19 urteko gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita

19 urteko gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita

Tuterako Udaltzaingoak (Nafarroa) 19 urteko gizonezko bat atxilotu du asteburu honetan, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. BIkotekideak, 22 urteko emakume batek, salaketa jarri zuen ostiralean Foruzaingoan.

Biktimak babesteko sistema kontsultatuta, foruzainek ebatzi zuten arrisku maila «muturrekoa» zela —ez dute zehaztu gizonezkoak zigor aurrekaririk edo urruntze agindurik ote zuen—, eta laguntza eskatu zion udaltzaingoari, gizona atzemateko. Larunbat goizaldean aurkitu zuten susmagarria, Queiles pasealekuan. Han bertan atxilotu eta Foruzaingoaren polizia etxean sartu zuten, behin-behinean preso. Epailearen aurretik igarotzekoa da gaur.

Bikotekidearen aurka oldartutako 29 urteko gizon bat ere atxilotu zuen Foruzaingoak larunbatean, Tuteran bertan, Juan Antonio Fernandez kalean. Polizien arabera, gizona «asaldatuta» zegoen, eta urrundu beharrean, bultzaka hasi zen polizien kontra. Behin-behinean preso eraman zuten hura ere.