Ordaintzen ez jarraitzeko

Ordaintzen ez jarraitzeko

Edurne Elizondo

Negozio biribila. Horixe dago Elizak egindako immatrikulazioen atzean, Ondarearen Defentsarako Plataformak salatu duenez. “Gobernuak ordaindu, eta Elizak jaso” egiten duelako. Iruñeko katedralaren adibidea jarri du elkarteak mahai gainean, eta, salatzeko, elkarretaratzea eginen du bihar, 12:00etan, eraikin horren aurrean.

Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. 2007. urteko urtarrilaren 23an immatrikulatu zuen Iruñeko katedrala. Iruñeko Artzapezpikutzak 25 euro ordaindu zituen eraikinaren truke, urte hartan. Azken urteotan, ordea, Nafarroako Gobernuak hartu du katedralean egin behar izan dituzten obren ardura, eta zazpi milioi euro ordaindu ditu, plataformak salatu duenez. Iaztik, adibidez, katedraleko klaustroa ari dira berritzen.

“Negozioak” badu bertze atalik, gainera, eraikin horretan sartzeko sarrera kobratzen baitu Elizak. “Ez genuke ordaindu behar, ordea, nahikoa pagatu dugulako jada: ez dugu ahaztu behar gobernuarena denon dirua dela”, erran du plataformako presidente Carlos Armendarizek.

Plataformak gogoratu du, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak ebazpena onartu zuela iaz, Elizak beretzat hartutako eraikinen inguruan. Onartutako testuak dio parlamentuak gobernuari eskatzen diola azter dezala Elizak immatrikulatutako ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko bere politika; helburua da lanak ordaintzeko kontuan hartzea lanek eragindako herrien interesak eta ondarearen segurtasuna.

Sanzoilo, hondatuta

Tuterako katedralean ere “diru publiko anitz” gastatu dela azaldu du Armendarizek. Bitartean, ordea, Elizak bere esku hartu ez dituen bertze hamaika eraikin “galtzeko zorian” direla salatu du plataformako kideak. Casedako Sanzoilo baseliza jarri du adibide. “Eraikin ederra da, baina galtzeko arriskuan dago. Herriarena da eliza”.

Uxueko baselizaren kasua bertzelakoa da. “Eraikina konpontzeko lanak gobernuak ordaindu ditu; giltza, ordea, Elizaren esku dago”. Egoera hori salatu du Armendarizek: “Ezin dugu onartu lanak gobernuak ordaintzea, eta Elizak kudeatzea eraikin horiek nork eta nola bisitatzen dituen. Haiek dute giltza, eta, nahi ez badute, gu ezin gara han sartu”, nabarmendu du Ondarearen Defentsarako Plataformako presidenteak.