Ane Eslava
Gogoetarako, introspekziorako eta laguntzarako ariketa bat. Hori da sorkuntza poetikoa Blanca Eslabarentzat. Norbere burua bilatzeko eta aurkitzeko bidea. 14 urterekin ikusi zuen hitzak berarentzat zuen indarra, eta ordutik izan du poesia bidelagun. Baina berarentzat eta bere gertukoentzat idazten zuen, ez baitzen ausartzen bere lana erakusten. Orain, urratsa egin du, eta argitara eraman du sorkuntza. Paisajes del agua (Uraren paisaiak) liburuan bildu ditu bere ibilbidean sortutako hamaika olerki, bizitzan igarotako garaien erakusle ere badirenak. Haren ahizpa Asun Eslabak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat; autoedizioaren bidez argitaratu dute.
“Oso goiz aurkitu nuen poesia: oreka lortzeko eta bizitzari zentzua emateko jo nuen harengana”, adierazi du egileak. Bizitzaren garai bakoitzean, maila batean lagundu izan dio poesiak; batzuetan, “behar-beharrezko” izan du, eta, beste batzuetan, ez dio denbora askorik eskaini. Amatasun eta semeen hazkuntza garaian idazketa alboratu egin zuela kontatu du, eta azken urteetan sorkuntzara itzultzeko “ilusioa” piztu zaiola berriro ere.
Isabel Hualde poetak 2013an Irunberrin sortu zuen Ostegun poetikoak proiektuak lagundu ei zion idazketarekin berriz elkartzen, bai eta argitaratzeko pausoa ematen ere. Hangoa da Blanca Eslaba. “Horren barruan, ibilbide bat zuten poeta asko ezagutu nituen, eta haiei esker hasi nintzen neure lana balioesten”.
Egitasmo horren testuinguruan sortu zuten En voz alta. Nosotras, poetas de la Zona Media liburua ere. Nafarroako erdialdeko zazpi emakumek beren olerkiak bildu zituzten lan horretan, iaz, eta horietako bat Blanca Eslaba izan zen. Oraingoan, ordea, harago joatera ausartu da, eta bakarrik agertu da jendaurrean.
Egindako urratsa bere burua “desestaltzearen gisakoa” izan dela esan du: “Bertigoa sentitu dut, eta kezkatu nau besteek nitaz pentsa zezaketenak”. Halere, uste du pentsamendu negatiboak kontrolatzen ikasi duela. “Edonork bizitzen dituen gauzen inguruan hitz egiten dut liburuan”.
Bizipen eta sentimendu arruntak izan ditu hizpide olerkietan: maitasuna, galera, beldurra, denboraren joana…Horren guztiaren gainetik, lan osoa zeharkatzen duen gai bat dago: natura. “Beti izan da laguntzarik handiena”.
“Sosegua topatzeko beharra izan dudanean, zelaien hegietatik ibiltzea izan da niretzat lagungarriena: han, lasai sentitzen naiz, eta nire bizipenak aztertzeko gai naiz”. Adierazi duenez, natura bere “barruan” du, eta poesia da, hain zuzen, barnean duena kanpora ateratzeko bidea. Naturaz mintzatzen da liburua irekitzen duen Pagoak olerkia, bai eta Uzta biltzen, Ekiloreak eta Iragate berdea ere, besteak beste.
Liburuan, hainbat atal bereiz daitezke, egilearen bizi garaiekin loturik daudenak: gaztaroa, helduaroa, amatasun garaia… Azaldu duenez, bizitza ulertzeko bere modua “zikloen ideiarekin” estuki lotuta dago, eta, hain zuzen ere, bizitzaren garaiak naturaren zikloekin alderatzen ditu: “Zuk bizitzan senti dezakezun edozein zailtasun edo oztopo naturan ere badago. Baina gero beti dator saria: udaberria. Une zailetan, horretan sinesten dut: nola edo hala, beti helduko da udaberria”.
Liburuaren erdialdetik aurrera, gai pertsonalak gailendu egiten zaizkie paisaiekin lotutakoei. Gaixotasuna, heriotza eta horien gisako bizipen gogorren inguruko hainbat olerki daude: Bular minbizia, Anorexia, Bertsoak amaitu dira… Egileak esan duenez, poesia askotan erabili du egoera zailetatik ateratzeko: “Sentitzen dudana hitzekin bideratuz, sentimendua bertso bilakatuz, mina kanpora eramaten dut, eta minak beste modu batera inguratzen nau”.
Olerkien bitartez, gai sozialak ere jorratu ohi ditu, eta liburuan sartu ditu batzuk, hala nola Afrika beltza eta Babeslekurik gabeko babestuak. Errefuxiatuen, pobreziaren eta beste hainbat injustiziaren inguruan mintzatu da.
Orotara, 60 olerkik osatzen dute Paisajes del agua, 169 orriko lana, eta, gehienak gaztelaniaz badira ere, Iñaki Bastarrikak euskarara ekarri ditu horietako lau. Egilearen anaia batek, Patxi Eslabak egindako argazki abstraktu batek ilustratzen du liburuaren azala: kable batek ibaian egiten duen isla, hostoz inguratuta.
Ana Martinez olerkariak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta Miguel de Unamunoren Paisajes del alma (Arimaren paisaiak) lanarekin alderatu du Eslabarena: “Eslabaren olerkietan ere lurra eta paisaia urtzen dira gogoeta eta pentsamendu intimoetan, haren giza geografian”. Martinezek gaineratu du Eslabak lehenbiziko poema bildumarekin erakutsi duela “luzerako” etorri dela.
Hitzak irudi bihurtuz
Asun Eslaba marrazkilariak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat. Poesiaren arabera, material bat edo beste erabili du, hitzez adierazita zegoena “ahalik eta modu adierazkorrenean” eramateko irudira. Errotuladorez, tintaz, arkatzez eta collagez egin ditu marrazkiak, besteak beste. Kontatu duenez, lehenbizi, lanaren irakurketa orokor bat egin zuen, eta, gero, olerkiak banan-banan landuz joan zen, ahizpak idatzitakoa marrazkian islatzea lortu arte. Hark ere natura eta paisaiak izan ditu inspirazio iturri. “Bideetara irtetea, ibiltzea, ingurura begiratzea… Hori guztia nire bizitzaren parte da”.
Poesia lan bat ilustratu duen lehen aldia izan da, eta, hortaz, zailtasun batzuk izan ditu. Baina adierazi du lana “jario bat” izan dela. Uste du abantailak izan dituela: “Blancak idazten daraman denbora bera daramat nik haren olerkiak irakurtzen; hark olerkietan kontatu dituen bizipenetako asko nik ere bizi izan ditut”. Ziurtatu du bere bizitzako lanik “biziena” izan dela gertutasun horren ondorioz, edo horri esker.
Marrazkilaria pozik dago ilustrazioen emaitzarekin, “gogobeteta”. Baita idazlea ere: “Marrazkiek esanahi handiagoa eman diote liburuari”, esan du. Gaineratu du bi ahizpek emozioak bi modutara jantzi dituztela: hitzez eta trazuz. “Emozioek bi isurialde dituzte liburuan: poesia eta marrazkia”.
Irudia: Ane Eslava