Sindikatuek ere parte hartu nahi dute Nafarroako Haur Eskolen Sarea sortzeko foru legearen negoziazioan

Sindikatuek ere parte hartu nahi dute Nafarroako Haur Eskolen Sarea sortzeko foru legearen negoziazioan

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak urriaren 5ean jakinarazi zuen Nafarroako Haur Eskolen Sarea sortu nahi duela, foru lege proiektu bat bultzatuz; eta iragarpen hori ez da oharkabean igaro LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuentzat. «Eskatzen dugu hasieratik parte hartzea foru lege proiektu horren negoziazioan, Haur Hezkuntzako 0-3 zikloko langileen ordezkari sindikalak garen heinean», adierazi dute. Besteak beste, «lan mahai bat» eratzeko eskatu dute.

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak plazaratutako albistearen seigarren paragrafoari heldu diote sindikatuek, haien eskaera arrazoitzeko. «Hezkuntza Departamentuak lan egingo du foru lege horretan, tokiko erakundeen, erakunde sindikalen eta inplikatutako eragileen parte hartzearekin, segurtasun juridikoa, jasangarritasun ekonomikoa eta alde guztientzako bermeak eskainiko dituen eredua lortzeko helburuarekin», aipatzen zuten iragarpenean.

Foru agintarien asmoa da 0-3 zikloko haur eskola publiko guztiak «integratzea» sare berean, Nafarroako Gobernuak «zuzenean» kudeatuta. Bide batez, udal titulartasuneko haur eskolak «borondatez eta pixkanaka integratzeko» prozedura abiatu nahi dute, «hura indarrean sartzean».

«Eskatzen dugu hasieratik parte hartzea foru lege proiektu horren negoziazioan, Haur Hezkuntzako 0-3 zikloko langileen ordezkari sindikalak garen heinean»

LAB, ELA, STEILAS, CCOO ETA UGT SINDIKATUAK

«Helburua da etapa honen izaera guztiz hezitzailea sendotzea, haurrentzako arretaren kalitatea indartzea eta eskaintza publikoa, doakoa, inklusiboa eta unibertsala bermatzea foru komunitate osoan, familien bizilekua edozein dela ere», esplikatu zuten agintariek.

2024ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen Haur Hezkuntzako 0-3 zikloa doakoa izango zela Nafarroako haur eskolen sare publikoan, familia guztientzat, 2024-2025 ikasturtetik aurrera. Bada, haien hitzetan, foru lege horrek jarraituko luke sare publiko bat bermatzen, «foru sarean sartzen diren udalentzako eta udal haur eskoletako profesionalentzako bermeekin»: «Hori guztia hezkuntza eredu homogeneoagoa eta inklusiboagoa eratzeko, ikastetxeen koordinazioa hobetuz eta zerbitzua emateko baldintzetan homogeneotasun handiagoa bultzatuz, herri bakoitzaren berezitasunak ahaztu gabe».

Lan gatazka

Eredu horrek hainbat alderdi jorratuko lituzke, hala nola hezkuntza eskaintzaren plangintza, ratioak, giza baliabideak, laguntza espezializatuak, zerbitzu osagarriak eta aniztasunarekiko arreta. «Kontuan hartuko ditu, halaber, landaguneen, biztanle gutxiko udalerrien eta kalteberatasun egoeran dauden familien behar espezifikoak», gehitu zuten.

Hain zuzen, alderdi gehienetan —guztietan ez esatearren— dagoen desadostasuna da oraingoz bizi-bizi mantentzen duena sindikatuen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko gatazka. Laugarrenez, lanuzte partzialak egin zituzten herenegun Nafarroako Gobernuaren menpeko haur eskoletan, lan baldintza hobeak eskatzeko.

«Funtzio Publikoko eta Hezkuntzako departamentuek ez dute negoziatu nahi. Elkarrizketarako borondaterik ez dagoenez, langileek lanuzte egunekin jarraitzen dute», adierazi zuten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, ohar batean. Asteartero egiten dituzte lanuzteak, eta protesta koska bat harago eramateko prest dira langileak: Hezkuntzako mahai sektorialean gehiengoa duten sindikatuek iragarri dutenez, «grebara» joko dute aurki, Nafarroako Gobernuaren jokabidea aldatzen ez bada.