Zergatik, zertarako eta zenbat

Zergatik, zertarako eta zenbat

Edurne Elizondo

Martxan da. Drogen eta bertzelako menpekotasunen prebentziorako III. plana onartu du Nafarroako Gobernuak, 2023ra bitarteko eperako. 2019. urterako, zehazki, 1,4 milioi euroren aurrekontua prest du Osasun Departamentuak. Funtsean, bigarren planari segida ematen dio onartu berri duten testuak, baina baditu hainbat kontu berri: batetik, jokoaren eta substantziarik gabeko menpekotasunen auzia jaso du planak; bertzetik, gazteen ingurunean eragiteko neurriak hartzeko beharra aipatzen du.

Hegoak elkarteak txalotu egin du gobernuak “egoera berrietara” egokitzeko egindako ahalegina, hain zuzen ere. Substantziarik gabeko menpekotasuna jorratzeko urratsa eskertu du, bereziki, eta ontzat jo du hala egin izana talde horretako kide Leire Blasquizek. Ez hori bakarrik. “Elkarlan sareak sortzeko asmoa ere bada, eta hori ona izanen da. Substantziak jarri dira denbora luzez erdigunean; baina aztertu behar dugu gazteek zergatik, zertarako eta zenbat kontsumitzen duten”.

Planak substantziarik gabeko menpekotasunak ere jaso ditu. Iñigo Uriz / Foku

Esparru horretan lanean ari direnen esperientzia baliatzea da kontua. Hegoak da gazteekin harreman zuzena duten elkarte horietako bat; Gizakia Helburu fundazioa da bertze bat. Erakunde horretako Suspertu programako kide Garikoitz Mendigutxiak planak inguruneari ematen dion garrantzia nabarmendu du, bereziki. “Ingurunean eragitea da kontsumoari eta menpekotasunari aurrea hartzeko modurik eraginkorrena”, erran du. Azaldu du ingurunean eragitea zer den, adibide sinple baten bidez. “Tabakoaren legeak horixe egin du; erretzeko espazioak murriztu ditu, eta horrek ekarri du kontsumoak behera egitea”.

Badira, halere, ingurunean eragiteko bertzelako moduak. Europako hainbat herritan hemen baino urrats gehiago egin dituzte, eta horietako bat jarri du Mendigutxiak mahai gainean: Islandia. “Herri horretako agintariek etxeko eta etxetik kanpoko lanak uztartzeko neurriak onartu zituzten, gurasoek haurrekin egoteko denbora gehiago izan zezaten; aisialdirako espazioak ere atondu zituzten, bertzelako alternatibak martxan jartzeko, eta nerabeen etxera itzultzeko ordua adostu zuten. Kontsumoak nabarmen egin du behera herri horretan”, kontatu du Suspertu programako arduradunak.

Nerabeekin egin daitekeen lana da aldaketa bat gertatzeko giltzarri, Mendigutxiaren hitzetan. Gobernuak onartutako planak, halere, gazteen eta helduen artean dauden joerak ere nabarmendu nahi izan ditu, eta kezkagarritzat jo du, bertzeak bertze, gazte eta helduon “alkohol kontsumo intentsiboa”. Alkohola da, hain zuzen ere, gehien kontsumitzen den droga. “Gazteek gehien kontsumitzen dituzten substantziak dira helduek gehien kontsumitzen dituztenak ere”, azaldu du plana jaso duen testuak.

Alkoholarekin batera, tabakoa dago lehen postuetan. Hirugarrena kalamua litzateke, Mendigutxiak azaldu

Iñigo Uriz / Foku

duenez. Nafarroako Gobernuak kalamuaren kontsumoari buruzko kanpaina egin du, eta Iruñeko hamaika txokotan ikus daitezke jada substantzia horrek gizakion burmuinari eragiten diotela ohartarazteko prestatutako kartelak.

Osasun Departamentuak hainbat datu jarri ditu mahai gainean: gazteen %30ek erretzen dute tabakoa; gazteen %85ek edan dute alkohola noizbait, eta adingabeen %80k edan dute, adinez nagusi izan aurretik. Alkohola edaten hasteko batez bertzeko adina, hain zuzen, 14,7 urte da.

Kalamuaren kasuan, 14 eta 64 urte bitarteko herritarren %40k probatu dute; kopurua %39 da, 14 eta 18 urteko gazteen artean. Inkestak azken hilabetean kontsumitu ote duten galdetu dienean gazteoi, %19k erran dute baietz, 18 eta 29 urtekoen artean; %22k, berriz, 14 eta 18 bitartekoen artean.

Lehentasunak ezarri

Kezkagarriena alkoholaren kontsumoa “normalizatzeko” prozesua izan dela uste du Suspertuko Garikoitz Mendigutxiak. Kontsumoa errazten duten elementu anitz badela erantsi du, eta arlo horretan ere beharrezkoa dela aldaketak gertatzea. “Nerabeei esaten diegu ez edateko; baina nerabe horiek beren gurasoak ikusten dituzte edaten. Alkoholaren, tabakoaren edo jokoaren arloan, adibidez, enpresek botere handia dute, eta horrek ere badu eragina”. Kalamuaren kontsumoa ere, neurri batean, “normalizatu” egin dela nabarmendu du gobernuak, abian jarri duen kanpainaren harira.

Mendigutxiak argi du “lehentasunak ezartzeko garaia” dela. “Nerabeei esaten diegu ez kontsumitzeko, baina, aldi berean, helduak kontsumitzen ikusten dituzte. Kate hori apurtu behar dugu benetako prebentzio lan bat egiteko, nerabeoi bertzelako ereduak emanez”. Adibide bat aipatu du Suspertuko arduradunak: “Amsterdamera joaten bazara, tren geltokitik atera, eta bizikleta pila ikusiko dituzu; zuk ere bizikleta hartuko duzu hiritik mugitzeko, hiriak berak erakusten dizulako hori egin behar duzula. Kontsumoaren esparruan gauza bera gertatzen da. Bestelako ereduak erakutsi behar ditugu”, erantsi du Mendigutxiak.

Hegoak erakundeko kideek pertsonen prozesuak jarri nahi dituzte erdigunean. Hori da egin beharreko lanaren funtsa, haien ustez. Horregatik, gobernuak onartu berri duen planak “autonomiaren begirada sartzeko” egin duen urratsa nabarmendu du Leire Blasquizek. “Orain arte, substantziak egon dira erdigunean, batez ere; gure lana da pertsonen prozesuak aztertzea, ordea. Nork bere erabakiak hartzen ditu, eta erabaki horiek hartzeko autonomia izan behar da, pertsona horren osasunaren inguruko lan intentsiboa eginez”.

Gobernuak kanpaina hasi du kalamuaren inguruan.

Kontsumitzen duenak arduraz kontsumi dezala hartu dute Hegoak elkarteko kideek helburutzat. “Gure asmoa da lan egitea jakiteko kontsumitzen duen pertsona horrek zergatik, zertarako, zer, noiz eta zenbat kontsumitzen duen; kontsumo mota guztiak ez dira berdinak, ezta arriskuak ere”, azaldu du Blasquizek. Hausnarketa hori menpekotasunen inguruko planetan jasotzea hagitz garrantzitsua dela uste dute Hegoak elkarteko kideek, hain zuzen ere. “Alkoholarekin gertatu da, adibidez, kontsumoa normalizatu egin dela, eta horrek ekarri du dituen arriskuak hain garbi ez ikustea”.

Arduraz egindako kontsumoak eta gehiegizkoak ez dutela arrisku bera ekartzen erantsi du Blasquizek. “Ez da berdin egunero kontsumitzea, edo ospakizun batean egitea, jakinda zeintzuk diren norberaren mugak”.

Mendigutxiak uste du nerabeek kontsumitzen dutela bertzeek ere egiten dutelako. “Gehiegi pentsatu gabe; ez dago hausnartutako erabaki bat atzean”. Hegoak elkarteko kideek, ordea, bertzelako errealitate bat ezagutu dute artatzen dituzten gazteen bidez. “Guk ikusten dugu gazteek erabaki arduratsuak hartzen dituztela, eta beren osasunarekin kezka badutela. Informazioa jasotzen dute, eta gogoeta egiten dute, kontsumitzea edo ez kontsumitzea erabakitzeko”, azaldu du Blasquizek.

Soslai bat osatzea zaila dela uste du Hegoak elkarteko kideak, eta erabaki horien atzean era askotako irizpideak badaudela. Taldeak duela hogeita bost urte hasi zuen bere bidea, eta urteotan guztietan arduraz kontsumitzeko interesak gazteen artean gora egin duela argi du Leire Blasquizek. “Ikusi dugu, halaber, erakunde publikoen inplikazioak ere gora egin duela, eta polita da haien eta elkarteon artean sortu den elkarlana”.

Zabala da jorratu beharreko esparrua. Gobernuak onartutako planak ere nabarmendu du anitz direla kontsumoaren atzean dauden faktoreak, bertzeak bertze, substantzia bera, kontsumitzen duenaren testuingurua, inguru hurbila, bai eta testuinguru sozioekonomikoa ere. Pertsonen osasuna jarri nahi du planak erdigunean, eta, horretarako, drogen arriskuez ohartaraztea hartu du xede. Alkoholaren gisako drogen normalizazio prozesuak ere jarri nahi ditu zalantzan.