Edurne Elizondo
Urduri eta kontent. Halaxe da Joxe Lacalle, egunotan. Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) argazki liburua argitaratu zuenean bezain urduri eta kontent. Lan horretan, prentsa argazkilari gisa lan egindako urteetan bildutako irudiak jaso zituen Egunkaria eta Egin hedabideetako langile ohiak. Azken hamarkadetan Nafarroan gertatutakoen kronika egin zuen Lacallek liburuan, bere argazkien bidez, eta kronika horren barruan dago kamera hartu aurretik Lacallek berak sufritutako erasoa: bonba bat jarri zioten Lacalle izeneko bere tabernan. Duela berrogei urte gertatu zen eraso hori, eta, ordukoak gogoratzeko, ekitaldia eginen dute bihar, 19:00etan, Iruñeko Alde Zaharreko Pellejerias zokoan.
Lacallek urtero oroitu du 1979ko martxoaren 27koa, taberna zegoen tokian bertan. “Urtero joan naiz egun horrekin Jarauta karrikaren 22ra. Aurten, berrogei urte betetzen direnez, zerbait berezia egin nahi nuen. Gazteek jakin dezatela hemen zer gertatu zen”.
Ez zen lehena izan
Orain Aitzina taberna dena izan zen Lacalle ostatua. Argazkilariaren gurasoek zabaldu zuten, eta Joxe Lacalle ezkondu zenean, 1974. urtean, negozioaren ardura bere gain hartu zuen. Han egindako lagunak nabarmendu ditu; tabernan bizi izandako momentu onak. “Gure taberna izan zen legeztatu zutenean ikurrina jartzen lehena”, gogoratu du, harro.
Taberna zegoen eraikin berean zuen Lacallek etxebizitza, 1979an. Emaztearekin eta lau seme-alabekin bizi zen Jarauta kalean. “Zaharrenak bost urte zituen, eta txikienak, berriz, hilabete gutxi”. Duela berrogei urtekoa jaso baino lehen, izan ziren bertzelako erasoak Lacalle tabernaren aurka. “Telefonoz deitzen zuten, mehatxu egiteko, adibidez”. 1978an, berriz, Kristo Erregeren Gerrillariak joan ziren tabernara. “Emaztea haurdun zegoen. Atea hautsi, eta tabernan sartu ziren, borrekin eta pistolekin”.
Egoerak okerrera egin zuen, handik urtebetera. 1979ko martxoaren 27an. Goizez, jende gutxi ibiltzen ohi zen tabernan; denak ezagunak, halere. Horregatik, bi baso ardo edan eta gero komunera sartu zen gizonak atentzioa eman zion Lacalleri. “Kobratu, eta sei pezeta itzuli nizkion; baina barra gainean utzi, eta alde egin zuen, komunetik atera zenean”, gogoratu du.
Bonba uztera sartu zen komunera. Lacallek aurkitu zuen, poltsa batean sartuta. “Ireki, eta kableak ikusi nituen”. Taberna hustu, eta Poliziari eman zion abisua. “Bost hilabeteko semea sehaskatik atera behar izan nuen korrika”. Artezilari batek poltsa hartu zuen, eta lehertu egin zitzaion, ateratzen ari zenean. Lacallek fresko ditu orduko beldurra eta kezka. Accion Nacional Española taldeak aldarrikatu zuen erasoa. Batallon Vasco Español taldeko adar bat zen.
Lacallek, halere, gogoan du, batez ere, auzokideengandik jasotako elkartasuna. Auzolanean konpondu zuten taberna. “Gazteak, gainera, erasoa gertatu eta gero, itxi arte gelditzen ziren nirekin. Gero jakin nuen txandaka aritzen zirela, bakarrik ez uzteko”, erran du, hunkituta. Lacallek 1987an utzi zuen taberna, drogak auzoan zuen presentziarekin arduratuta. “Ez nuen hori nahi seme-alabentzat”. Kamera hartu zuen, orduan.