Antzerkiaren hiriburu

Antzerkiaren hiriburu

Edurne Elizondo

Iaz hasitako bidetik eginen du aurrera Erriberriko Antzerki Jaialdiak. Gaur hasiko da, eta, abuztuaren 4ra bitarte, herria kulturaren hiriburu bilakatuko du. Luis Jimenezek hartu zuen iaz jaialdiko zuzendaritza artistikoaren ardura, eta aurten ere haren esku egon da programa osatzeko lana. Jimenezek “zabaldu” egin nahi izan du eskaintza, hain zuzen ere, eta nazioarteko proposamenei egin die so. Antzerki klasikoaren oinarria galdu gabe, oholtza gaineko garai eta molde guztiak hartu nahi izan ditu kontuan, “nazioarteko erreferentziazko antzerki jaialdi” bilakatzeko.

“Izan dadila antzerkiaren besta handia”, erran du Luis Jimenezek, gaur hasiko den Erriberriko Antzerki Jaialdiari buruz. Zehaztu du batez ere publikoa izan duela kontuan programazioa osatzerakoan. Abiapuntu horretatik, “gogoeta kritikoa” jo du helburu nagusitzat. Azken urteotan gora egin du Erriberrira jo duen ikusleen kopuruak. 2016an, 3.200 sarrera saldu zituzten; iaz, berriz, 4.500.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok, berriz, Erriberriko jaialdiak herrialdeko kulturaren sektorearentzat duen garrantzia nabarmendu du ekinaldia hasi aurretik. “Sektore horren alde egin du apustu gobernuak, argi eta garbi, jaialdi honen bidez”, erran du.

Testu poetikoak izenburuko atalerako, hain zuzen ere, Nafarroako lau antzezlan hautatu dituzte, datozen egunotan Erriberrin aurkezteko: Como las cenizas por el fuego, Iralei Teatro konpainiarena; Polvo serán… mas polvo enamorado, La Nave taldearena; Tres tristes tigresas, Atikusena, eta, azkenik, Montse Zabalza eta Peio Otanoren La trovairitz Beatriz de día. Ziklotik at, bosgarren testu nafar bat aukeratu dute antolatzaileek, gainera: Bandada de amores en Rock y Versos, En Rumbo Teatro konpainiarena. Musika eta poesia uztartzen ditu lan horrek.

Kultura departamentuak nabarmendu du Erriberriko Antzerki Jaialdiaren bidez bertze “apustu” bat egin nahi izan duela: irisgarritasunarekin duen konpromisoaren aldekoa, alegia. Ondorioz, Cava espazioko funtzio guztietan lau toki gordeko dituzte mugitzeko gaitasuna mugatua duten pertsonentzat. Nafarroako Ezintasunen bat duten Pertsonen Ordezkarien Batzordearekin adostu dute, gainera, sarrerak merkeago eskuratu ahal izanen dituztela, taldean joanez gero. Entzumen arazoak dituztenentzat, berriz, bukle magnetikoa baliatuko dute soinua anplifikatzeko, uztailaren 29an Comedia Aquilana obra eskainiko dutenean, Cava espazioan bertan.

Zurro, aurtengo gonbidatua

Erriberriko Antzerki Jaialdiak gonbidatu berezi bat izanen du aurten: Sevillako (Espainia) Antzerki Eskolako Alfonso Zurro zuzendari artistikoa. Cava espazioan bi lan eskainiko ditu Zurrok: Luces de Bohemia eta Hamlet.

Jaialdiko egitarau nagusian, bertzeak bertze, Mexikoko Los Colochos konpainiak parte hartuko du, Mendoza izenburuko obrarekin. Argentinako Indigo Producciones taldeak, berriz, La Fiesta del Viejo eskainiko du jaialdian.

Thomas Jolly zuzendari frantziarra La Piccola Familia konpainiarekin ariko da Erriberrin. Arlequin poli par l’amour izeneko obra eskainiko du. Madrilgo Venezia Teatro konpainiak Moliereren Tartufo, el impostor aurkeztuko du. Nao d’Amores konpainiak, berriz, Espainiako Antzerki Klasikoko Konpainiarekin prestatutako Comedia Aquilana ekarriko du Erriberrira.

Laurentzi Producciones taldeak El hermano de Sancho eskainiko du, oholtza gainean, eta Jose Padilla zuzendariak, berriz, Gris/Mar aurkeztuko du. Egitarau nagusia ixteko, antolatzaileek dantza ikuskizun bat hautatu dute: Sara Caleroren Fandango Street, alegia.

Izanen da bertzerik, halere, Kultura departamentuak prestatutako jaialdian: karrikako antzerkia, dantza eta clown ikuskizun bat, bertzeak bertze. Erriberriko jaialdiak, gainera, Tafallan antolatutako ekinaldiak izanen ditu bere programaren osagarri, azken urteotan bezala.

Zehazki, hiru antzerki eskolak ikasketa amaierako lanak aurkeztuko dituzte herri horretako kulturgunean. Tartean izanen dira Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleak. Angelica Lidellen Eché mi corazón a freír en la sartén lana aurkeztuko dute. Nafarrekin batera izanen dira Tafallan Sevillako (Espainia) eta Bordeleko (Okzitania) antzerki eskoletako kideak.

Ikusleek izanen dute zer aukeratu, beraz, egunotan, oholtza handi bilakatutako Erriberrin. Kulturak herri horrekin hitzordua du urtero; aurten, hemeretzigarrenez.

Irudia: Nafarroako Gobernua