Erakutsi, babestu ahal izateko

Erakutsi, babestu ahal izateko

Edurne Elizondo

Babestu nahi dutena erakutsi, ezagutarazi. Horixe egin nahi dute Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek Lekarozen prestatu eta markatu dituzten bi ibilbideekin. Palacio de Arozteguia SL enpresak hirigintza eta turismo proiektu bat du herri horretan: 228 etxebizitza, spa bainuetxe bat, luxuzko jatetxe bat, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat egin nahi ditu. Egitasmo horrek hartuko lituzkeen lurrak zeharkatzen dituzte bi ibilbideek. Aukera eskaini nahi diete bisitariei eta hango herritarrei enpresarien proiektuak itxuraldatu nahi duen paisaia ezagutzeko.

240 biztanleko herria da Lekaroz. Aroztegiko proiektuak, beraz, paisaia baino gehiago eraldatuko luke. Horixe nabarmendu dute, behin eta berriz, Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek. Baztan osoko egungo bizimoduan izanen lukeela eragina proiektuak, gauzatuz gero. Baztan osoa aldatuko lukeela, alegia. “Lekarozko herriak eta baztandarrek hitz egin dute, eta proiektuaren aurka agertu dira”, nabarmendu du plataformako kide Jon Elizetxek.

Urteak dira Aroztegia eta gero zer? plataformako kideak lanean hasi zirela; eta Elizetxek argi du borroka luzea dela, oraindik ere, aurrean dutena. Argi erran nahi izan du, hala eta guztiz ere, “proiektua bertan behera uzteko garaiz” direla oraindik. “Egia da lanak edonoiz hasteko arriskua badela, baina ezin dugu ahaztu Aroztegiko egitasmoari buruzko hainbat auzi epaileen esku direla, oraindik ere”, gogorarazi du plataformako kideak.

Proiektuak ukituko lukeen eremuan dagoen baselizari buruzko auzia aipatu du Elizetxek, bertzeak bertze, Baztango Udalak erabaki baitu ikerketa abiaraztea, eraikin horren jabegoa norena den argitzeko. “Antza, Lekarozko herriarena izan daiteke”, azaldu du plataformako kideak. Epaileek bertze hainbat konturi buruz erabaki behar dutela erantsi du Elizetxek: “Lursailak berriz zatitzeko prozesuari buruzko helegitea epaileen esku da, adibidez”.

Nafarroako Gobernuak iazko abenduan onartu zuen Aroztegiko proiektua, behin betiko. Egitasmoak duela hamar urte egin zituen lehen urratsak. 2008ko otsailean, Palacio de Arozteguia SL enpresak proiektua aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, baina Landa Garapeneko Departamentuak ez zuen onartu udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa (UGEP) tramitatzea. 2009. urtean, jada, egitasmoaren aurka agertu ziren Lekarozko herritarrak, egin zuten kontsultaren bidez.

2013an, epaileek atzera bota zuten proiektua, baina pixka bat moldatu, eta berriz aurkeztea erabaki zuen enpresak. Bigarren horrek aurrera egitea lortu du. 2015ean, hain zuzen, UPNren aurreko gobernuak UGEP gisa tramitatzeko proposamena onetsi zuen, azkenean, agintea utzi aurretik. Gobernu berriak UGEPari segida ematea erabaki zuen, 2015eko abenduan; iazko abenduan, berriz, behin betiko onartu zuen.

“2015. urtean gobernu aldaketa gertatu zenean, ilusioz hartu genuen; hasieratik, ordea, ikusi genuen Geroa Bai tematuta dagoela Aroztegiko proiektuarekin”, salatu du Elizetxek. Gogoratu du laukoak akordio programatikoan jaso zuela Aroztegiko proiektuari buruzko eztabaida egiteko beharra, eta kritikatu du eztabaida hori gertatu ez izana.

“Geroa Baik nahi izan duena egin du”, gaineratu du. Gobernua babesten duten lau taldeen artean Geroa Bai da proiektuarekin bat egiten duen bakarra, hain zuzen ere; gobernuak, halere, proiektuak aurrera egiteko behar zituen urratsak egin ditu, orain arte.

“Aurreko gobernuak hasitako prozedura guztiei eman die segida egungoak; erabateko laguntza ematen ari zaio proiektuari”, salatu du Elizetxek. “Aldaketak ekarri du egoerak okerrera egitea”. Ez hori bakarrik. Elizetxek gaineratu du auzia “judizializatu” duen enpresa babesten ari dela gobernua. “Baztango aurreko eta oraingo alkateekin batera, bertze hainbat hautetsi eta plataformako hainbat kide ere auzitara eraman gaituzte. Gobernuak ez dio konponbide demokratikoa eman nahi auziari, eta inposizioaren alde egin du”, salatu du plataformako kideak.

Seinaleak eta QR kodeak

Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek eskuorriak egin dituzte prestatuak dituzten bi ibilbideen berri emateko. Baztango hainbat landa etxetan eta dendatan eskuratu daitezke, bai eta turismo bulegoan ere. Ibilbide motza 2,6 kilometro luze da. Lekarozko plazan hasi, eta toki berean amaitzen da. Ibilbide luzea, berriz, 6,6 kilometro luze da, eta Elizondoko Txokotoko zubian hasi eta hantxe amaitzen da.

Bideak markatu egin dituzte plataformako kideek, seinale txuri eta urdinak baliatuz. Gainera, QR kodeek aukera ematen dute sakelakoaren bidez ibilbidearen zehaztasun guztiak jasotzeko.

Aroztegia jauregia, inguruko hariztia eta bertze hainbat txoko ezagutu ahal izanen dituzte bisitariek ibilbideon bidez. “Herri lurrak eta bide publikoak daude, eta denak Aroztegiko proiektuaren esku utzi nahi dituzte”. Horren aurka ari dira Aroztegia eta gero zer? plataformako kideak lanean eta borrokan. “Eta lanean jarraituko dugu, herritarrei gertatzen ari denaren berri emanez. Proiektuak gelditzeko garaiz gara”, berretsi nahi izan du Elizetxek.