedun lortzea hartu dute helburutzat. Izena eman daiteke www. harmaila.eus helbidean. Orri horretan irakur daiteke, halaber, aldizkariaren zero zenbakia.
Aldizkariko arduradunek argi dute kirol kazetaritzaren esparruan dagoen “hutsunea” bete dezakeela Harmaila-k. “Eñaut Barandiaran eta biok 2011n hasi ginen proiektua mamitzen. Ikusten genuen euskal komunikabideetan kirolak behar zuela ez zuen toki bat; Euskal Herrian kirolzale asko dago, kirola egiten eta jarraitzen duen jende asko”. Kirola maite duten horiek euskaraz zer irakurri ez zutela ohartuta ekin zioten proiektua zehazteari. Lehen saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, halere. Berriz ekin zioten lanari duela urte eta erdi. Iñaki Berastegi kazetariak orduan bat egin zuen proiektuarekin, eta, hiruren artean, eta aldizkariaren inguruan sortu duten kolaboratzaile sareak lagunduta, duela hainbat urte asmo bat zena errealitate bilakatu dute.
Emaitzez harago
“Pasioz” bizi dute Harmaila aldizkariko kideek kirola. Eta pasio berarekin heldu diote proiektuari. Uste dute “emaitzei lotutakoa” dela gaur egun nagusi den kirol kazetaritza, eta bertze bide bat jorratu nahi dute haiek. “Gaur egun, kirola aitzakia bihurtu da kirolarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz hitz egiteko; edozein huskeria berri bihurtzen da”, erran du Manterolak.
“Begirada sakonago bat eskaini nahi dugu guk; Euskal Herri osoko gaiak landuko ditugu, gainera. Hemen bada kirolaren eta kulturaren arteko lotura, eta hori ere jorratu nahi dugu, kirolaren eta kulturaren arteko zubiak eraiki”, berretsi du Berastegik.
Genero ikuspuntua ez dute ahaztu. Emakumeak protagonista bilakatu nahi dituzte. Emakumeek egiten duten kirolaren berri eman; kirola egiten duten emakumeei hitza eman. Proiektuko bultzatzaileen artean emakumerik ez dago, baina aldizkaria idatziko duten kolaboratzaileen zerrendan jaso nahi dituzte emakume kazetariak. “Arlo horretan ere egin nahi dugu ahalegina”, azaldu dute arduradunek.
Harmaila aldizkariaren lehendabiziko zenbakia kaleratzeko irrikan dira proiektuaren bultzatzaileak. Hainbat eduki aurreratu nahi izan dituzte: solasaldia Aimar Zubeldia txirrindulariarekin, kirola uzteko erabakiari buruz; emakumeen eskubaloia; emakumeak buru dituzten kirol taldeak… Argazki erreportaje bat ere prest dute, futbol zelaien inguruan. “Sadarrek 50 urte bete ditu, eta Ipuruak, berriz, 70”, azaldu du Berastegik. Urteurren horiek aitzakiatzat baliatu dituzte zelaion historiaren berri irudien bidez emateko. Diseinuak, hain zuzen ere, garrantzi handia du Harmaila aldizkariko kideentzat. Gaztelaniazko hainbat kirol aldizkari eredu hartu dituztela azaldu dute, Panenka, bertzeak bertze.
Euskararen aldeko apustua berretsi dute, halaber, aldizkariko bultzatzaileek. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ere lan egin nahi dute beren produktuaren bitartez. Asmo horri lotuta, hain zuzen, liburutegietara bidali dute Harmaila aldizkariko kideek beren harpidetza kanpainaren berri. Irakurleak nahi dituzte, harmailak betetzeko bidean lagun.