Artearen bidez gizarteratzeko

Artearen bidez gizarteratzeko

Ane Eslava

Gazte batzuk dantzan, haur bat mozorroturik, bikote bat elkarri musuka, neska bat ile apaindegian… Egunerokoaren hainbat une erakusten dituzte Zangozaldeko Anfas elkarteak antolatu duen erakusketa ibiltariko argazkiek. Erakusketa Somos espe(a)ciales proiektuaren barruan antolatu dute, eta haren helburua da adimen urritasuna duten pertsonei ikusgarritasuna ematea, beren ahalmenak erakustea eta aniztasunari balioa ematea. Eguberrietan, Irunberriko udaletxean egon zen erakusketa; iragan asteburuan, Ledeako gizarte eta kultur etxean, eta, laster, Oibarrera, Kasedara, Agoitzera eta Zangozara eramango dute.

“Adimen urritasuna artearen eta sorkuntzaren perspektibatik erakutsi nahi dugu”, adierazi du Elena Etxegoien Anfas elkarteko kideak. Haren irudiko, arteak “berdin” sentitzeko aukera ematen die pertsona guztiei. “Sentsibilizaziorako tresna zoragarri bat da, ezberdin izatearen balioa ulertzen eta balioesten laguntzen diguna”.

Hamasei argazkik osatzen dute erakusketa, eta, Etxegoienek azaldu duenez, horietan adimen urritasuna duten pertsonen bizitza ibilbidea irudikatu dute: “Pertsona hauen bizitzako garaiak islatu ditugu, eta, era berean, saiatu gara erakusten prozesu horretan Anfasetik haiei eta beren familiei ematen diegun babesa”. Hain zuzen, Zangozaldeko Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude arreta goiztiarra, tutoretzapeko etxebizitza, familientzako aholkularitza eta gizarte, komunikazio eta heziketa gaitasunen programa.

Erakusketa osatu duten argazkilarietako bat Virginia Juanto da. Azaldu duenez, argazkietan, “maila berean” jarri nahi izan dituzte adimen urritasuna duten eta ez duten pertsonak. “Erakutsi dugu pertsona horiek eskolara doazela gainontzeko haurrak bezala, helduago direnean beren kabuz bizitzeko eta familia osatzeko gai direla, aisialdia izan eta disfrutatu dezaketela…”.

2017ko proiektua

Somos espe(a)ciales proiektuaren barnean antolatu dute argazki erakusketa. Egitasmo hori 2017an sortu zen, Selva Etxeberriak, La Hormiga Maia Internet bidezko arropa dendaren jabeak, Anfas elkarteko kideei elkarlanerako proposamen bat egin zienean. “Selvak esan zigun bere material guztia utziko zigula guk egoki ikusten genuena egin genezan”, azaldu du Elena Etxegoienek. “Orduan, eskualdeko hainbat sortzaile gonbidatu genituen, denon artean pentsatzeko zer egin genezakeen eskaintza horrekin; poeta bat, antzerkilari bat, ilustratzaile bat eta argazkilari bat elkartu genituen. Eta, azkenean, egutegi bat egitea bururatu zitzaigun”.

Egutegiko argazkiak egiteko, Virginia Juantok ez ezik, Pablo Blanco, Sonia Senosiain, Laura Gogorzena eta Nora Sola eskualdeko argazkilariek ere parte hartu zuten. Argazki saioetan herrietako hainbat bizilagunek parte hartu zuten, eta eskualdeko toki bereizgarri batzuk erabili zituzten agertoki gisa, hala nola Irunberriko arroila eta Zangozako Carmengo klaustroa. Egutegian hamabost argazki sartu zituzten, baina, oso material “baliotsua” zela ikusita, erabaki zuten harago joatea eta erakusketa bat antolatzea.

Horrekin batera, proiektua argitara ateratzeko helburuz, arropa desfile bat antolatu zuten, iazko maiatzean, Zangozan. Anfaseko erabiltzaileek eta eskualdeko biztanleek elkarrekin desfilatu zuten, La Hormiga Maia dendako arroparekin. “Oso hunkigarria izan zen, gazteek izugarri disfrutatu zutelako”, adierazi du Selva Etxeberria jabeak. Desfile horren ostean beste bat egin zuten, iazko abenduan. Etxeberriak kontatu duenez, bi kasuetan, Anfaseko erabiltzaileen gurasoak “ezin sinetsita” gelditu ziren beren seme-alabek desfileetan parte hartzea proposatu zietenean. “Izan ere, lehen, pertsona hauek ezkutuan egon behar zutela zirudien; baina, orain, halako ekintzekin, erakusten ari gara denak berdinak garela, eta edozer egin dezaketela”.

Lehenbiziko jardueren arrakasta ikusita, kultur ekintza gehiago antolatzen hasi ziren. Poesiak, kasurako, toki handia hartu zuen egitasmoan. Batetik, eskualdeko poeta batzuek proiekturako esaldi batzuk idatzi zituzten, eta egutegian sartu zituzten, argazkiekin batera. Esaldi horien artean daude, adibidez, Neure espazio ontziaren kapitaina izan nahi dut eta Ahal dudalako maite zaitut. Era berean, bi poesia errezital antolatu zituzten, eta, horietan, Anfaseko erabiltzaileek agertokia partekatu zuten eskualdeko hainbat poetarekin. Poesia irakurraldiez gain, Anfaseko neska-mutilek, besteak beste, ipuin kontaketetan eta antzezlanetan parte hartu dute azken hilabeteetan.

Halako ekintzetan parte hartzea “positiboa” da adimen urritasunen bat duten pertsonentzat, “beren ahalmenen jabe” izaten laguntzen dielako, Etxegoienek azaldu duenez: “Haiek hasieran oso harrituta zeuden halako gauzak egiteko aukera izateagatik, ez zekitelako horretarako gai zirenik; baina, hasi bezain laster, ikusi zuten oso gauza politak egin zitzaketela”. Gazteek “beren burua gainditzeko” baliagarria dela gaineratu du: “Gauza berri batekin topo egiten dutenean, beldurtu egiten dira, baina, beren ondokoek egiten dutela ikusten dutenean, pausoa ematen dute”. Jarduera berri bakoitza amaitu bezain laster, hurrengoa noiz izango den galdetzen diete arduradunei, Etxegoienek kontatu duenez.

Egoitza bat behar dute

Proiektuaren oinarrian, bestalde, Zangozaldeko Anfasek duen arazo bat azaleratzeko helburua dago: egoitza baten premia. “Tutoretzapeko pisu bat dugu, baina beste lokal bat behar dugu, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsona guztien kohesioa bultzatzeko, proiektuak eta jarduerak antolatu ahal izateko… Eta Zangozaldea da halako egoitza bat ez duen eta Anfaseko ordezkaritza duen Nafarroako eskualde bakarra”, esan du Etxegoienek. Halere, egindako lanak emaitzak ekarri dituela gaineratu du arduradunak, dagoeneko hasiak baitira negoziatzen hutsik dagoen Zangozako lokal bat eskuratzeko.

Antolatzaileak “pozik” daude proiektuak izandako arrakastarekin, eta uste dute erronka nagusia lortu dutela: gizarteratzea. “Hasi ginenean, ez genuen pentsatzen herritarrengan halako eragina izango zuenik”, esan du Etxegoienek, eta herrietako udaletatik jasotako babesa nabarmendu du: “Ahalegin guztiak egin dituzte guri laguntzeko; erakusketa herrietara eramanez, eskerrak eman nahi dizkiegu”.

Aurrera begira, irismen kognitiboa lantzeko asmoa dute, Anfaseko erabiltzaileek aukera izan dezaten beren irakurtzeko gaitasuna garatzeko. Horrekin lotuta, herrietako dendariekin ere landuko dute gaia. “Dendariei proposatuko diegu saiatzeko beren produktuak pertsona guztientzat irisgarri eta ulergarri jartzen, eta dendariek ere adimen urritasunen bat duten pertsonak modu egokian jasotzen dendetara doazenean”, azaldu du Anfaseko arduradunak. Hala, autonomia eman nahi diete pertsona horiei, beren kabuz egin ditzaketen gauzak ez ditzaten beste pertsona batzuek egin. Gizartean egon dadin denentzako tokia.

Irudia: Anfas