“Animaliak eta zuri ez direnak gelditzen dira ‘bertzeen’ esparruan”

“Animaliak eta zuri ez direnak gelditzen dira ‘bertzeen’ esparruan”

Edurne Elizondo

Arau hegemonikotik kanpo gelditzen diren gorputzak izendatzeko beharra nabarmendu du Lucrecia Massonek (Ombucta, Argentina, 1981). Bertze horiek animalien pare jarri izan dituztela salatu, eta arrazakeriaren aurkako diskurtso eta jarrera dekolonialak eskatu ditu.

Epistemología rumiante lana egin duzu. Behiei egin diezu so, arautik kanpo dagoen horren metafora bilakatzeko. Zergatik?

Memoriarekin lotutako gogoeta bat da, neurri batean. Nire bizipenekin lotutako memoria, hain zuzen ere. Batetik, animaliokin harreman estua izan dut, haurtzaroan behiak izan ditudalako inguruan. Nire egunerokotasunaren parte izan dira. Bertzetik, behi hitza erabili izan da irain gisa, gorputz lodiak iraintzeko. Behi, edo bertze hainbat animaliaren izenak erabili izan dira horretarako; animalien kategorian kokatzen dira iraindu nahi diren horiek. Horri buruz Frantz Fanonek erraten duena interesgarria da: bestiarioa dela kolonoak kolonizatua iraintzeko erabiltzen duen hizkera.

Behi hitzari eman zaion zentzu negatibo horri buelta eman nahi diozu?

Bai. Behi erran didate irain gisa, eta nik hitz hori erabili nahi dut, aldarrikatu. Are gehiago, nabarmendu nahi dut behiek badutela nirekin ikustekorik. Mantso mugitzen dira. Bolumen handia dute, eta erritmo mantsoa. Finean, denbora bizitzeko bertze modu bat da egungo erritmo biziko gizartean.

Fanonen hitzak aipatu dituzu. Animaliekin dugun harremana ikuspuntu dekolonial batetik jorratzea interesatzen zaizu?

Kontua da momentu batean naturaren eta kulturaren arteko bereizketa argia ezartzen dela, eta naturaren esparru horretan sartzen da basatia dena; bertzea, alegia. Eta bertze horien artean sartzen dira animaliak, baina baita pertsona arrazializatuak ere. Zuriekin lotutako mundua dago kulturaren eta arrazionalaren esparruan, eta bertzeak direnen esparruan gelditzen dira animaliak eta zuri ez direnak. Naturaren eta basatia denaren tokian gelditzen dira, etxekotu egin behar den horren tokian, alegia.

Natura-kultura binomioa aipatu duzu. Horrekin lotuta, Guatemalako soziologo Emma Chirixen lana nabarmendu izan duzu, bertzelako binomioak eta horiek apurtzeko beharra jartzen duelako mahai gainean. Feminismo europar eta zuritik kontuan hartzen ez diren binomioak dira?

Ezkutuan gelditzen dira. Gizon-emakume binomioa apurtzeko beharraz hitz egiten da hemengo feminismoan, anitzetan, baina badaude bertzelakoak, adibidez, basati-zibilizatu binomioa. Binomio horiek agerian uzten dute ordena kolonialaren pentsatzeko modua. Horregatik, gizakion eta animalien arteko harremanak edo genero harremanak birpentsatzeko, feminismotik, beharrezkoa da haien inguruko gogoeta bat abiatzea arrazakeriaren aurkako ikuspuntu batetik, ikuspuntu dekolonial batetik. Aztertu eta jabetu behar dugu ikasitako gauzez, eta bertzeen esparru horretan sartu ditugun bertze errealitateez.

Bertze horiei so egiteko ordua da?

Bai. Niretzat feminismoak ez du balio arrazakeriaren aurkakoa ez bada; antiespezismoak ez du balio arrazakeriaren aurkakoa ez bada.

Zuriekin lotutako ereduak nagusi dira, oraindik ere, mugimendu anitzetan, ordea?

Bai, hala da. Antiespezismoaren esparruan, adibidez, iruditzen zait mendebaldeak ezinbertzean onartu behar duela animaliekin zapalkuntza harreman bat baduela, eta mendebaldeak berezkoa duela harreman hori. Hori onartzeko eta horren ardura hartzeko ordua dela uste dut, zapalkuntza hori bazter utzi ahal izateko. Baina uste dut garrantzitsua dela onartzea zapalkuntza mota hori mendebaldeak sortu duela, mesede egiten diolako. Azkenean, zuriek sortutako eredu horiek zuriei egiten diete mesede. Antiespezista zuriek hori aztertu behar dute; bertzela, haien diskurtsoek zilegitasuna galtzen dute. Badira, gainera, bertzelako diskurtsoak.

Zein nabarmenduko zenuke?

Lolita Chavez, adibidez. Guatemalako ekintzaile eta pentsalari kitxe bat da. Uraren aldeko borroketan murgilduta dago erabat, eta mehatxuak ere jaso ditu jarduera horren ondorioz. Chavez Bartzelonara gonbidatu zuten behin, ingurumenaren eguna ospatzeko ekinaldi batera. Berak argi utzi zuen ez dagoela gizakion eta naturaren arteko bitartekaririk, mundua ulertzeko bere moduaren arabera. Nabarmendu zuen ezerk ez duela mozten ibaiarekin duen lotura, bera ez dela ibaia baino garrantzitsuagoa, animaliak baino garrantzitsuagoa. Ideia hori erabat antiespezista iruditzen zait.

Zubiak eraiki behar dira?

Bai. Aliantzak eta bat egiteko guneak sortu behar ditugu.

Arautik kanpo gelditzen diren bertze horiek aitortzeko aliantzak?

Bada behar bat nork bere burua izendatzeko, aipatzeko, gertatzen zaiguna azaltzeko. Ahalmen politiko handi bat dago hor, eta aipatu egin behar dugu. Kontuan hartu behar dugu, halere, ez dagoela modu bakarra politika egitea zer den ulertzeko. Nagusi den eredua hagitz maskulinoa izan daiteke, ekintzarekin hagitz lotua. Baina badaude ekintza politikoa egiten duten bertzelako gorputzak.

Bertzelako gorputzak, bai eta bertzelako buruak ere?

Bai, zalantzarik gabe. Behiaren mantso mugitzeko modua aipatu dut, eta horrekin lotu nahi dut ekintza politiko hori. Badira mantso mugitzen diren gorputzak, baina horrek ez du erran nahi politika egiteko gai ez direnik. Bertzelako gorputz batzuek zaurgarritasunetik aldarrikatzen dute beren burua. Zaurgarritasun horrekin identifikatzen dira, eta hortik egiten dute politika. Politika egiten dute, halaber, bertze modu batera funtzionatzen duen burua dutenek.

Feminismotik edo transfeminismotik ari dira bertze modu horiek aintzat hartzen, bertze subjektu politikoak kontuan hartzen?

Nire esperientziatik abiatuta, aniztasun funtzionala dutenekin egin dudan lanetik abiatuta, adibidez, iruditzen zait kosta egiten zaigula guri, baina haiei ere bai. Aniztasun funtzionala dutenek erran izan didate, adibidez, ez zutela bat egiten mugimendu feministak egindako ekinaldiekin, ez aulkiarekin mugitzeko neurriak hartzen ez zituztelako, baizik eta erraten zutena ez zitzaielako interesatzen, ez zutelako sentitzen haiei buruz hitz egiten ari zirela. Denon lana da, nire ustez, aliantza horiek sortzea. Ari gara urratsak egiten, nire ustez. Iruditzen zait azken bospasei urteotan hasi garela arauekin eta nagusi diren ereduekin bat egiten ez duten gorputzei buruz hitz egiten. Lanean jarraitu behar dugu.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku