Komunitatea Paristik elikatzen

Komunitatea Paristik elikatzen

Edurne Elizondo

Desagertzeko helburuarekin sortu zuten Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Hamar urte joan dira geroztik, eta Iruñeko aterpe horretako ateek zabalik segitzen dute. Bazterketa egoeran direnentzako babesleku bat da, eta, oraindik ere, sortu zutenean bezain beharrezkoa. Horregatik ez ditu ateak itxi. Iruñeko Alde Zaharreko gizarte eragile bilakatu da, eta komunitatea elikatzen jarraitu nahi du, bere sukaldetik.

Urteotan guztietan, halere, egoera aldatuz joan da, eta proiektua garatu egin dute bultzatzaileek. Jantokitik bertze hainbat egitasmo sortu dira, eta erabiltzaileak jarri dituzte, gero eta gehiago, erdigunean. Esentzia galdu gabe, betiere: justizia sozialaren aldeko aldarria da, oraindik ere, Paris 365 jantokiko sukaldean erabiltzen duten osagai nagusia; justizia soziala da egun oroko jaki.

Hamar urteotan, 277.982 gosari, bazkari eta afari partekatu dituzte Paris 365 jantokiko erabiltzaileek, espazio atsegin batek ematen duen berotasuna eta giro lasaia lagun. 10.241 elikagai saski banatu ditu Gizakia Herritar fundazioak, gainera, proiektu horren bidez, eta 1.430 zopa bero eman ditu Iruñeko karriketan bizi direnentzat, neguan, abendutik martxora garatutako programan.

35.571 kontsulta jaso dituzte proiektuko aholkularitza juridikorako zerbitzuan, eta 471 haur hartu dituzte elkartearen ludotekan. 1.700 boluntario aritu dira hamar urtez Paris 365 jantokian eta sortutako gainerako proiektuetan lanean, eta 560 bazkide lortu ditu egitasmoak, urteotan, denera.

Zenbakiek nekez isla dezakete Paris 365 proiektuaren inguruan sortutako komunitateak duen garrantzia. Baina hori nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen ere, Gizakia Herritar fundazioko kide Patxi Lasak, Myriam Gomezek eta Maite del Campok. Sortu duten komunitateak duen garrantzia eta indarra.

Lasa da Paris 365 egitasmoko sortzaileetako bat, eta fundazioko patronatuko presidentea. Del Campo boluntario hasi zen, duela sei urte, jantokiko sukaldean, baina, gaur egun, proiektu horren babespean sortutako bigarren eskuko dendetan ari da.

Gomez izan da ailegatzen azkena. Duela bi urte eta erdi hasi zen patronatuan lanean. Jantokia, halere, zabaldu zenetik ezagutzen du. Argi du berdinen arteko harremanak sustatu nahi dituela proiektuak, eta ahalegin horretan egin duela azken hamar urteotako bidea.

Krisi garai betean

2008. urtean egin zuen eztanda azken urteotan herritar anitzen egunerokoa baldintzatu duen krisi ekonomikoak; Paris 365 jantoki solidarioa krisi horrek eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan, hain zuzen. Gizakia Herritar fundazioko kideek beti argi izan dute erakunde publikoei dagokiela herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea, baina krisi ekonomikoak itota zirenen premiazko egoerari konponbidea emateko beharrean zirela sentitu zutelako jarri ziren martxan.

Lehen asmoa izan zen bazterketa egoeran zirenen elikadura bermatzea; eta, horrekin batera, pertsona horiek laguntzeko aholkularitza juridikorako doako zerbitzua eskaintzea ere bai. “Jantokia sortu baino lehen, hiriko beharrak aztertzeko ikerketa egin genuen, eta ikusi genuen bi lan ildo horietan urratsak egiteko beharra bazela”, gogoratu du Patxi Lasak.

Elkartasunaren eta justizia sozialaren ikuspegitik egin ditu Paris 365 proiektuak orain arteko urrats guztiak. “Bazterketa egoeran direnak laguntzeko edo artatzeko jarduera duindu nahi izan dugu, hasieratik”. Horregatik, jantokiko menuak 0,50 euroren truke eman dituzte beti. “Salneurria jarri dugu erabiltzaileek senti dezaten deus ez digutela zor”, erran zuten arduradunek, abian jarri zirenean.

Geroztik joan diren hamar urteotan gauzak anitz aldatu direla nabarmendu du Lasak. Krisiaren ondorioz edo haren itzalpean sortutako langile pobreak aipatu ditu Paris 365 proiektuko arduradunak, eta haiek artatzeko beharra. Argi utzi du sare baten babesa izan ez dutenentzat zailagoa izan dela lanpostu bat lortzea; eta lortu dutenentzat, soldatak behera egin duela eta baldintzak lehen baino kaskarragoak direla erantsi du.

Horrek guztiak sortu du erantzuteko modua aldatzeko beharra. “Argi dago guk adabaki bat baino ezin dugula eskaini. Baina uste dugu garrantzitsua dela arazoari aurrea hartzeko lan egitea ere, enplegua sustatzeko neurriak jorratuz eta hezkuntza bultzatuz”, azaldu du Gomezek.

Txokoa, sukaldea, dendak

Paris 365 jantoki solidarioak Jarauta karrikan zabaldu zituen ateak, 2009. urtean; hamar urteko bidean egindako urratsek tokiz aldatzera eraman dute, hainbat aldiz. Egun, Descalzos karrikan dago jantokia. Inguruko karriketan, gainera, egoitza horretan mamitutako bertze hainbat proiektuk hartu dute beren tokia.

Lehendabizikoetako bat izan zen Paris 365 Txokoa. “Jantokira etortzen zirenen ahotik ikasi genuen behar zutela egoteko toki bat; neguan, batez ere, eskertzen zuten bat egiteko, lasai egoteko espazio bat izatea”, azaldu du Lasak.

Komunitatea osatzen ari zen jada, Paris 365 proiektuaren inguruan. Taldeak bertze urrats bat egin zuen sukaldea eta jakientzako gordailua zabaldu zituenean. Sukaldearen bidez, batetik, helburu hirukoitza lortu du fundazioak. Batetik, jantokian zerbitzatzeko menuak prestatzen dituzte han; bertzetik, kanpora saltzeko menuak ere egiten dituzte, proiekturako finantzaketa lortzeko; eta, hirugarrenik, jantokiko erabiltzaileen formakuntza sustatzeko erabiltzen dute.

Gordailuaren bidez, bertzalde, erabiltzaileek saskia betetzeko aukera dute, hilabetean behin. “60 pertsonak jasotzen dute zerbitzu hori. Elikagai banku baten gisakoa da, baina denda baten itxura eman nahi izan diogu, erabiltzaileek berek erabaki dezaten zer hartuko duten. Bazterketa egoera batean egoteak ez du erran nahi erabakitzeko gaitasunik ez duzunik”, erantsi du Lasak.

Paris 365 proiektuaren inguruan bat egin duten erabiltzaileen artean nagusi dira haurrak dituzten emakumeak. Guraso bakarreko familiak osatzen dituzte emakumeok, gehienetan, eta zaintza lanak, anitzetan, oztopo bilakatzen dira emakumeok enplegu bat bilatzeko, edo aisia propioaz gozatzeko, bertzeak bertze. “Lagun batekin kafe bat hartzera joateko aukera ere ez dute, ezin badituzte seme-alabak norbaitekin utzi”.

Behar horrek bultzatuta, ludoteka jarri zuen martxan Gizakia Herritar fundazioak. Ludoteka horren funtzionatzeko modua garatuz joan da, eta, egun, Garabato izenburupean, ikasteko komunitatea da. “Ez da bakarrik proiektuko erabiltzaileek baliatzeko espazio bat. Auzoko guraso eta haur guztientzat zabalik dago. Hamaika tokitako pertsonek egiten dute bat, eta elkarrekin ikasten dituzte zaintza onari buruzkoak”, nabarmendu du Gomezek.

Hiritar ekintzaileak

Komunitatea sendotzeko pizgarri garrantzitsua dira Paris 365 egitasmoaren babespean sortutako dendak ere. Maite del Campo da arduradunetako bat. “Boluntarioak eta erabiltzaileak ari gara elkarrekin. Hasieran, denda txiki bat genuen, baina handituz joan zen proiektua”. Orain, bi dituzte, biak Iruñeko Alde Zaharrean. 90 pertsona inguru ari dira lanean, denera. “Jostunak ere baditugu, ematen dizkiguten arropak moldatzeko, saldu aurretik. Dendek emandako pieza berriak ere saltzen ditugu, bai eta guk erositako hainbat ere”.

Auzoan bere tokia lortu du Paris 365 proiektuak. Auzoko bizitzan eragin du, eta auzoko kideen arteko harremana sendotzeko balio izan du. “Elkarri laguntzea da kontua; hiritarrak ekintzaile bilakatzea”. Lan horrek ekarri du saririk: jantoki baten inguruan sortutako komunitatea.