Ane Eslava
Zazpi dira; emakumeak, Nafarroako erdialdekoak, eta hainbat belaunalditakoak. Marina Aoizek, Oihane Anduezak, Blanca Eslabak, Pilar Alcoleak, Isabel Hualdek, Leire Olkotzek eta Tasus Burgetek sormen poetikoa eta naturarekiko gertutasuna partekatzen dituzte. Hainbat proiektutan elkarlanean aritu dira, eta oraingoan, haien olerkiak biltzen dituen liburu bat kaleratu dute: En voz alta. Nosotras, poetas de la Zona Media. Hilaren 12an Iruñeko Kondestablearen jauregian aurkeztuko dute.
Egitasmoak 2016ko udan du jatorria. Isabel Hualdek Reconstrucciones poesia liburua publikatu zuen, Iruñeko beste bost idazleren partaidetzarekin. Lanak harrera ona izan zuen, eta Hualderi egokia iruditu zitzaion antzeko proiektu bat sortzea, Nafarroako erdialdeko emakumeen ahotsak ezagutzera emateko. “Poesiari lotutako hainbat esperientziatatik ezagutzen nituen emakumeei proposamena egin nien, eta guztiak parte hartzeko prest agertu ziren”, azaldu du. Urte eta erdiko lanaren ostean, liburua argitara eraman dute.
Zazpi pasartetan banatuta dago, idazle bakoitzeko bat; eta 55 olerkik eta egileen biografia laburrek osatzen dute. Testuetan hainbat gai errepikatzen dira: bakardadea eta maitasuna; pobrezia eta arazo sozialak; bidaiak; hiriak eta paisaiak; genero berdintasuna… Idazleek, oro har, bertso librean idatzi dute, eta bertso laburrak eta luzeak tartekatu dituzte.
Hitzaurrearen egilea Consuelo Allue NUPeko irakaslea da, eta lana “errealista, aldarrikatzailea, filosofiko-existentzialista, ez zikina, ez estetizista eta positibo” gisa definitu du. “Poeta guztiek bat egiten dute bi ezaugarritan: literatura dute bidaide, eta bizitzarekiko jarrera baikorra dute”.
Liburuaren ilustrazioak Asun Eslaba marrazkilariak egin ditu. Azaldu duenez, Irunberriko inguruan egiten dituen ibilaldiak izan ohi dira haren inspirazio iturri nagusia. “Mendian ikusten ditudan landareek, zomorroek, harrietako marrazkiek… barne bidaia batera eramaten naute; ondoren, marrazki bakoitzean, pentsamendu horiek birsortzen ditut”. Oraingoan ere, pasealdi horietako hausnarketak eraman ditu paperera.
Liburu osoa gaztelaniaz idatzita egon arren, Iñaki Bastarrikak hiru olerki euskaratu ditu: Alcolearen Un día de regalo, Eslabaren Anorexia eta Aoizen Palabra Viva. Ez dute erabaki lan osoaren itzulpena egingo duten, oraindik aurkezpen prozesuan murgildurik baitaude; baina ez dute aukera baztertzen. Dagoeneko egileen herri guztietan aurkeztu dute liburua: Tafallan, Ledean, Irunberrin eta Oibarren. Amaitzeko, hilaren 12an Iruñeko Kondestablearen jauregira eramango dute. Ledeako eta Irunberriko aurkezpenak bereziak izan ziren, martxoaren 8an egin zituztelako; Emakumeen Egunean. Errezitaletan, liburuaren egileez gain, herri horietako emakumeek parte hartu zuten. Historiak ahazturiko emakumeak aipatu zituzten, eta berdintasunaren aldeko aldarrikapen anitz egin zituzten.
Orain arte jasotako erantzuna ikusita, haien helburua lortu dutela uste dute egileek. “Egindako lana gure herrietako bizilagunei helarazi nahi genien, eta aurkezpen guztiak arrakastatsuak izan dira; hortaz, nahi genuen tokira heldu gara”, adierazi du Anduezak. Liburu hau haien lanari zabalkundea emateko baliagarria izan dela gaineratu du Alcoleak. Horrez gain, egileen arteko elkarlana “oso aberasgarria” izan dela eta lanari “indarra eta irmotasuna” eman diola esan du. “Ni oso babestuta eta eskertuta sentitu naiz”.
Ostegun poetikoak
Liburuaren egileek partekatzen dituzten espazioen artean dago Irunberriko Ostegun poetikoak saioa. 2013an, Hualdek, hainbat kiderekin batera, Conlalunaporsombrero taldea sortu zuen, Irunberriko inguruan poesia zabaltzeko xedez. Eskualdeko olerkariak poesia emanaldiak egiten hasi ziren, hilean behin, Saira tabernan. Poeta bat elkarrizketatu ondoren, haren olerkiak errezitatzen zituzten, zuzeneko musikaz lagunduta.
Ondoren, 2015ean, Eslabak hartu zuen Hualderen lekukoa, eta saioa zabaltzea erabaki zuen, herriko jendearen partaidetza bultzatzeko. Denborarekin, ekimenak indarra hartu du eta herrian finkatu da. Gainera, hainbat sail gehitu dituzte: publikoaren irakurketak, margolanen erakusketak, musika emanaldiak eta Carlos Zozaia bizilagunak gidatzen duen poesia musikatua. Jendearen erantzuna oso positiboa izan dela azpimarratu du Eslabak: “Poztasun handia jaso dugu”. Aurrera begira, egitasmoa garatzen eta ekintza berriak sortzen jarraituko dute, poesiarenganako grina zabaltzen jarraitzeko.