Azken agurra militanteari

Azken agurra militanteari

Edurne Elizondo

Hamaika arlotan eta proiektutan murgildu zen Josu Goia. Politikaria, musikaria, eskultorea eta idazlea izan zen, bertzeak bertze. Gizon polifazetikoa. Igandean, halere, Josu Goia militantea omenduko dute, Beran, haren sorterrian. Sortuk antolatu du ekinaldia, azaroaren 3an zendutako ezker abertzaleko buruzagi historiko horri azken agurra emateko.

“Ekinaldi politikoa izanen da, batez ere”, azaldu du Asier Calderon antolatzaileak. “28 urte ditut, eta militantzian ez genuen bat egin, baina herrian denok ezagutzen genuen”, erran du. Igandeko omenaldiaren bidez Goiak egindako bide politikoa nabarmendu eta eskertu nahi dutela erantsi du. Calderonek uste du gazte anitzek ez dutela ezagutzen Goiak politikaren esparruan egindako bide luzea, eta horren berri eman nahi dute igandeko ekinaldiaren bitartez.

12:00etan hasiko da omenaldia, Berako kultur etxean. Tasio Erkiziak parte hartuko du, bertzeak bertze. “Haren eta bertze hainbat militanteren testigantzen bidez, gogoratu nahi dugu Josuk ezker abertzalean urte luzez egindako lana”, erran du Calderonek. Goia Herri Batasuneko lehen Mahai Nazionaleko kide izan zen, hain zuzen ere, bai eta legebiltzarkide ere, 1979. urtean, Nafarroako Parlamentuan.

Omenaldian, gainera, herrian egindako bide politikoa gogoratuko dute. Udalean lagun izan zituenek hartuko dute hitza horretarako. Berako alkate izan zen Goia Euskal Herritarrok-ekin, 1999tik 2003ra, hiru legealditan zinegotzi aritu eta gero. “Politikaren esparruan anitz egin duen pertsona bat izan da Josu, eta, omenaldiaren bidez, bere ekarpen zabalaren berri eman nahi dugu, egungo gazteek ere izan dezaten horren berri”.

Musikaria, idazlea, artista

1947. urtean sortu zen Josu Goia, Beran. Politikan ez ezik, kulturaren esparruan ere egin zuen lan handia. Herrian, Gure Txokoa elkartea sortu zutenetako bat izan zen, eta martxan jarri zuen, halaber, Kultur Astea. Berako eta Lesakako ikastolen sorrera ekarri zuten gau eskoletan ere parte hartu zuen.

Bertzalde, musikaren arloko haren ekarpena nabarmendu du Calderonek. Herriko organo jotzailea izan zen Goia, bai eta konpositorea eta abeslaria ere. Josu Goiaren filosofia larrugorritan izenburuko diskoa argitaratu zuen, adibidez. Goiak bere “testamentu” musikaltzat jotzen zuen disko hori, hain zuzen ere. Hamar musika tresna jotzen zituen beratarrak, eta bilduma zabala zuen etxean. Txistularia eta herriko musika bandako zuzendaria ere izan zen.

Igandeko omenaldian, aukera izanen da Goiak idatzitako kantaren bat entzuteko. Gainera, ezker abertzaleko kideak gehien maite zituenak joko eta abestuko dituzte: Eusko gudariak eta Internazionala, alegia. “Politikaren eta musikaren esparruak lotuko ditugu kanta horien bidez”.

Idazle lanetan ere aritu zen Goia. Hark idatzia da, adibidez, Encuentros con la Guardia Civil izenburuko liburua. “Tristurak nahiko baditugu Euskal Herrian, Denbora pasatzean gauza asko beste ikuspuntu batetik ikusten dira. Barre egiteko balia daitezke, nahiz eta gertatu zirenean gogorrak izan ziren”, azaldu zion Goiak BERRIAri, liburua argitaratu zuenean.

Eskulturaren arloan ere lan handia egin zuen Goiak. Lan hori, akaso, ezagunagoa da herrian, Berako hainbat txokotan bai baitira Goiak egindako obrak. Estilo propioa zuen, eta erraz igartzen dira Goiaren lanak harenak direla. “Ondare hori utzi digu, eta herrian segituko du”, erran du Calderonek.

Igandeko 12:00etako ekitaldi politikoa amaituta, omenaldiak besta giroan jarraituko du. “Ziur naiz Josuk hagitz gustukoa izanen lukeela hori”, erran du Calderonek. Herrian poteoa eginen dute lehendabizi, eta, gero, 14:00ak aldera, bazkaria Zubiondo jatetxean. Hitzaldiak, txalaparta doinuak, dantzariak, musika eta besta izanen ditu, finean, igandeko ekinaldiak.

Hil baino bi egun lehenago egin zuen topo Calderonek Goiarekin, herrian, gogoratu duenez. Minbiziak jo zuen Goia azken garaian, baina haren heriotzak ezustean harrapatu zituen, azaroan, beratarrak, bihotzekoak jota hil baitzen. “Hobeki zegoen; ezusteko handia hartu genuen denok herrian”.

Josu Goia militanteari omenaldia egingo diote igandean. Josu Goia musikari, eskultore eta idazleak ere herritarren esker ona jasoko duela zalantzarik ez du Calderonek.