Hizkuntza eskubideak auzitan

Hizkuntza eskubideak auzitan

Edurne Elizondo

Mahai gainean utzi du grabagailua kazetariak, Asornako kide Ana Peyronaren eta Sofia de Estebanen aurrean. Azken horrek, keinurik egin gabe, gailua hartu, eta Lucia Burguete interpretearen ondoan jarri du. Irribarre egin dio kazetariari, eta kazetariak barkamena eskatu du.

Nafarroako Gorren Elkartea da Asorna. Keinu hizkuntza dute berezkoa Peyronak eta De Estebanek, eta halakotzat hartzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan, berriki. “Keinu hizkuntza ez da bakarrik irisgarritasuna bermatzeko tresna bat; hizkuntza bat da, bertze edozein hizkuntza bezalakoa. Gorren berezko hizkuntza da, eta identitate bat eta kultura bat islatzen ditu. Komunitate bat osatzen dugu gorrek, gutxiengo linguistiko bat”.

Mezu hori jarri nahi izan dute Asornako kideek mahai gainean, Nafarroako Parlamentuan egin bezala. Beren hizkuntza eskubideak aldarrikatu, eta bete ditzatela eskatu dute. Lehen urratsa izanen litzateke beren hizkuntza horixe dela onartzen duen lege bat egitea, oraindik ere aitortza hori ez baitzaio egin keinu hizkuntzari Nafarroan. Ez dute hizkuntzatzat hartzen, alegia.

“Gaur egun, irisgarritasuna bermatzeko tresnatzat jotzen da gure hizkuntza. Ez zaio hizkuntza izaera aitortzen, eta ezkutuan gelditzen da, ondorioz, ematen digun guztia”. Horixe nabarmendu du Sofia de Estebanek. Peyrona bezala, entzuteko gai den familia bateko kide gorra da. “Familiak borondaterik onena du, eta saiatzen da onena ematen, baina bertze gor batek daki, benetan, gor batek zer nahi eta behar duen”.

“Moldatzeko beharra”

Peyronak nerabea zela ezagutu zituen bertze gor batzuk lehen aldiz. Eta, haiekin batera, keinu hizkuntza deskubritu eta ikasi zuen. “Txikitan, ez nuen harremanik gorren komunitatearekin, eta nik akats bat nuela sentitzen nuen; zerbait oker zegoela. Hitz egiteko eta bertzeek erraten zutena ulertzeko ahalegina egin behar nuen, bertzeen errealitatera eta ezaugarrietara moldatu. Behar hori nuela sentitzen nuen”.

Gorren komunitatearekin bat egin zuen arte. “14 urterekin, gorren elkarteetara joaten hasi nintzen. Gor helduak ezagutu nituen, lehen aldiz, eta ikasi nuen nik ere haiek egiten zutena egiten ahal nuela. Bat-batean, erreferenteak agertu ziren nire aurrean”, gogoratu du Peyronak.

Aragoitik (Espainia) ailegatu zen Iruñera, duela urtebete. Asornan, gazteekin ari da lanean. Gazte gorrak ahalduntzeko beharra nabarmendu du, eta argi utzi du horretarako ezinbertzekoa dela keinu hizkuntzaren alde egitea.

Arazoa da, Asornako kideen hitzetan, gaur egun hori ez dela gertatzen. Ez dela keinu hizkuntza sustatzen. Ez dela keinu hizkuntzari buruzko informazioa zabaltzen. “Nafarroako Gobernuak ahozkotasunaren eta osasunaren bidea lehenetsi du. Hau da, kokleako inplantearen aldeko apustua egin du. Eta ongi dago, gu ez gaude kontra, noski. Baina haur gorrei inplantearekin batera keinu hizkuntza eman behar zaiela uste dugu, on bertzerik ez baitie eginen. Bi hizkuntza jaso baditzakete, zergatik bakarrarekin gelditu?”, galdetu du De Estebanek.

“Nire gurasoek nahi zuten nik hitz egitea. Uste zuten hori zela ni gizarteko parte izateko modurik egokiena. Baina keinu hizkuntza ikasi nuenean, argi izan nuen haren alde egin nahi nuela, bide hori hartu nahi nuela. Niretzat etxe bilakatu zen gorren elkartea”, erantsi du Asornako kideak. Gorren komunitatearekin bat egin, eta beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko lan egiten hasi zen elkartean, duela hogei urte.

Lehenago sortu zuten Asorna, 1957. urtean. “Desgaitasunaren arloan Nafarroan ari den elkarterik zaharrena da”, azaldu du De Estebanek. Helburuak eta lan ildoak anitz aldatu direla zehaztu du, halere. “Hasieran, bat egiteko espazio bat zen, batez ere; orain, aldarrikatzeko eta ahalduntzeko toki bat da”.

Gizartean oraindik ere indarrean diren mugak bazter uzteko garaia dela argi dute Asornako kideek. Hori lortzeko keinu hizkuntzak betetzen duen rola nabarmendu dute, eta eskaintzen dituen aukera guztiak garatzeko eskatu dute. Hizkuntza bat dela aitortzea lehendabiziko urratsa izanen litzatekeela zalantzarik ez dute; bertze bat izan daiteke administrazioak hizkuntza hori babestea eta baliabideak jartzea hizkuntza hori erabiltzen dutenen esku.

Arlo horretan hezkuntzak duen garrantzia aipatu du Peyronak. Nafarroan lan handia dago egiteko, Asornako kideak azaldu duenez. Salatu egin du, argi eta garbi, herrialdeko haur gorrentzako erreferentziazko ikastetxea Iruñeko Paderborn izenekoa izatea. Irakasteko hizkuntza gisa alemana erabiltzen du ikastetxe horrek, hain zuzen ere. “Ez du inolako zentzurik!”, erran du Peyronak, haserre.

Asornako kide Sofia de Esteban eta Ana Peyrona.

Asornako kideen haserrea eragiten dute bertze hainbat auzik ere. “Gure elkartean irakasle anitz eta irakasle izateko ikasten ari diren pertsona anitz hartzen ditugu, keinu hizkuntza ikasteko ikastaroetan. Titulazioa lortzen dute, baina ez die deustarako balio. Gela batera haur gor bat ailegatzen denean, orduan bilatzen dute norbait. Eta hori egiten dutenean, titulazioak baino ez du balio. Ez dute kontuan hartzen irakasle horrek zer maila duen, edo zenbat denbora egon den keinu hizkuntza erabili gabe”, salatu du De Estebanek.

Asornako kideek “funtsezkotzat” jo dute aholkulari gorraren figura sortzea. “Bertze hainbat tokitan hala egiten da. Irakasle gor bat izatea hagitz ona da ikasle gorrentzat. Kontua ez da bakarrik irakasle horrek keinu hizkuntza erabiltzea; haurrentzat erreferente bilakatzen da, gainera”, nabarmendu dute. Nafarroan horrelakorik ez da. “Ahozkotasuna bultzatzen da; Hezkuntza Departamentuak ere ez du deus egiten keinu hizkuntza sustatzeko. Guri diru laguntza eman, hori bertzerik ez”, zehaztu du Asornako Sofia de Estebanek.

Ezin euskara ikasi

Ana Peyronak euskararen egoerarekin alderatu du keinu hizkuntzarena. “Aragoitik etorri nintzenean konturatu nintzen euskarak hemen zuen egoeraz; atentzioa eman zidan euskararen historiaren, jasandako erasoen, euskal kulturaren aurkako errepresioaren berri izateak. Keinu hizkuntzaren egoera antzekoa dela ohartu nintzen; bertze hizkuntza bat inposatu nahi digute”, azaldu du.

Peyronak euskara ikasi nahi du. “Ikasleen artean badira euskaldunak, eta anitzetan erran didate antza badela keinu hizkuntzaren eta euskararen egituraren artean”. Ikasteko gogoa badu, baina aukera ez diote ematen. Horixe salatu du Asornako kideak. “Nafarroako Gobernuak kanpaina egin zuen, eta doan eskaini zuen euskara ikasteko aukera; berehala erabaki nuen baietz, ikasiko nuela. Baina ez didate uzten. Interpretea erabiltzen badut ere, etxean nire kabuz ikasi eta azterketa egitera bakarrik joaten banaiz ere, ez didate uzten, ahozko proba eta entzumena derrigorrezkoak direlako”, kontatu du Peyronak. Arartekoaren bulegoan salatua du egoera hori. Gogoratu du ingeleseko B1 maila baduela, bai eta Cambridge titulua ere. “Baina ez didate euskara ikasten uzten”.

Euskara ikasteko duen gogoa aipatu duenean, gorren elkarteekin bat egin aurreko garaia ekarri du gogora Peyronak. Nabarmendu du eskolan egindako lehendabiziko urteak “hagitz gogorrak” izan zirela beretzat. “Ez nuen ia deus ulertzen. Erabat galduta nengoen”.

Keinu hizkuntzak eman zion ikasketetan aurrera egiteko heldulekua Peyronari. Maite du ikasteko abentura berrietan murgiltzea. Baina onartu du gazte gor gehienentzat hagitz bertzelakoa dela errealitatea. Zailtasunak eta oztopoak direla nagusi, eta, ondorioz, gazte gor horiek behar edo nahi baino lehen uzten dituztela ikasketak. “Nik ere ikasketak uzteko asmoa izan nuen; interprete bat izateko aukera sortu zitzaidan arte”.

Lanerako zailtasunak

Asornan gazteekin ari da Peyrona, eta haien inguruko datuak jarri nahi izan ditu mahai gainean, errealitate latza islatzen dutelako: “Elkartean ditugun gazteen %20-30ek baino ez dituzte oinarrizko ikasketak. Lanean ari direnak ere, enplegu zentro berezietan ari dira. Ikasketarik gabe, zaila da”.

Horregatik uste dute Asornako kideek funtsezkoa dela irakasle gorren figura sustatzea, eta keinu hizkuntzaren alde egitea. Erantsi dute kokleako inplanteak ere ez duela beti funtzionatzen. “Batzuek ez dute nahi, eta erabiltzen duten anitzek ere arazoak izaten dituzte”, azaldu du Sofia de Estebanek.

Ahozkotasunaren aldeko apustua bazter utzi gabe, keinu hizkuntzaren alde lan egiteko beharra berretsi dute Asornako kideek. Keinu hizkuntzak komunitatea sortzen duela erantsi dute. Kultura bat ematen diela. Nortasuna. “Entzuteko gai den pertsona batek inoiz ez du jakinen zer sentitzen duen gor batek”, erran du De Estebanek. Haur eta gazte garaikoak ekarri ditu gogora, Peyronak bezala. “Gurasoak laguntzen saiatzen ziren, baina ahozkotasunaren bideak niri ez zidan onik egin. Keinu hizkuntzak bete zuen nik barruan nuen hutsa”, azaldu du.

“Haur gor batek zer behar duen jakiteko, entzun pertsona gor helduek errateko dutena”, erran dute Asornako kideek, argi eta garbi. Eta haiek erran nahi dute, batez ere, kokleako inplantea gauza ona dela, baina ez dela bakarra. Keinu hizkuntza ere sustatu behar dela. Hizkuntza bat dela, bai eta hori baino gehiago ere: kultura eta komunitatea.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku