Bidea eman nahi diote ibaiari

Bidea eman nahi diote ibaiari

Edurne Elizondo

Arga ez dago kontent. Gutuna helarazi die ibaiak iruindarrei, Urbiziko kide Fito Jimenezen bitartez, eta, batetik, onartu du Santa Engraziako presa bere urek “nahita” bota zutela neguan, eta, bertzetik, Iruñeko Udalari eskatu dio ez dezala konpon. Arga ibaiaren aldarriak bere egin ditu Iruñean sortutako Arga Bizirik plataformak. Oztoporik gabeko ibaia nahi dute, hirian Argak bere tokia eta bidea har dezan.

“Europan ibaietako oztopoak kentzen ari dira, oztopo horiek gabe ibaiek aurretik zituzten dinamiketara itzultzeko aukera dutelako; espazio bizi bilakatzen direlako, berriz ere”, azaldu du Arga Bizirik taldeko kide Daniel Garciak. Argak dituen oztopoetako bat, Santa Engraziako presa, alegia, ibaiak berak bota zuen behera, neurri batean, joan den neguan. Presaren erdian zulo bat eragin du uraren indarrak, eta, horren ondorioz, galdutako abiadura eta bizitasuna lortu ditu Argak, berriz ere. Arga Bizirik taldeko kideek argi dute presa dagoen bezala uztea dela ibaiak behar duena. Eta, esku hartuz gero, presa osorik botatzeko izan beharko lukeela.

Iruñeko Udalak, baina, bertzelako asmoak ditu. Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du presa konponduko dutela, “behin-behinean”. Asironek onartu du Argan egin beharrekoari buruz bi jarrera ezberdin eta argi daudela hirian: bat presa kentzearen aldekoa, oztopo artifiziala delako ibiarentzat, eta bertzea, berriz, presa behin betiko konpontzearen aldekoa, “hala behar delako hainbat jarduera egin ahal izateko”. Alkateak erabaki du erdiko bidetik egitea aurrera: behin-behinean konponduko du, aurrerantzean auziari buruzko “eztabaida sakon bat” egin eta behin betiko erabakiak hartu ahal izateko.

Asironek aipatutako jardueren kontua da Santa Engraziako presaren inguruko auziko gakoetako bat, Arga Bizirik plataformako kideek nabarmendu nahi izan dutenez. Izan ere, presa konpondu behar dela defendatzen dutenen artean nagusi da Nafarroako Arraun Elkartearen ahotsa. Presarik gabe, taldea “desagertu” eginen dela erran du elkarteko buru Alberto Garaikoetxeak, arraunean aritzeko bertze tokirik ez luketelako. Presa konpontzeko eskatu diote taldeko arduradunek Iruñeko Udalari, eta 5.000 sinadura inguru aurkeztu dituzte, eskaera horren alde.

Arga Bizirik taldeko kideek “zilegizkotzat” jo dute arraun elkarteak bere jarduera garatzen jarraitu nahi izatea. Konponbidearekin, halere, ez dira ados. “Sektore zehatz baten interesak ezin ditugu ibaiak behar duenaren gainetik jarri”, erran du Garciak.

Europak zehaztutako bidea

Arga Bizirik taldeak gogoratu ditu herrialdeko bertze hainbat presa kentzeko auzietan gertatutakoak. Beran, adibidez, San Martingo eta Endarlatsako presak kendu zituzten, 2016. urtean. Endarlatsakoaren kasuan, eztabaida piztu zuen proiektuak, arrantzaleek presari eutsi nahi ziotelako, izokinak harrapatzen jarraitu ahal izateko.

Europatik sustatutako Irekibai Life proiektuaren barruan kendu zituzten San Martingo eta Endarlatsako presak. Europan, hain zuzen ere, 2000. urtetik dago indarrean Uraren Zuzentaraua. Esparru horrek ekarri du herri anitzetan ibaiari ezarritako presak kentzea. Irekibai Life proiektuaren barruan aritu zen lanean Nafarroako Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikari Luis Sanz, eta Endarlatsakoa bota zutenean, argi eta garbi erran zuen oztopoak kentzeak “on” egiten ziola Bidasoa ibaiari.

Iritzi berekoak dira Arga Bizirik taldeko kideak, hain zuzen. Nabarmendu dute Nafarroako Gobernua Europako diru laguntzak jasotzen ari dela presak botatzeko, eta, ondorioz, Iruñeko Udalari eskatu diote gogoeta egin dezala Argakoa konpontzeko hartutako erabakiari buruz. Argi dute Argari “on” egin diola Santa Engraziako presan urak berak eragindako zuloak. Txostena osatu dute, hain zuzen ere, eta hainbat arlo jarri dituzte mahai gainean: paisaia, landaretza, fauna, zaborra eta uholdeak, bertzeak bertze.

Iruñeko Udaleko hainbat alderdirekin bilerak egin dituzte jada Arga Bizirik plataformako kideek, presa konpontzeko lanak geldiarazteko asmoz. Garciak gogoratu du, hain zuzen ere, Argan obrak egiteko Nafarroako Gobernuak txostena egin beharko lukeela, lehendabizi, eta Ebroko Ur Konfederazioak ere eman beharko lukeela baimena.

Joseba Asironek proposatutakoari buruz, Garciak erran du “logikoena” izanen litzatekeela Iruñeko alkateak bultzatu nahi duen eztabaida obrak hasi aurretik egitea. “Ez du zentzurik eztabaida egin aurretik diru publikoa gastatzeak”, berretsi du plataformako kideak. Argaren gutuna kontuan hartzeko eskatu dio taldeak Asironi.