“Edukiz bete nahi dugu espazioa, eta jendeari helarazi horren berri”

“Edukiz bete nahi dugu espazioa, eta jendeari helarazi horren berri”

Edurne Elizondo

Asun Maestro (Faltzes, 1960) 2015etik da Nafarroako liburutegien zerbitzuko buru. Anitzez lehenago hasi zen esparru horretan lanean, herriko liburutegian. Orain, duela zazpi urte zabaldu zuten Nafarroako Liburutegi Nagusiaren egoitza du lantoki. Espazio zabala da, baina haren jarduera, oraindik ere, ez Maestrok nahi bezain ikusgarri.

2015eko irailetik zara liburutegien zerbitzuko buru. Noiztik ari zara arlo horretan lanean?

Duela 34 urte hasi nintzen. 1984an hasi nintzen Faltzesen, herriko liburutegian. Handik etorri nintzen Iruñera. Orduan ez zegoen egun dagoen egitura; zabalduz joan da. Ez dakit herritarrak eta liburuak gertu ditugulako edo zergatik den, baina uste dut liburutegietan ari garenok benetako afizio dugula ofizioa. Irakurketaren militante bilakatzen gara.

Liburutegi guztien ardura duzu orain. Erran duzu Nafarroako Liburutegi Nagusiaren arazo nagusietako bat dela ikusgarritasunik eza. Zer erran nahi duzu?

Erran nahi dut uste dugula herritarrek ez dutela egiten duguna ezagutzen. Ez da bakarrik liburutegi nagusiaren arazo bat. Oro har gertatzen da. Urtean 2.500 ekinaldi baino gehiago ari gara egiten, baina herritarrek ez dute ezagutzen, oraindik ere, egiten dugun lan guztia.

Liburutegi nagusiaren kasuan, espazioa zabala eta handia da, baina agerian utzi izan dituzu kultura ekinaldiak antolatzeko dituzuen zailtasunak. Zer dela eta?

Eraikin handia da, eta espazio zabalak ditugu. Kontua da eraikina egin zutela funtsa gordetzeko, eta irakurtzeko, edo ikertzeko erabiltzeko. Kulturarekin lotutako ekinaldiak antolatzeko espazioak falta dira, ez zitzaion horri lehentasuna eman. Guretzat liburutegia topaketarako gune bat da, eta behar ditugu kultura ekinaldiak antolatzeko espazioak. Espazio horiek atontzeko moduak bilatzen ari gara, eta, aldi berean, antolatzen ditugun ekinaldien berri zabaltzen ahalegintzen ari gara.

Liburutegi nagusia hiriko erdigunetik urrun da. Horrek eragiten dio?

Egia da erdigunetik nahiko genukeen baino urrutiago dagoela. Hiriko mugan dago, eta hori ahulgune bat da. Gure lana da horri buelta ematea. Dagoen tokitik ezin dugu mugitu, beraz, balia dezagun duguna ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Zazpi urte bete berri ditugu. Gure helburua da dugun espazioa edukiz betetzea, eta herritarrei helaraztea eduki horren berri.

Liburutegien jardueran zer eragin dute teknologia berriek? Zein neurritan aldatu dute liburutegiak erabiltzeko modua?

Teknologiak eman digu aukera, 1996. urtetik, prozesuak automatizatzeko. Liburutegiek, gainera, partekatzen dute informazioa; nahikoa da, adibidez, batek agiri bati buruzko azalpena automatizatzea, denek informazio hori jaso ahal izateko. Mailegu zerbitzua ere automatizatu dugu, eta orain, txartel bakar batekin, herrialdeko liburutegi guztietan sar zaitezke. Hori ez zen gertatzen duela hamar urte. Liburu funtsaren digitalizazioaren esparruan ere ari gara lan egiten. Horrek aukera ematen du edozein tokitatik liburu horiek erabiltzeko. Errazagoa da erabiltzea, bai eta zaintzea ere.

Baina maileguen esparruan, adibidez, liburu elektronikoak ez dizue eragin?

Bai. Eragin hori sumatu dugu, behera egin dute maileguek. Uste dut jendea oraindik ez dela jabetzen kopia pirata egiteak ekartzen duen kalteaz.

Parlamentuko Kultura Batzordeko kideen bisitan lantaldea handitzeko beharra nabarmendu zenuen. Langileak faltan dira?

Aspalditik datorren arazo bat da hori, eta agerian utzi nuen kargu hau hartu aurretik ere, Nafarroako Liburuzainen Elkarteko kide gisa. Betiko eskaera da hori. Liburutegi publikoek badute hezkuntzaren eta kulturaren esparruan eragiteko gaitasun handia, baina ez dugu dena aprobetxatzen. Niretzat oinarrizko zerbitzu bat eskaintzen dute liburutegiek. Falta dira langileak liburutegien zerbitzu osoan. Nafarroan 93 daude, liburutegi nagusiaz gain, eta haietako %82tan pertsona bakarra ari da lanean. Arazoa larria da liburutegi nagusian ere. 20.000 metro koadro ditu, eta 24 pertsona ari dira lanean. Liburutegia San Frantzisko plazan zegoen garaiko kopuru bera da. Ez da nahikoa.

Ez dago lantaldea handitzeko aukerarik edo asmorik?

Arazoa agerikoa da, baina konponbidea ez da erraza. Administrazioan ari diren langileen kopurua handitzeko arauak hagitz zurrunak dira. Guk lantaldea handitzeko eskatzen jarraituko dugu.

Espazioarekin ere arazoak dituzue?

Bai. Filmotekarekin partekatzen dugu 180 eserleku dituen areto nagusia, baina aukerarik ez dugu tamaina txikiagoko jarduerak antolatzeko, edo erabiltzaileei biltzeko tamaina txikiko aretoak emateko. Kontua da eraikin hau dugula, eta guk ahalik eta etekinik handiena atera nahi diogula. Aprobetxatu nahi dugu duguna.

Liburutegi nagusia da larunbatetan zabalik den bakarra. Horrek are larriago bilakatzen du espazio faltaren arazoa?

Espazioarekin lotutako arazoa areagotzen da. Lotura zuzena du, noski, lantaldean ditugun mugekin. Larunbatetan agerian gelditzen da espazio gehiago behar dugula. Kontua da bertze liburutegiak ezin direla zabaldu lantaldea ez delako nahikoa. Larunbatetan ilarak izaten ditugu guk liburutegi nagusian.

Parlamentarien aurrean erronka nagusitzat jo zenuen erreferente bilakatzea. Nola lor daiteke hori?

Kargua hartu nuenean, argi nuen plan bat behar genuela legegintzaldirako, lan ildo nagusiak zehaztu behar genituela. Horixe egin genuen. Helburuetako bat da erreferente bilakatzea liburutegi nagusia. 300.000 dokumentu ditu, eta milioi bat hartzeko gaitasuna du. Helburu hartu ditugun ildoetako bat izan da hemeroteka bultzatzea eta sendotzea. Bertze bat da bideo-jokoena. Nerabeak erakarri nahi ditugu ildo horren bidez. Zaila izan da beti nerabeak erakartzea, eta teknologia berriekin are zailagoa. Jardueren esparruan ere egin nahi ditugu urratsak. Argi utzi nahi dut ez nagoela ni bakarrik lanean, lantalde bat dudala ondoan, eta, batez ere, zazpi pertsona zuzendaritzan nirekin elkarlanean: Fernando Ros, Amaia Prado, Clara Flamarique, Anabel Olaso, Jesus Arana, Josean Gomez eta Juantxo Elizari, hain zuzen ere.

Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan da. Ontzat jotzen duzu orain arte egin duzuen bidea?

Zaila da egindako lanaren balorazio bat egitea. Nik erran nahi dudana da orain arteko lana izan dela bizia. Eta gure asmoa izan dela urrats sendoak egitea. Hori da gure lehentasuna, urrats sendoak egitea, gero etorriko direnek atzera ez egiteko, berriz ere.