Dekretu artean harrapatuta

Edurne Elizondo

Harritu gaitu agerraldiak; ez da egia irregulartasunak gertatu direnik”. Horixe erantzun diote Nafarroako Osasun Departamentuko arduradunek herrialdeko gobernuz kanpoko hainbat erakundek jendaurrean egindako salaketari. Paperik gabeko migratzaileen osasun arreta ez direla behar bezala bermatzen ari utzi dute agerian Nafarroako Osasun Plataformak, SOS Arrazakeriak, Paperak Denontzat erakundeak eta Munduko Medikuek, hedabideen aurrean elkarrekin agertu eta gero.

Zehazki, salatu dute osasun etxeetan erroldatuta egoteko eskatzen dietela paperik gabeko migratzaileei, herrialdean bizi direla erakusteko; osasun etxeetako gizarte langileek aldeko txostena egin behar dutela, herrialdean gutxienez hiru hilabete egin dituztela ezin froga dezaketen migratzaileek osasun txartela eskatzen dutenean; faktura bidaltzen dietela larrialdi zerbitzu guztietan artatu eta gero; adingabeak eta haurdunak ez dituztela berehala sartzen Nafarroako Osasun Sisteman; eta pasaportea eskatzen dietela, edo, agiri hori ez badute, dokumentaziorik gabekoen izen-emate zedula. Azken hori Espainiako Poliziak ematen du, eta, ondorioz, paperik ez duten migratzaileek ez dute eskatzen, kanporatzeko agindua jasoko ote duten beldur izaten direlako.

Egindako salaketei eutsi diete gobernuz kanpoko erakundeek, Nafarroako Gobernuak bere erantzunaren berri eman eta gero. “Errealitatea ukatzea ez da bide egokia; ez dira osasun arreta unibertsala bermatzen ari, eta horrek izan beharko luke Osasun Departamentuaren lehentasuna”, erran du SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizanek.

2012tik, kolokan

Paperik gabeko migratzaileen osasun arreta 2012. urtetik egon da kolokan. Urte horretan, PPren agintaldian, Espainiako Gobernuak dekretu bidez erabaki zuen paperik ez zutenak osasun arretarik gabe uztea. Hiru salbuespen zehaztu zituen dekretuak: larrialdiak, haurdunak eta adingabeak. Nafarroan, 5.700 inguru dira paperik ez dutenak. Gutxi gorabeherako kopuru bat da, zehazteko zaila baita.

2012ko dekretu horri lege batekin erantzun zion Nafarroak, 2013. urtean. Parlamentuak onartutako arauaren bidez, pertsona guztien osasun arreta bermatu zuten. Herrialdean bizitzea nahikoa zen horretarako. 2018. urte hasieran, ordea, lege hori bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako araudiarekin bateragarria ez zelako, sententzia sinatu zuten epaileen ustez.

2018ko udan, Pedro Sanchez sozialistak hartu zuen Espainiako Gobernuaren ardura, PPko Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioak aurrera egin eta gero. Dekretu berria onartu zuen gobernu horrek, berehala, osasun gaiei buruz. Nafarroako Osasun Plataformak, Paperak Denontzat eta gainerako gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute iazko dekretuak ez zituela 2012ko arau guztiak indargabetu, halere. Erakundeok nabarmendu dute, batez ere, iazko dekretuak 2012an ezarritako erabiltzailearen figurari eutsi diola, eta horrek ekarri duela osasun arreta eskubide gisa galtzea.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako osasun legea bertan behera utzi eta gero, lasaitasun mezua zabaldu zuen Osasun Departamentuak, eta iragarri zuen arau berria onartuko zutela herritar guztien osasun arretarako eskubidea bermatzeko. SOS Arrazakeriako bozeramaile Beatriz Villahizanek erdigunean jarri nahi izan zuen orduan, jada, eskubideen auzia, eta gobernuari eskatu zion indargabetutako legerearen bidetik, baldintzarik ezar ez zezala arreta jasotzeko. “Oinarrizko giza eskubideez ari gara, eta ezin digutu baldintzekin mugatu”, erran zuen. Eta mezu bera berretsi du orain.

Gobernuz kanpoko erakundeek argi utzi zuten adi izanen zirela. Urtebete joan da araudi berria onartu zenetik, eta erakundeok jendaurrean agertu dira, zituzten kezkak egia bilakatu direla salatzeko. Hainbat migratzaileren kexak jaso dituzte. Argi dute gehiago izanen direla, baina anitzek ez dutela salatzen, beldur direlako. Nafarroako Hitza saiatu da behar bezalako arreta jaso ez dutela salatu duten pertsonekin hitz egiten, baina ez du lortu.

SOS Arrazakeriaren, Munduko Medikuen eta gainerako erakundeen esku utzi dituzte, hala ere, bizi izandakoen kontakizunak. “Kasu horiek erakusten dute administrazioan nolabaiteko kaosa badela, eta horrek ekartzen du pertsona anitzen eskubideak zintzilik gelditzea”.

Erakundeok mahai gainean jarri dituzten kasuetako bat da gaixotasun kronikoa duen eta Nafarroan bizi den emakume batena. Herrialdean bizitzeko baimena badu, eta, mediku familiak artatu eta gero, espezialistarengana bideratu zuen. Joan aurretik bertan behera utzi zioten kontsulta, ordea, Gizarte Segurantzan izena emanda ez egoteagatik. Hemen bizitzeko baimena duen bertze emakume bati larrialdietako arretaren faktura bidali zioten; faktura baliogabetzeko eskubidea zuela erran zioten, baina ez zuen bere osasun etxeko gizarte langilearekin zita lortu, hiru aldiz eskatu arren, hiru hile baino gutxiago joan zirelako erroldatu zenetik.

Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute ere ospitalean erditu zen paperik gabeko emakume bati jasotako arretaren faktura bidali ziotela; indarkeria matxista sufritu zuen bertze bati exijitu ziotela gutxienez hiru hilabetez erroldatuta egon zela erakutsi behar zuela, osasun txartela jaso ahal izateko; eta bertze erkidego bateko bikote bati, Nafarroan bizi arren, dagokien osasun etxean arreta ukatu egin ziotela, bertzeak bertze.

Arartekoaren aholkuak

“Ez da exijitzen gutxienez hiru hilabetez erroldatuta egotea osasun arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko”, erran dute Osasun Departamentuko kideek. Onartu dute, halere, gobernuz kanpoko erakundeek Arartekoarengana jo eta gero, haren bulegotik hainbat gomendio helarazi zizkiotela gobernuari. Arartekoak erakundeon eskaerak bere egin zituen, eta Osasun Departamentuko arduradunei eskatu zien hiru hilabeteko epe hori bertan behera uzteko, prozedurak eta tramiteak errazteko eta arintzeko, eta fakturarik ez bidaltzeko. “Osasun arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko tramiteak arintzeko neurriak hartu ditugu, eta, ondorioz, hasieran egindako gomendioa bazter utzi du Arartekoak”, azaldu dute Osasun Departamentuko arduradunek. Onartu dute, beraz, osasun arreta bermatzeko prozesua argitzeko neurriak hartu behar izan dituztela.

Nafarroako Gobernuak nabarmendu du, hala ere, gobernuz kanpoko erakundeek ez diotela zuzenean eman Osasun Departamentuari elkarrekin egindako agerraldian ezagutarazitako kasuen berri. Erditu eta gero faktura jaso zuen emakumea aipatu dute gobernuko kideek, zehazki. “Erakundeekin izandako bileretan eskatu genien horren inguruko eta gainerako kasuen inguruko informazioa bidaltzeko, baina ez dugu deus jaso”, azaldu dute.

Errandakoari eta agerian utzitakoari eutsi diote erakundeok. “Gobernuari eman diogu guk dugun informazioa; osasun etxeetan txartela edo arreta ukatzeko mezuak jasotzen badituzte, guk zer emanen diogu gobernuari? Gobernuak ez dio aurre egin dagoen egoerari”, nabarmendu du Villahizanek.

SOS Arrazakeriako kideak argi du administrazioak denbora behar duela osasungintzaren gisako alor bateko protokoloak araudietara egokitzeko, baina herrialdean onar daitekeen edozein epe gainditu dela salatu du. “Protokoloak aldatu badira, informazioa ez da behar bezala helarazi osasun etxeetara eta larrialdi zerbitzuetara. Gobernuak hartutako neurriek ez dute funtzionatzen”. Osasun arreta bermatzeko eskatu du, bertze behin.

Irudia: Lander Arroiabe / Foku