Falta zen begirada

Edurne Elizondo

Auguste Rodinen ikaslea; haren bikotekidea; buruko gaitza zuen emakumea. Anitz idatzi da Camille Claudeli buruz, baina gutxitan nabarmendu da lehen mailako eskultorea izan zela; gutxitan erran da sen bizi eta bereziko artista izan zela; Rodinengandik ikasi, baina Rodini irakatsi eta eragin ziola; Claudelek eginak zirela, adibidez, Rodinek sinatutako figura anitzen eskuak eta oinak. Gizona zen Rodin; emakumea Claudel. Emakume eta artista. Ahaztua. Isildua.

Psikiatriko batean hartu zuen heriotzak Claudel (1864-1943), familiak eta munduak abandonatuta. “Inpresionismoaren eskultore nabarmenenetako bat izan zen, ordea”. Fermin Alvira margolariarenak dira hitzak. Lizarrako Gustavo Maeztu museora eraman du artista frantziarraren lana, artearen historiak ahaztutako emakume sortzaileen lanari buruz egindako tailerraren eskutik. Hilaren 7an egin zuen lehen saioa, eta 28koa izanen da azkena. “Duten balioa aitortu nahi diegu emakume artistei; beren garaian nabarmendu zirenak ere ahanzturara kondenatu baititu historiak”.

“Biziki interesgarria da emakumeon guztion lana”. Horixe erran dute Alviraren azken saioan parte hartu dutenek, behin eta berriz. Ekinaldiak hagitz harrera ona izan du Lizarrako herritarren artean. XVI. mendean jaiotako Sofonisba Anguissola, Artemisia Gentileschi eta Clara Peeters ezagutu zituzten hilaren 7ko lehen saioan; bigarrenean, berriz, Camille Claudel, Mary Cassatt eta Berthe Morisot artista inpresionisten berri jaso dute. Biharkoan, emakume abangoardistak jorratuko ditu Alvirak, tartean Maria Blanchard eta Natalia Gontxarova. Azken saioan, berriz, emakumeek egindako arte garaikide eta kontzeptualari eginen dio so margolariak.

Bide gogorra

Emakume gehienentzat itxiak ziren ateak ireki zitzaizkion Camille Claudeli: Parisko Arte Ederretako eskolarenak, alegia. Artistaren eskulturarako trebezia apartaz jabetu ziren erakunde horretako arduradunak. Ezetz erran zien, ordea, Claudelek. Eskola bazter utzi, eta Auguste Rodinen ikasle izatea erabaki zuen. Hamar urtez egon ziren elkarrekin, eta, denbora horretan, Rodinen lanik nabarmen eta ospetsuenen sortze prozesuan parte hartu zuen Claudelek, bertzeak bertze Infernuko atea ezagunean.

“Bizitza gogorra izan zuen, gorabeheraz betetakoa; Rodinekin izan zuen harremana ere halakoa izan zen; horrek guztiak badu isla haren obran”, azaldu du Alvirak. Rodinen bustoa egin zuen 1889an; 1903an, berriz, Balsa edo Bals dantzariak. Lan horretan bikote bat ageri da; goiko aldea zehaztasunez egin zuen Claudelek; behekoa, berriz, ukitu gabeko harria balitz bezala utzi zuen artistak.

Gizakien figurari erreparatu zion Claudelek bere obretan; inpresionismoak egin zion so gizakiari, oro har. Ez bakarrik paisaiei edo naturari. Mary Cassatt eta Berthe Morisot margolarien obren artean ere anitz dira gizakiaren figura lantzen dutenak.

Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen Cassatt (1844-1926), baina Parisko Louvre museoko lanei so trebatu zen pinturaren arloan. Hura izan zen bere benetako eskola. Gainera, Edgar Degas margolaria izan zuen lagun eta bultzatzaile. Cassatt ez zen ezkondu, eta ez zuen seme-alabarik izan; bere lanetan, halere, maiz agertu ziren haurrak besoetan zituzten emakumeak. Breakfast in bed lana da gai hori jorratzen duten obren adibide. 1882an Lydia ahizpa galdu zuen Mary Cassattek, eta depresioak hartu zuen. Behera egin zuen, nabarmen, haren lanen kopuruak.

Familia burges bateko kide izan zen Cassatt; Berthe Morisot ere bai (1841-1895). Horrek lagundu zien artearen munduan bide bat egiten. Dirurik eta baliabiderik ez zutenentzat talentua ez baitzen nahikoa. Morisotek, gainera, familiaren babesa izan zuen. Zituen gaitasunez jabetu, eta bultzatu zuten artearen munduan murgiltzera.

Morisot Eugene Manetekin ezkondu zen. 1892an zendu zen Manet, eta hamahiru urteko alabarekin bakarrik gelditu zen Morisot. Margolaria 1895ean zendu zen, eta alaba Edgar Degasen babespean gelditu zen. “Gazte hil zen; artearen esparruan, halere, arrakastaz betetako bidea egin zuen. Margolari inpresionisten erakusketa guztietan parte hartu zuen”, nabarmendu du Fermin Alvirak. Emakume inpresionistek beren obrak utzi dituzte. Historiak ahaztutako arrasto sakona.

Irudia: Allie_Caufield