Nor Euskal Herria Antiespezista kolektiboak euskaraz eman nahi du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburua. Lana itzuli du, herritarren artean gizakiek bertze animaliekin duten harremanari buruz gogoeta bultzatzeko, euskaraz bultzatu ere. Liburuak Madrilgo Wings of Heart babeslekuko egunerokoa du hizpide; 300 animalia baino gehiago bizi dira han, guztiak haztegi edo hiltegietatik erreskatatutako norbanakoak. Aitor Garmendia-Tras Los Muros argazki kazetariak bi hilabete eman zituen animaliokin, eta esperientzia horren ondorio dira Aterpetuak liburuan jasotako irudiak eta testuak.
Nor kolektiboak ia 3.000 euro behar ditu Aterpetuak liburua herritarren esku jartzeko, eta, kopuru hori lortzeko, taldeak finantzaketa kolektiboa jarri du martxan. Igandetik dago abian, www.itsulapikoa.eus helbidean, eta urriaren 19ra bitarte izanen da liburua erosteko aukera. Irailean sortutako kolektiboa da Nor; helburu hartu du Euskal Herriko mugimendu antiespezista “sendotzea eta saretea”. Urrian ikerketa bat plazaratuko dutela iragarri dute, eta, azaroan, berriz, manifestaziora deituko dituztela herritarrak, Bilbora.
Euskarara itzulitako lehendabiziko liburu horren bidez, Nor taldeak erakutsi nahi du nolakoa den haztegietatik eta hiltegietatik salbatutako animaliei aterpe ematen dieten babeslekuen egunerokoa. Madrilgo Wings of Heart-en 300 animalia baino gehiago bizi dira, Laura Luengoren eta Edu Terrerren babespean; zenbait boluntarioren laguntza dute gizaki ez diren animalia guztien beharrak asetzeko.
Tras Los Muros argazki kazetariak 2014. urtean sinatu zuen lehen argazki erreportajea, Iruñeko sanferminei buruzkoa; geroztik, milaka irudi jaso eta zabaldu ditu hamaika herritan. 2017an, Matadero dokumentala plazaratu zuen, Mexikoko ia 60 hiltegitan ezkutuan egindako lana abiapuntu hartuta. Gainera, gai berari buruzko argazki sortarekin, Picture of The Year International sari ezaguna irabazi du 2018an, Zientzia eta historia naturala izenburuko kategorian. Refugiados liburuaren lehen edizioa 2015ean plazaratu zuen, Ochodoscuatro argitaletxearekin, eta bigarrena ere karrikan da.
Leave a Reply