Besteen pareko ala berezi izan

Besteen pareko ala berezi izan

Edurne Elizondo

Estrategikotzat” jo zuen Nafarroako Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok, iaz, 948 Merkatua ekinaldia. “Lan handia egin genuen, baina emaitza oso ona izan zen”, berretsi du, aurten, arteen azokaren lehen aldiari buruz. Kulturaren arloko programa nagusitzat jo du gobernuak 948 Merkatua, eta bigarren aldiz antolatu du, ondorioz: hilabete barru eginen dute, Iruñean, azaroaren 21etik 23ra.

Kulturaren esparruko herrialdeko eragileek “ontzat” jo dute azokari segida emateko urratsa egin izana, baina nabarmendu egin dute, halere, ekinaldiari buruz gogoeta egiteko beharra. Gogoeta eskatu dute, zehazki, azokak bide propioa egin dezan. Bertze azoken pareko ala berezi izatea baita kontua, haien ustez.

948 Merkatuaren bigarren aldiaren bidez, euskarri horren aldeko bere apustua berretsi egin du Nafarroako Gobernuak. Kultura kontseilari Ana Herrerak argi eta garbi erran du ekinaldiaren aurkezpenean: “Asmoa da azoka erreferentziazko topaketa bilakatzea kulturaren arloko gure produktuentzat; ezagutza partekatzeko eta proposamen berritzaileak erakusteko espazio bihurtu nahi dugu”.

Hori lortzeko, 180 proposamen jasotzen dituen programa bat prestatu du Kultura Zuzendaritza Nagusiak, azarorako. Proposamen horien artean izanen dira hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, bilerak, eztabaidak, aurkezpenak eta bertze. Gobernuaren asmoa da, denera, kulturaren eta artearen esparruko mila profesional inguru hartzea bere azokan. “Diziplina askotako hirurogei proposamen artistikori baino gehiagori eman nahi diegu espazio bat, kulturaren esparruko eragileen arteko sinergiak sor daitezen; elkarlana eta elkar ezagutza bultzatu nahi ditugu”, gaineratu dute gobernuko arduradunek.

Sektoreko kideek Baluarte auditoriuma izanen dute agertoki nagusi, baina bertze hainbatetan garatuko da, gainera, aurtengo programa; bertzeak bertze Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentral eta Indara aretoetan, Ziudadelan, Civivox aretoetan, Nafarroako Filmotekan eta Joaquin Maia musika eskolan.

Hainbat gai nagusi edo ardatz zehaztu dituzte Kultura Departamentuko kideek azokan garatzeko: genero ikuspegia, jabetza intelektuala, internazionalizazioa, diseinua edo sektorearen profesionalizazioa… Aipatzekoa da, gainera, Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi euroeskualdeko herrialdeak izanen direla aurtengo 948 Merkatua azokako gonbidatu nagusiak. Espainiako Errioxa eta Aragoi erkidegoek ere parte hartuko dutela erantsi dute antolatzaileek.

Programari, gonbidatuei, eta, oro har, aurtengo egitarauari so, azoka “asmo handiko egitasmo bat” dela nabarmendu du Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteko presidente Rebeca Esnaolak. “Lehen aldiz egin zutenean ere halakoxea izan zen, asmo handikoa”. Horrek ekarri du, Esnaolaren hitzetan, antolatzaileek sektore guztietara ailegatu nahi izatea. Eta asmo horrek jarri du zailtasuna mahai gainean, hain zuzen ere: “Zaila da 948 Merkatuaren gisako azoka bat martxan jartzea; arlo eta sektore guztiak ukitu nahi izateak are zailago bilakatzen du”, azaldu du Kuna elkarteko buruak.

Esnaolak zalantzarik ez du ona dela gobernuak kulturaren esparruko gisa horretako ekinaldi baten alde egin izana. “Aukera hagitz garrantzitsua ematen du elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko, elkarren arteko dinamikak sortzeko”. Kunako presidenteak uste du, gainera, 948 Merkatuak lortu duela Iruñea eta Nafarroa “kulturaren mapan” jartzea. Hori ona dela berretsi du, egiten diola mesede arloari.

Abiapuntua hori izanda, halere, kontuan hartu beharreko elementuak badirela argi du Esnaolak ere, eta elementu horien inguruko gogoetak eta lanak ekarriko dutela azokak hemendik aurrera izanen duen izaera zehaztea. Haren ustez, hori da erronka nagusia: “Ezberdin bilakatuko duen hori bilatu behar du Iruñeko azokak; espezializazioa bilatu behar du; bertzela, urtero egiten diren bertze azoken pareko izanen da, eta horrek ez du erreferente bilakatuko”.

Azoka erreferente bilakatuko da bere marka propioa sortzea lortzen duenean. Hori uste du Esnaolak. Argi du 948 Merkatua ekinaldiak bide hagitz motza egin duela eta goiz dela, oraindik ere, izan ditzakeen helburu guztiak bete ditzala eskatzeko. “Argi dago gisa horretako ekinaldiek behar dutela denbora, sendotzeko. Halere, hasi behar du bere ezaugarri bilaka daitekeen hori garatzen”, erantsi du Kunako presidenteak.

Formakuntza nagusi

Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak hitzarmena du Nafarroako Gobernuarekin, eta akordio hori baliatu zuen erakundeak iazko azokan bazkideen, parte hartzaileen eta adituen arteko topaketa antolatzeko. Bigarren urteko egitarauari so, Esnaolak nabarmendu du aurten ere formakuntzari eman diola garrantzia gobernuak, batez ere. “Topaketarako eta formakuntzarako azoka izanen da, batez ere; ez hainbertze, ordea, proiektuak eta ekoizpenak erakustekoa”.

Nafarroako Ganbera Abesbatzako kudeatzaile Iñigo Osesek ere sumatu du proiektuak eta ekoizpenak erakusteko espazioen eta aukeren falta. Esnaola baino kritikoago agertu da 948 Merkatuaren lehen aldiaren emaitzekin, eta, datorren azaroan eginen duten azokan parte hartuko dutela argi utzi duen arren, ez du ukatu zalantzak badituela. “Iaz profesional gisa parte hartu nuen, eta abesbatzak ere izan zuen bere erakuslekua. Aurten, ordea, ez dugu jarriko, iazko emaitza ez baitzen ona izan”, erran du Osesek, argi eta garbi.

Azokaren neurriak eta arlo guztiak ukitu nahi izateak eragin zuen, abesbatzako kudeatzailearen hitzetan, nahi zutena lortu ez izana: “Arlo guztiak ukitu nahi izan zituzten: musika, dantza, literatura, antzerkia, arte plastikoak… Musikaren gure esparruan, behintzat, zailtasun handiak izan genituen programatzaileekin harremanak jorratzeko”, azaldu du Osesek.

Osesek nabarmendu du esparru bakoitzak izaten ohi dituela bere zirkuitu propioak, eta, ondorioz, zaila dela denak uztartu nahi dituen azoka bat “erreferente” bilakatzea. “Argitaletxeek Durangoko Azoka dute, adibidez. Abenduan da, eta horretan jartzen dute indarra etxeek. Musika modernoaren arloan ere Bilboko Bime azoka dago. Halako ekinaldien ondoan, desitxuratuta gelditzen da diziplina guztiak ukitu nahi dituen ekinaldi bat”.

Osesek gobernuaren apustua txalotu du, eta eskertu egin du kulturaren arloan urratsak egin nahi izatea. “Ona da ekinaldiak antolatzea; guk, noski, parte hartuko dugu”. Baina gehiago hausnartu behar da , haren ustez, azokari norabide egokia emateko.

Osesek kritikatu egin du, adibidez, gobernuak diruz laguntzen dituen proiektu edo ekoizpenak erakusteko espazio berezi bat ez antolatzea. “Gobernuak ez badu ordaintzen duen hori saltzen, nork salduko du?”, galdetu du. Espezializazioa eskatu dio administrazioari, azokak ardatz sendo bat izan dezan. Berezia izan dadin.