Kultur espazio bat, berpizturik

Kultur espazio bat, berpizturik

Ane Eslava

Orain dela urtebete Auzolan liburu denda itxi zutenean, Iruñeko literaturazale asko “umezurtz” geratu ziren; hiriko erreferentziazko kultur espazio bat galdu zuten, berrogei urteren ostean. Baina, haien zorionerako, orain, beste liburu denda batek okupatu du aurrekoaren lekua; berpiztu egin da San Gregorio kaleko 3. zenbakiko kultur oasia. Menades du izena espazio berriak, eta Pilar Escalada eta Marta Martinez dira haren jabeak. Iazko udaren aurretik eskuratu zituzten lokaleko giltzak, eta azaroan ireki zituzten ateak berriro.

Escalada eta Martinez liburu saltzailea eta editorea dira, eta liburuen munduan izandako hartu-emanarengatik ezagutzen zuten elkar. Literatura bizitzeko modu ezberdinak zituzten, baina “bateragarriak”. Escalada iruindarra da, baina Zaragozan bizi izan da urte luzez, eta Iruñera itzuli nahi zuen; Martinez katalana da, baina Iruñera etorri nahi zuen bizitzera. Hain zuzen ere, Auzolan izandako tokia errentan ipini zuten une berean. “Hori jakin genuenean, gure aukera zela ikusi genuen; polita iruditu zitzaigun kultur espazio bat irekitzea beste bat ixten zuten tokian”, adierazi du Escaladak. Hala, proiektua martxan jarri zuten.

Tokia berregokitzeko lanekin hasi bezain laster, kartel bat jarri zuten lokalaren kanpoaldean, aditzera emanez liburu denda berri bat irekiko zutela. Azkar heldu zen iruindarren eskertzea: egun batean, atea zabaltzerakoan, eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuten lurrean; norbaitek atearen azpiko tartetik sartu zuen. “Ateak noiz irekiko dituzuen zain, ilusioz, Auzolanen umezurtz bat, zioen oharrak. Hizkiak ez ziren ongi irakurtzen, hezetasunak hondatu baitzuen papera, eta hitz bakar bat mantentzen zen bere horretan: ilusio. “Hain ederra iruditu zitzaigun, gorde egin baikenuen, eta zabaltzean, markoa ipini eta paretan zintzilikatu genuen”, kontatu du Escaladak. Hor jarraitzen du oharrak.

Auzolanen espazio berean dago denda, baina ez da denda bera. Atetik sartu bezain laster suma dezake hori bisitariak: Auzolan argitsua eta koloretsua zen; Menadesen, berriz, kolore zuria nabarmentzen da, eta dekorazioa soilagoa da. Escaladak azaldu duenez, proiektua aurrera ateratzea erabaki zutenean, pentsatu zuten toki berezi bat sortu behar zutela; beren izaeraren zati bat izan behar zuela dendak. “Eta emaitzan argi ikusten da emakumeen liburu denda bat dela”.

Emakumeen liburu denda bat da, izenetik beratik hasita: Menadeak greziar mitologiako izaki femeninoak dira, eta eromenarekin eta estasiarekin lotutako Dioniso jainkoarekin erlazionatuta daude. Teoria batzuen arabera, Dionisioren jarraitzaileak, Bakanteak, estasian sartzen direnean, Menade bihurtzen dira. Beste teoria batzuek, berriz, diote Menadeak erdi jainkosak direla, eta borrokan hasten direnean guztia suntsitzen dutela. “Iruditu zitzaigun irudi klasiko bat zela, baina baita indartsua eta femeninoa ere: borrokalaria”, azaldu du Escaladak.

Bestalde, haien helburu nagusietako bat izan da egungo kontsumo gizartearen zurrunbilotik ateratzea; erritmoa moteltzea. Izan ere, egun bizitzako esparru askotan dagoen abiadura azkarrak kutsatu egin ditu liburu denak ere, eta argitaletxe talde handiek ito dituzte txikiak, Escaladak azaldu duen moduan: “Orain, argitaletxe handi batek 200 produktu berri izan ditzake hilabetean, eta liburuen ibilbidea oso laburra da: lehen, liburu berri batek hilabete bat iraun zezakeen mahaian; orain, astebetean aldatu behar duzu, eta, ondorioz, lan on asko ez dira nabarmentzen”. Horren aurrean, haiek erritmoa mantsotu nahi dute; liburuei denbora eskaini; argitaletxe txikiei tokia egin; bezeroekin hitz egiteko tartea hartu. Finean, ohitura zaharrak berreskuratu.

Liburuen artean poesiakoei egin diete tokirik handiena, hutsune bat ikusten baitzuten hor: “Poesia beherantz doa; badirudi orain boom txiki bat gertatzen ari dela, baina idazle on asko ez dira nabarmentzen”. Haiei tokia eskainiz eta klasikoak berreskuratuz osatu dute liburu dendaren funtsa. Poesiaz bestalde, saiakera da Menadesen bigarren indargunea, eta umorezko liburu ilustratua eta narratiba ere badute.

Baina, liburuak saltzeaz gain, kultur militantzia ere egin nahi dute Menadesen. Horretarako, aurkezpenak, topaketak eta irakurle klubak antolatu dituzte, besteak beste. Hainbat idazle eraman dituzte dendara dagoeneko: Gemma Pierola, Ana del Paso, Emma Southon, Flavita Banana… Escaladak eta Martinezek “garrantzitsu” ikusten dute bertako egileei oihartzuna ematea, baina, horretaz gain, kanpokoak ere eraman nahi dituzte, “Iruñea mapan kokatzeko”. Alor horretan, Auzolanen lekukoa hartu dute, Foro Auzolan egitasmoarekin antzekoa egiten baitzuten. Baina, Auzolanen ez bezala, haiek dendaren atzeko aldean egiten dituzte liburuen aurkezpenak; eserlekuak jarri dituzte, eta egongela itxura eman diote espazioari, jendea eroso egon dadin. Aurkezpenak “oso arrakastatsuak” izan dira, Escaladaren esanetan, eta, hortaz, pozik daude, halakoak antolatzea “errusiar erruletara jokatzea” bezala delako: “Inoiz ezin duzu jakin zein izango den erantzuna”.

Bi irakurle klub ere abiatu dituzte. Hilean behin elkartzen dira; batekin, goizez, eta, bestearekin, arratsaldez. Goizeko talderako askotariko liburuak aukeratu dituzte, eta, Escaladak esan duenez, erantzuna “oso ona” izan da. Arratsaldekoa berezia da: Aitortzen dut izena jarri diote, eta bizitzan irakurri behar diren liburu klasikoak irakurriko dituzte; “zeren, aitortzen dugu, ez ditugu irakurri”. Klasikoen zerrenda bat egin zuten denda zabaltzean, eta irakurleek aukeratu dituztenak irakurtzen ari dira: Gerra eta Bakea, Mendi magikoa, Lolita, Suminaren mahatsak… “Oso interesgarria izaten ari da”.

Proiektua martxan jarri zutenean, Escaladak eta Martinezek bazekiten ez zela erronka makala, ez baitira garai errazak liburu denda txikietarako. Azkenaldian, Iruñean urteak zeramatzaten denda asko itxi dituzte, saltoki txikiek zailtasunak dituztelako kate handien dinamikei aurre egiteko, eta oztopoak areagotzen dira kulturaren esparruan. “Gure kasuan, zabaltzera gindoazenean, batzuek esaten ziguten zoratuta geundela”, aitortu du Escaladak. Baina haiek eskarmentua dute liburuaren munduan, eta bazekiten nora zihoazen; horregatik, ez zuten zalantzarik izan. Eta pozik daude erantzunarekin: “Onarpena izugarria izan da, eta bizilagunak pozik daude, tristea delako ikustea betiko dendak galtzen ari direla”.

Liburu saltzaileen sarea

Denda ireki behar zutenean gainontzeko liburu saltzaileengandik jaso zuten babesa ere aipatu du Escaladak: “Iruñean liburu saltzaile izugarriak daude, eta haiek esan ziguten aurrera egiteko, denontzako tokia zegoela”. Izan ere, salmentek erakusten dute itxi dituzten liburu dendetako bezeroak ez direla besteetara joan; hortaz, eskaria zegoen. Liburu denden espezializazioak eragin zuzena du horretan, Escaladaren ustetan: “Hiriko liburu dendak elkarren osagarriak gara; gauza ezberdinetan espezializatuta gaude, eta bakoitzak bere bezeroak ditu”. Dendariek elkarri bidaltzen dizkiete bezeroak, eta harreman ona dago haien artean. “Liburu denden sare polita dago Iruñean”. Orain, sare horretan bada kide berri bat, eta luzerako etorri da.