Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Ane Eslava

Hilaren 9an 175 urte bete ziren Julian Gaiarre kantari entzutetsua jaio zenetik. Erronkari ibarreko laborari familia batean sortu zen Gaiarre, eta munduko tenorrik onenetako bat bihurtu zen gero. Erronkariarrek “beren nortasunaren partetzat” daukate abeslaria. Hala ere, uste dute lana dutela oraindik abeslariari “dagokion tokia” egiteko.

Musikaren munduan sartu aurretik, Gaiarre artzaina, saltzailea eta errementaria izan zen. Lanean ari zela abesteko ohitura zuen, eta lankide batek, haren ahotsarekin liluratuta, Iruñeko Orfeoian sartzera bultzatu zuen. Hilarion Eslava konpositoreak solfeoa irakatsi zion, eta Madrilgo Kontserbatorioan sartzen lagundu zion. Diru laguntza bati esker, Milanera joateko aukera izan zuen, eta orduan hasi zen haren arrakasta. Munduko areto garrantzitsuenetan abestu zuen: Madrilen, Milanen, Vienan, Erroman, Lisboan, Moskun, Buenos Airesen…

“Hainbat gauzak erakusten dute munduko kantaririk onenetako bat izan zela”, adierazi du Fernando Hualde idazle eta ikerlari erronkariarrak. “Batetik, garai hartako kazetarien kronikek diote inoiz ez zutela entzun harena bezalako ahots bat; bestetik, tenorrak, gehienez, hamar piezatan espezializatu ohi dira, baina Gaiarrek bere zintzurra hezi zuen 30 pieza abesteko; eta orduko konpositorerik onenek harentzako obrak sortu zituzten”.

Gaiarrek 1876an lortu zuen bere ibilbidearen unerik gorena: Milango La Scala antzoki entzutetsuan abestu zuen Gaetano Donizettiren La Favorite opera, artean tenor italiarrak baino ez zirenean agertoki horretara igotzen. “Izugarrizko arrakasta izan zuen entzule zorrotzenen aurrean”.

Baina Gaiarrek Pirinioetan jaiotzearen “oztopoa” izan zuen. “Beste toki batean jaio izan balitz, oso famatua izango zen; baina, gurearen gisako bailara batean jaiotzearen ondorioz, ahanzturan geratu da”, deitoratu du Hualdek. Hala ere, argi utzi du Erronkarin “inoiz” ez dutela ahaztu.

Hualde bera musikariaren inguruko dokumentazio lan mardula egiten ari da: XIX. mendeko egunkariak aztertu ditu, bai eta tenorraren korrespondentzia ere. Kontatu duenez, Gaiarrek milaka gutun jasotzen zituen: diru arazoak zituzten pertsona askok idazten zioten, laguntza eske. “Eta hark beti ematen zien dirua”, ziurtatu du. “Dirua irabazteko abesten zuen, gero diru hori behar zutenei emateko”. Adibide esanguratsu bat jarri du: Jaurrietako 1880ko sutea. “Sute batek herria suntsitu zuen, eta Gaiarrek kontzertu bat antolatu zuen orduko musikaririk onenekin. Lortu zuten diru guztia Jaurrieta lehengoratzeko erabili zuten”. Hortaz, Hualderen iritziz, pertsona gisa ere “lehena” izan zen.

Mundu mailako ospea lortu bazuen ere, Gaiarrek inoiz ez zuen bere jatorria ahaztu. Hori erakusten dute hark eskualde horretan ordaindu zituen proiektuek: Erronkaritik igarotzen den errepidea, frontoia eta eskola. “Gaiarrek ulertzen zuen erronkariarra izatea zela bere titulurik garrantzitsuena”, adierazi du Hualdek. Eskolak zabalik jarraitzen badu ere, aurtengoa azken ikasturtea izango da, eraikinak ez baitu araudia betetzen. Erronkariko bailarako ikastetxe berria eraikitzen ari dira dagoeneko. Hori dela eta, eskolako haurrak izan dira aurtengo protagonistak Gaiarreren jaiotzaren 175. urtemugako omenaldian: 175 arrosa eraman dituzte Gaiarreren mausoleora, XIX. mendetik eskolan ikasi duten haur guztien izenean.

Oroitarria eta mausoleoa

Gaiarre 45 urterekin hil zen, bere ibilbidearen unerik gorenean. Haren gorpua Erronkariko hilerrira eraman zuten, eta, han, Mariano Benlliure eskultoreak mausoleo bat zizelkatu zuen harentzat. 1988an, abeslariaren oinordekoek erabaki zuten Gaiarreren etxea eta haren ondasunak Nafarroako Gobernuari ematea, museo bat sortzeko eta abeslariaren memoria iraunarazteko. 1989an, Gaiarreren oinordekoek, Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Udalak Julian Gaiarre fundazioa eta museo-etxea sortu zituzten.

1944an omendu zuten Gaiarre lehen aldiz, haren jaiotzaren mendeurrenean; ondoren, 1950ean, haren omenezko oroitarri bat eraiki zuten, Iruñeko Takonerako lorategietan. Baina, ordutik aurrera, ez zuten deus gehiago egin, fundazioaren sorrerara arte. Ordutik, maizago oroitu dute kantaria. Hualdek 2000. urtea ekarri du gogora: “Iruñeko oroitarriaren 50. urteurrena zela eta, urte oso bat eskaini genion”.

Erronkariko biztanleentzat Julian Gaiarre “beren nortasunaren zati bat” da. Hori uste du Hualdek. “Baina orain hasi gara horretaz konturatzen: bailaran despopulazioaren arazoa agertu denean, eta gure nortasuna eta historia lausotzen hasi direnean”. Ondorioz, Gaiarreren memoria babesteko ahalegin “berezia” egiten ari direla dio. “Hura ahanzturatik ateratzeko”.