“B aldea” ezagutzeko leihoa

“B aldea” ezagutzeko leihoa

Edurne Elizondo

Gizartearen B aldea ezagutzeko leiho bat eskaintzen dugu”. Esaldi horren bidez azaldu du Ignacio Ciscarrek zer egiten duten Antsoaingo Atica irratiko El cofre del capitán Morgan saioan. Saio solidarioa da, eta helburu hartu du, 2015. urtean sortu zutenetik, gobernuz kanpoko erakundeen lanaren bozgorailu izatea. Bere laugarren denboraldia hasi du. Martxan jarri zenetik, laurehun erakundetako baino gehiagotako kideak pasatu dira irratiko mifrokonoen aurretik. Elkarte handiei eta txikiei, eta beren istorioak kontatzera joan nahi izan duten norbanako guztiei ireki dizkiete ateak, arautik kanpoko edo gizarteak normaltzat jotzen duen horretatik urruntzen diren errealitateen berri emateko.

Askotarikoak izan dira irratian bat egin dutenen bizipenak, egoerak, gorputzak eta buruak. Saioko gidari bilakatu diren boluntarioak ere halakoxeak dira, askotarikoak. Maria Blascok, adibidez, Friedreichen ataxia du. Gaixotasun horren ondorioz, aulki gurpildun batean mugitzen da Blasco; hitz egiteko ere, zailtasun handiak ditu. Hala ere, El cofre del capitán Morgan saioko esataria da. Idatziz bidaltzen ditu bere parte hartzeak, eta irratiko bertze kideek irakurtzen dituzte mikrofonoen aurrean. Bosquejando en el aquí y en el ahora izena du Blascoren tarteak.

“Nik ezin dut hitzez nahi dudana adierazi; irratian, ordea, nire testuak irakurtzen dituztenean, bertzeek nire hitzak entzun ditzakete. Saioak aukera ematen dit bertzeek errateko dudana entzun dezaten. Ondorioz, hitz egiteko zailtasunak izan arren, jendeak ulertzen ahal nau, eta… normal sentitzen naizela erran behar nuen, baina ez dut gustuko nire burua normaltzat jotzea”.

Komunitatea

Blascok irri egin du normal izatea gustuko ez duela erran duenean. Irratiko saioa prestatzen duten gainerako boluntarioen aurpegietan ere irribarre bat agertu da Blascoren hitzak entzun dituztenean. Saioan egin dute denek bat. “Aurretik ez genuen elkar ezagutzen, baina taldea osatu dugu”, erran du Txema Gracia koordinatzaileak. Taldea baino gehiago, ia komunitate bat osatzen dute. “Saio solidario bat egiteko ideia martxan jarri eta gero, gonbidatu gisa etorritako anitz esatari moduan lan egitera gelditu dira”, erantsi du koordinatzaileak.

Ana Zabalza eta Iñigo Juango dira lanera gelditu direnetako bi. Ikusmen arazoak dituzte biek. Zabalzak kazetaritzako eta gizarte laneko ikasketak egin ditu. Bi esparru horien arteko harremana aldarrikatu du, hain zuzen ere, eta hedabide anitzetan dagoen formakuntzarik eza utzi du agerian. “Komunikatzen duzunean, irudi bat eraikitzen duzu. Hedabideek anitzetan egiten dute huts; ez dira kontuz aritzen, eta jendea etiketen pean sailkatzen dute, etengabe”, erran du Zabalzak.

Etiketei ihes egitea da Atica irratiko saioan bat egin dutenen asmoetako bat, hain zuzen ere. “Hemen jendeak errateko duena entzun nahi dugu. Ikaragarria da zenbat istorio eta zenbat pertsona ezagutu dugun. Niretzat hagitz esperientzia aberasgarria izan da”, azaldu du Juangok.

Astean lau egunez egiten dute El cofre del capitán Morgan saioa, Atica irratian: astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 21:00etara. Elkartasunarentzako bertze txoko bat du irratiak: Atica Elkartasuna izeneko ekinaldiaren bidez, gobernuz kanpoko hogei erakundek hartzen dute hitza, txandaka, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 14:00etara.

Arratsaldeko saioan, binaka aritzen dira esatariak. Soinu teknikari lanetan Atica elkarteko presidente Fernando Rodriguez aritzen da guztietan. “Ez gara profesionalak, baina horrek ez du erran nahi irratiko gure lana serio hartzen ez dugunik”, azaldu du. Rodriguezek erantsi du boluntarioak direla irratian parte hartzen duten guztiak, eta ez dutela diru laguntzarik jasotzen. “Gure saioak aireratzeko dirua jarri behar dugu guk”. Horregatik, iragarleak eta babesleak lortzearen garrantzia nabarmendu du Juantxo Martinez boluntarioak. “Gizartearen babesa behar dugu orain arte egindako lana egiten jarraitu ahal izateko”.

Hedabideetara ailegatzeko zailtasunak dituztenak lagundu nahi dituzte Atica irratiko saio solidarioetan. “Bertze toki anitzetan ahotsik ez dutenentzat funtzio bat betetzen dugu, eta hori erantzukizun handia da guretzat”, azaldu du Ignacio Ciscarrek. Irratia maite duela erantsi du, baina isiluneei beldur diela ere onartu du. “Zuzenean aritzen gara, eta, tarteka, hedabide zaila da irratia”.

Zaila, baina esker onekoa. Saiora eramaten dituztenekin sortzen den giro berezia nabarmendu dute esatari guztiek. Saioak prestatzeko lanak duen garrantzia jarri du agerian Alba Mañeru esatariak. “Ni duela gutxi hasi naiz lanean, baina hagitz kontent nago. Jende zoragarria ezagutu dut, eta hagitz berezia da beren istorioa kontatu nahi dizuten horiekin hitz egitea, elkarrizketa prestatzea, eta, azkenean, elkar ezagutzea, mikrofonoen aurrean”.

Hasi berria da Cristina Jaurrieta ere, eta, Mañeruk bezala, irratiak ematen dion guztia nabarmendu du. “Hunkitzen nau honat etortzen den jendeak. Lehengoan, adibidez, lan istripu baten ondorioz ospitalean sei hilabetez egondako pertsona bat etorri zen, aurrera nola egin zuen kontatzera. Bere bizipenak balio du bertze jende anitz laguntzeko, eta hori hunkigarria da”.

Mezua zabaltzeko tresna

El cofre del capitán Morgan saioak jarraitzaile sutsuak ditu, eta denen artean sutsuena da Daniel Carceller. “Jarraitzaile taldeko presidentea naiz. Saioak zer duen? Honat etortzen den jendeak ez duela gezurrik erraten. Jendea etortzen da laguntza behar duelako, eta laguntza behar duenak ez du gezurrik erraten”.

Patricia Valle eta Koldo Eneriz ere taldeko kide dira; bat egin dute Carcellerrekin, eta nabarmendu dute beren istorioen berri eman nahi dutenen mezua zabaltzeko tresna bat dela beren saioa. Badute zer kontatu. Eta horretan aritzen dira, astean lau aldiz.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku