Edurne Elizondo
Gogoan dut, behin, oholtza gainera igo, eta pentsatu nuela: hau da benetan maite dudana, hau da beti egin nahi dudana; oholtza gainera igotzen jarraitu nahi dut, eta gauzei beren kasa gertatzen utzi”. Maite Beaumont mezzosoprano iruindarra da mintzatu dena. Adi entzun ditu lagunaren hitzak Sabina Puertolas Tafallako sopranoak, eta buruarekin keinu bat eginez baieztatu ditu. Gehiago erantsi nahi izan du: “Maite duguna egiten dugulako sortzen da magia oholtza gainean. Musika egiten dugu, sortzen dugu, eta hor magia bada”.
Iruñean eta Tuteran egin dute bat Beaumontek eta Puertolasek. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritu dira hiriburuko Baluarte auditoriumean eta Tuterako Gaztanbide antzokian, Manuel Hernandez-Silvaren zuzendaritzapean. Pergolessiren Stabat Mater obra eskaini dute abeslariek.
“Bi kantariok elkarrekin entzun nituen lehendabiziko aldiak erabat hunkitu ninduen; beti gogoratuko dut orduko sentsazio zoragarria”, erran du Hernandez-Silvak, Beaumonti eta Puertolasi buruz. Bien arteko harremana estua da oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere.
“Pablo Sarasate kontserbatorioan ezagutu genuen elkar. Oroitzen zara garai hartaz? Nire ahizpak ere han ikasten zuen”, galdetu dio Beaumontek Puertolasi. Gogoan ditu ordukoak, bai, Tafallakoak. Ikasketak amaituta, halere, nork bere bidea egin zuen, eta Euskal Herritik kanpo egin zuten topo, berriz ere. “Bruselan”, gogoratu dute.
Iruñean kantu eta biolin ikasketak amaituta, Alemaniara joan zen Maite Beaumont, trebatzen jarraitzeko. Hanburgoko Musikhochschulen aritu zen, zehazki, Hanna Schwarzekin. Hanburgoko Opera Studioko kide bilakatu zen, eta, gerora, Ensemblekoa. Puertolasek, berriz, Iruñetik Italiarako bidea egin zuen: Sienako Accademia Chigianan ikasi zuen, bai eta Bussetoko Accademia Verdianan ere. Hamaika kontzertu eta operatan parte hartu dute bi abeslari nafarrek, eta hainbat disko grabatu dituzte.
Nafarroatik kanpo aurkitu dituzte biek operaren munduan bide bat egiten hasteko lehen aukerak, baina estimatzen dute anitz Iruñeko kontserbatorioan jasotako heziketa. Sorterrian maite eta estimatzen dituztela sentitzen dute. “Tafalla herri txiki bat da, baina kultur jarduera guztietan parte hartzen nuen nik, eta beti eskertuko ditut abesteko izan nituen aukera horiek guztiak”, erran du Puertolasek.
“Maila handiko musika heziketa jasotzeko aukera bada Iruñean; hutsunea mundu profesionalera jauzia egiteko orduan sumatzen da, ikasketen eta lanaren esparruen arteko zubirik ez baitago”, azaldu du Beaumontek. Horregatik erabaki zuen Alemaniara joatea. “Lehendabiziko rolak lortzeko, sasoi iraunkor bat dagoen toki batera joan behar duzu. Oholtza gainean egoten ikasi behar duzu, pixkanaka”, erran du. Ados da Puertolas ere. “Ikasketak amaituta, garrantzitsuena da esperientzia lortzea, eta hemen ez dago azpiegitura egokirik. Dagoen tokira joan behar duzu, trebatzeko, ikasten jarraitzeko”, erran du.
Heldutasunean
1996. urtean, Julian Gaiarre kantu txapelketako hirugarren saria irabazi zuen Puertolasek. Ordutik egindako urratsek moldatu eta aldatu dute sopranoa. “Nire burua, nire gorputza, nire ahotsa aldatu dira”. Beaumontek ere heldutasunak emandakoa nabarmendu du, eta eskertu du esperientziak ekarritako segurtasuna. “Ikasten duzu zuretzat zer den onena; zer-nolako rolek egiten dizuten mesede eta zeintzuk ez”.
Abeslariek, batez ere, abesten jarraitzeko izan duten aukera eskertu dute. Beaumont: “Nik ez nuen uste, duela hogei urte, musika nire lanbide bilakatu ahal izanen nuenik”. Puertolasek ere ez. Horregatik, helburuak zehaztea ez du gustuko Tafallako sopranoak. “Inportanteena bidea da; urrats bakoitzarekin gozatzea”. Egiten dutena gustuko izatea ezinbertzekoa da operaren esparruan aurrera egiteko. Hori argi dute sopranoak eta mezzosopranoak; eta ongi dakite, halaber, gustuko duten hori egitea ez dela nahikoa. “Lan egin behar duzu; aukerak bilatu behar dituzu; eta zortea ere alde izan behar duzu. Lehia handiko esparrua da gurea”, erran du Beaumontek.
Oholtzaren atzean gertatzen direnei buruz jendeak gutxi dakiela azaldu du mezzosopranoak, baina oholtzaren atzean hartzen dira erabaki nagusiak, hain zuzen ere. “Produktu bilakatzen gara, neurri batean; abeslari bakoitzak baditu bere ahotsa, bere nortasuna, hobeki egokitzen zaizkion rolak, oholtzan mugitzeko bere modua, eta hori guztia hartzen du zuzendariak kontuan zu edo bertze bat kontratatzea erabakitzen duenean”.
Agentzien lana aipatu du Sabina Puertolasek. “Haien zeregina da sortutako produktua saltzea”. Nabarmendu du, halaber, opera baten atzean talde lan handia dagoela, eta denen lanak eragiten diola bertzeei. “Bertzeen lana ere kontuan izan behar duzu zurea egitean”. Ezinbertzeko bertze ezaugarri bat badela nabarmendu du Puertolasek: “Malgutasuna. Malgutasunez jokatu behar duzu mundu honetan aurrera egin ahal izateko, zuzendarien lan egiteko moduetara, oholtzetara, bertze abeslarien eretara egokitzeko”.
Maite Beaumontekin lan egitea erraza da Puertolasentzat. Hori baino gehiago: “Kolpean maitemindu nintzen bere lan egiteko moduarekin, bere ahotsarekin. Babesa sentitzen dut elkarrekin abesten dugunean”. Agerikoa da bi abeslarien arteko konplizitatea; agerikoa da musikarekiko duten grina eta pasioa. Eta agerikoa, batez ere, oholtza gainean dena emateko duten ardura. “Zure onena ematera atera behar duzu beti oholtza gainera. Sabinarekin erraza da. Ongi ulertzen dugu elkar, eta gure ahotsek bat egiten dute”, erantsi du Beaumontek.
Jendez betetako espazioa da antzoki bat. Opera bat estreinatu ondoko besta giroa nabarmendu du Puertolasek. Baina makillajea kendu eta hoteleko gelara itzultzearekin batera, bakardadeak harrapatzen du artista. “Momentu hori zaila da; arrakasta lortu edo porrot egin, bakarrik zaudenean, jakin behar duzu zure burua eta zure emozioak kudeatzen; bertzela, zureak egin du”.
Lagunarekin bat egin du Iruñeko mezzosopranoak ere. “Zu zeu zara zure kritikaririk zorrotzena. Zuk inork baino hobeki dakizu noiz eman duzun onena”. Gerta daiteke onena emanda ere nahi edo espero bezainbertze txalo ez jasotzea. Baina horrek ez du Beaumont gehiegi kezkatzen. “Nire buruarekin ongi eta lasai sentitzea da kontua; hori lortuta, gainerakoek bost axola”, erran du, irmo.
Etxetik urrun
Maite Beaumontek Iruñean du etxebizitza; Sabina Puertolasek, berriz, Madrilen. Etxetik kanpo ematen dute denbora anitz, halere. “Gure lanbideak hori du, hemendik harat ibili behar dugula. Gauza anitz utzi behar ditugu bazter”, erran dute. Merezi duela zalantzarik ez dute, halere. Baina zenbaitetan etxekoengandik urruntzea zailagoa dela onartu dute biek.
Alaba bat du Beaumontek, eta seme bat, berriz, Puertolasek. “Haiekin egoteko dugun denbora guztia aprobetxatzen dugu”. Amatasuna eta lanbidea uztartzea ez da beti erraza, bi abeslariek onartu dutenez. Baina ez dute uste haientzat bertze edozein lanbidetan ari den emakume batentzat baino zailagoa denik.
Egutegiari so egon behar dute beti, halere. “Harat eta honat”. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritzeko, astebeteko oporraldia eman diote Beaumonti, Madrilen. Verdiren Falstaff lana aurkezteko ari da lanean. Ostegunean eta ostiralean Iruñean, eta larunbatean Tuteran abestu eta gero, igandean itzuli zen mezzosopranoa Madrilera.
Sabina Puertolasek ere Madrilen du hurrengo lana: Doña Francisquita ari da prestatzen. Handik Oviedora joanen da, eta, gero, berriz, Txilera. Atseden hartzeko ia denborarik ez dute. Baina kontent dira. “Maite duguna egiten”, berretsi dute. Operara hurbildu nahi dute jendea. “Oraingoa jada ez da diven garaia”, erran dute.
Hasieran errandakoa berretsi dute Puertolasek eta Beaumontek, halere. Maite dutena egiten dutelako beren ahotsek magia sortzen dutela oholtza gainean, alegia. Musika egiten dutela abesten dutenean. Eta elkarrekin abestea biziki maite dutela. Agerikoa da elkar ongi ezagutzen dutela; elkar errespetatzen dutela. Oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere, artista direla. “Divak? emakume arruntak gara”, barre egin dute.