Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Valtierrako seme-alabengatiko laguntzen deialdiari, «supremazista» dela iritzita

Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Valtierrako seme-alabengatiko laguntzen deialdiari, «supremazista» dela iritzita

Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak errekurtsoa aurkeztu dio Valtierrako Udalaren seme-alabengatiko laguntzen deialdiari, oinarrietan ezarritako baldintzek «berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioa urratzen» dutelako. Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak adierazi du deialdiak «izaera arrazista, supremazista eta xenofoboa» duela.

Izan ere, Valtierrako Udalak argitaratutako deialdiak ezartzen du gutxienez gurasoetako batek udalerrian erroldatuta egon behar duela laguntza eskatu aurreko hogei urteetan, etenik gabe. Gainera, laguntza jasoko duten adingabeek ere herrian erroldatuta egon beharko dute hogei urtez jarraian.

Nafarroako Gobernuak gogorarazi du 2025eko deialdiak antzeko ezaugarriak zituela, eta kasu hartan Nafarroako Kontseiluak, gobernuak eskatuta, deialdiaren egokitasun juridikoa zalantzan jarri zuela. Alfaroren hitzetan, neurriak Valtierrako biztanleriaren zati handi bat «diskriminatzen» du, eta «ondorio baztertzaileak» izan ditzake zenbait kolektiborentzat, bereziki jatorri migratzailea duten pertsonentzat edo udalerrian denbora gutxiago daramatenentzat, nahiz eta bertan ez izan bizilekua.

Alfarok azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu «lehen eta bigarren mailako herritarrak» egon daitezen saihesteko, eta desberdintasunetan gehiago sakontzea eragozteko.