Geltoki bat elkartasunarentzat

Geltoki bat elkartasunarentzat

Edurne Elizondo

Iruindarrek 2007. urteko azaroan inauguratu zuten hiriko egungo autobus geltokia. Egun berean, Oliveto kondearen etorbideko eraikinak ateak itxi zituen. 1934. urtekoa da geltoki zaharra, baina espazio berri eta bizi bilakatu da, berriz ere, hamar urte luze joan eta gero, Geltoki Iruña elkartearen eskutik: garai bateko enpresen leihatilak zeuden eremuetan, eta bidaiariek autobusen zain egoteko baliatzen zituzten espazioetan, Geltoki izeneko proiektua jarri dute martxan, ekonomia solidarioa, kultura alternatiboak eta elikadura subiranotasuna sustatzeko asmoz.

“Mundu kapitalista batean sartuta gaude, hala da, baina herritarrei erakutsi nahi diegu badaudela beste bide eta modu batzuk”, nabarmendu du Geltokiko koordinatzaile eta programazio arduradun Katrin Ginea Mundiñanok. Horixe da Geltokiren helburua: kontsumitzaileak alternatiben bidetik gidatzea, alegia.

Ezohiko proposamena da Geltokik Iruñean egin duena; bai, behintzat, hiriburuan dauden merkataritza guneen moldeak kontuan hartuta. Nafarroako Gobernuak ontzat eman berri du, hain zuzen ere, Iruñeko Iturrama auzoan egin nahi duten azkena: 4.641 metro koadroko azpiegitura izanen da. Merkataritza gune bat, bulegoentzako eraikin bat eta hotela izanen ditu. Abenduan hastekoak dira lanak, gobernuaren oniritzia aldizkari ofizialean argitaratu eta gero.

Ez da hori Geltokik bultzatu nahi duen kontsumo eredua. “Bertakoa, sasoikoa, ekologikoa eta bidezko merkataritzakoa”. Horiek dira Geltokik nabarmendu nahi dituen ezaugarriak. Ekainaren 9an inauguratu zuten Iruñeko espazio berria. “Hiru aste baino ez genituen izan sanferminen aurretik”, azaldu du koordinatzaileak. Iruñeko besten zurrunbilotik atera eta gero, hain zuzen, proiektuaren ardatzak zehazteko unea dute oraingoa Geltokiko kideek, Ginea Mundiñanok nabarmendu duenez, eta “prest eta gogoz” direla erantsi du.

Ginea Mundiñano azarotik ari da Geltoki proiektuan lanean. Egitasmoa anitzez ere lehenago jarri zen martxan, halere. “Duela zazpi urte, Nafarroako REAS elkarteak proposatu zuen geltoki zaharreko espazioa ekonomia solidarioa bultzatzeko erabiltzea”, gogoratu du koordinatzaileak. PSNk aurkeztutako mozio baten bidez, proposamen hori Iruñeko Udalera ailegatu zen. Aurrera egin zuen, gainera, baina, onartu eta gero, tiradera batean gelditu zen. Orain arte. “Oraingo udalak agintea hartu zuenean, proiektua berriz ere mahai gainean jartzeko baliatu zuen aukera REAS elkarteak”. Eta bigarren honetan, bai, proiektua errealitate bilakatu dute.

900 metro koadro

Egungo Iruñeko Udalak 2016. urteko martxoan jaso zuen Geltoki proiektua garatzeko proposamena. Udalak espazioa atondu du, otsailetik maiatzera bitartean egindako obren bidez, eta ia 684.000 euroren inbertsioa eginda. Ekainaren 9ko inaugurazioan, hain zuzen, Geltoki hiriarentzat “espazio enblematikoa” dela erran zuen Patri Perales zinegotziak, eta herritar guztiak deitu zituen gune berria ezagutzera, “denen artean dinamika ezberdinak sortzeko”. Geltoki Iruña elkarteko buru Carlos Reyk, berriz, ekitaldi berean nabarmendu zuen “bat egiteko eta elkarlanean aritzeko espazio bat” izanen dela Geltoki.

Denera, 900 metro koadroko eremua hartu du. Geltoki Iruña elkartea da kudeaketaren arduraduna; erakunde hori izan da udalak antolatutako lehiaketara aurkeztutako bakarra. Zazpi urterako jaso du elkarteak udalaren kontzesioa. Honako hauek osatzen dute Geltoki Iruña: REAS elkarteak, Emausko Trapuketariek, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, EHNE sindikatuak eta Eskuz Landutako Jangaien Ekoizleen Elkarteak.

Geltokiko espazioan 11 langile ari dira lanean, lanaldi osoz, eta hamabigarrena, berriz, lanaldi erdiz. “Kooperatiba osatu dugu langileok”, azaldu du Ginea Mundiñanok. Tabernan, dendetan, komunikazio eta administrazio lanetan aritzen dira langileok, hain zuzen.

“Tabernan eta dendetan gure filosofiarekin bat egiten du gure jarduerak, eta bertako eta sasoiko produktu ekologikoen alde egiten dugu apustu, bai eta bidezko merkataritzakoen alde ere. Gure produktuek izen-abizenak dituzte”, azaldu du Ginea Mundiñanok. Elikadura denda da bat, eta bertzea, berriz, bigarren eskuko produktuena. “Dendek eta tabernak eusten diote proiektuari. Jarduera horiekin ordaintzen ditugu gure soldatak; denak dira berdinak, eta irabazi guztiak Geltoki proiektuko ardatzen aldeko lanera bideratzen dira”, erantsi du.

Ardatza, hain zuzen ere, kultura jarduerak dira. Eta haien helburua da Geltokik oinarri hartu duen ekonomia solidarioa bultzatzea, elikadura subiranotasunean urratsak egitea, eta kulturaren arloko alternatibak garatzea. Hori lortzeko, Geltoki Iruña elkarteko bazkideekin batera, bertze hamaika elkarteren eta eragileren parte hartzea sustatu nahi dute hiriburuko espazio berriko arduradunek.

“Kontzientzia sortzea da xedea, finean”, erran du Ginea Mundiñanok. Kontzientzia, batez ere, kontsumitzaile gisa herritarrek duten ardurari buruz. “Gakoa hori da, kontsumoa”, berretsi du Geltokiko koordinatzaileak. Kontsumoak arlo guztiak ukitzen dituela erantsi du, gainera: “Ez gara ari bakarrik egiten ditugun erosketez; ari gara telebistan ikusten dugunaz, erabiltzen dugun bankuaz edo gastatzen dugun energiaz”, zehaztu du. “Pertsonak jarri behar ditugu erdigunean”, gaineratu du.

Geltokik kapitalismoari ihes egiteko eta kontsumo modu etikoak bultzatzeko dauden aukerak jarri nahi ditu mahai gainean, arlo horietan guztietan. “Irailetik aurrera, gure ateak zabalik izanen dira parte hartu nahi duten elkarte eta eragileentzat; Fiare banku etikoko kideak, adibidez, asteartero etorriko dira, 17:00etatik 19:00etara. Eskaintza finko bat osatu nahi dugu, herritarrek nora jo jakin dezaten”.

Kontzientzia pizteko lan horretan haurrak protagonista izanen direla argi utzi du Geltokiko koordinatzaileak. “Guretzat haurrak oso inportanteak dira”. Geltokin haientzako liburutegia jarri dute, bai eta haiek erabiltzeko txokoa ere. Espazio horietan haurrentzako ekinaldi bereziak ere eginen dituzte. Haurrentzako liburutegiaz gain, helduentzako bertze bat ere bada Geltokin; biak Iruñeko Udalaren eskutik jarri dituzte martxan, Ginea Mundiñanok zehaztu nahi izan duenez.

Erreferentzia

“Erreferentzia izan nahi dugu; informazioa jasotzeko toki bat”. Horixe berretsi du Geltokiko koordinatzaileak. Oraingoz izan duten harrerarekin “oso kontent” dago. Tabernaren bidez, herritar anitzek ezagutu dute Geltoki jada, eta helburua hori da. “Jendea erakartzea, gure eskaintza ezagutzeko”. Hitzaldiak, musika emanaldiak, erakusketak, tailerrak eta bertze antolatu nahi dituzte, jardueron bidez kapitalismoari bizkarra eman nahi dioten alternatiben bidetik aurrera egiteko.

Ekainean, Alternatiben Herria egin zuten Iruñeko karriketan, eta Ginea Mundiñanok gogoratu du egun horretan argi gelditu zela alternatiba horiek “errealitate bat” direla: “Nafarroan bada jende anitz lanean”. Argitu nahi izan du Geltokik ez duela inor ordezkatu nahi. “Tokirik ez dutenei espazio bat eskaini nahi diegu, eta toki bat dutenei, berriz, beren lana gurean erakusteko aukera. Baina ez dugu inoren tokia bete nahi”, zehaztu du.

Iruñeko autobus geltoki zaharrak 2007. urtean itxi zituen ateak; orain, hamar urte luze joan eta gero, Geltokik ireki ditu bereak. Herritarrentzat zabalik dituela nabarmendu du Katrin Ginea Mundiñanok. Zain dira.