Edurne Elizondo
Gorputza, emozioak, eremu soziala, burua eta identitatea. Bost ardatz horiek hartu ditu oinarri aurtengo Artea Oinez erakusketak. Iruñeko Kondestablearen jauregiko lehendabiziko solairuan dago jada ikusgai, maiatzaren 12ra bitarte. Hego Euskal Herriko hirurogeita hamar artistak parte hartu dute, nork bere proposamen, teknika eta mezuarekin, denen artean gorputzari, buruari, emozioei, identitateari eta gizarteari buruzko gogoeta saioa osatuz.
“Kontent” da Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz erakusketarekin. Komisario lanak egin ditu, eta argi du bildutako lanak egungo Euskal Herriko artearen lagin interesgarria direla.
Iruñean erakutsi eta gero, bertze hilabete batez ikusi ahal izanen dira obra horiek Tuterako Almirantearen Etxean. Harago joan nahi izan du ikastolen elkarteak aurtengo bere erakusketarekin, gainera, eta ikasgeletan jorratzeko proposamen didaktikoa ere prestatzen ari da, erakusketak berak dituen bost ardatzak oinarri hartuta.
Altsasuko ikastolako kideen eskutik jaso zuten Tuterako Argiakoek aurtengo Nafarroa Oinez besta antolatzeko arduraren lekukoa. Lanean ari dira jada, jo eta ke, Izan argi! lelopean antolatzen ari diren besta prestatzeko. Arteak toki nabarmena izan du, azken urteotan, Nafarroako ikastolek Oinez-aren giroa berotzeko antolatutako programetan, eta Tuterak ez du arlo horretan hutsik egin nahi izan. “Argia ikastola eta bere komunitatea bezain bizia da”, erran du Argiako presidente Maru Erizek, erakusketari buruz.
Artea Oinez erakusketan parte hartzen duten artisten artean, batek toki berezia du: Tuterako Javier Sueskunek, alegia. Bere obra bat jaso ez ezik, artista bera omentzeko ekinaldi gisa ere antolatu du Argia ikastolak erakusketa osoa, hain justu. “Sueskunen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dugu, eta, aldi berean, artearen arloan egin duen ekarpen zabala txalotu”, nabarmendu dute ikastolako kideek.
Askotariko euskarriak
Eskultura, pintura, argazkigintza, teknika mistoak, bideoak… Askotarikoak dira Kondestablearen jauregian bat egin duten lanak egiteko erabilitako teknikak eta moduak. Artelan horietako hainbat, gainera, propio Artea Oinez erakusketan parte hartzeko osatu dituzte artistek. Halakoak dira, adibidez, Naroa Lizarrenak. Plastikozko gailu elektriko bilakatu ditu kaikuak. Argia ikastolakoentzat propio egin du bere obra Ibon Aranberrik ere: Li-lu-ra-rik-ez izenburuko argazkia, alegia.
Dora Salazar, Mari Jose Rekalde, Lorea Alfaro, Xabier Morras, June Crespo, Miren Doiz, Fernando Pagola eta Txuspo Poyo dira erakusketan parte hartu duten artistetako zenbait. Clemente Bernaden argazki bat ere zintzilikatu dute Kondestablearen jauregian. Artista horrek urtebeteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna jaso berri du, hain zuzen ere, Iruñean meza frankistak antolatzen dituen anaidiaren “intimitatea urratzea” egotzita. 2016. urtean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari zirela. Monumentuko azpiko kriptan ere jaso zituzten zenbait irudi. Ondorioz, hango meza frankistak antolatzen dituen Gurutzearen Zaldun Boluntarioen anaidiko kide batek salaketa jarri zuen haien kontra.
Epaiak Martinez absolbitu eta Bernad zigortu du. Horri buruz, halere, erakusketako komisario eta ikastolen elkarteko kide Josu Reparazek ez du hitz egin nahi izan, lanak aurkezteko egindako agerraldian. “Ez da halakoak baloratzeko unea”. Eskertu du, halere, Bernaden parte hartzea. Artea Oinez erakusketan da haren lana, bertze obrekin batera.