Zenbateraino berri, hori izanen da gakoa

Zenbateraino berri, hori izanen da gakoa

Edurne Elizondo

Oraingo Iruñeko Udaleko hogeita zazpi zinegotzietatik, hamahiruk ez dute parte hartuko gaur hasi den hauteskunde kanpainan, erabaki dutelako ez aurkeztea hilaren 26ko bozetara. Horrek ezinbertzean ekarriko du erakunde hori berritzea; halere, boto emaileek erabakiko dute maiatzetik aurrerako udala zenbateraino izanen den berri edo ezberdin, haien esku baitago azken lau urteotako bidetik aurrera jarraitzea, edo bertze bide baten alde egitea.

Iruñeko Udalean aldaketa irudikatu duten taldeei dagokie hautesleen konfiantzari eusteko erronka; eskuinak, berriz, helburu du boterea berreskuratzea. UPNk Ciudadanosekin eta PPrekin bat egitea erabaki du hori lortzeko.

Herrialdeko 346 kontzejuetan eta 272 udaletan deitu dituzte nafarrak hauteskundeetara, hilaren 26rako. Guztietan ez dituzte eginen, ordea: adibidez, 31 udalerritan ez da hauteskunderik izanen ez delako hautagaitzarik aurkeztu; eta 92 kontzejutan ere ez. 113 udalerritan eta 223 kontzejutan, berriz, zerrenda bakarra aurkeztu da bi aste barruko hauteskundeetarako.

Hiriburuan, lehia handiagoa izanen da, zalantzarik gabe. Hamabi taldek aurkeztu dute Iruñeko alkate izateko hautagaitza; halere, haietako bat Ganemos Pamplona, zehazki, inpugnatu du Ahal Dugu-k.

Joseba Asiron alkatea izanen da EH Bilduko hautagaia berriz ere; Itziar Gomez, Geroa Bairena; eta Enrique Maia, berriz, Navarra Sumarena. Koalizio horretan UPN, PP eta Ciudadanos alderdiek egin dute bat.

Bertzalde, Maite Esporrin izanen da PSNko alkategaia; Edurne Egino Ezkerrarena; eta Andoni Romeo Aranzadi-Equorena. Aranzadi da hautagaia aldatu duen bakarra, hain zuzen. Gainera, ez da talde horren barruan gertatutako aldaketa bakarra. Izan ere, duela lau urteko udal hauteskundeetan, Aranzadi Ahal Dugu alderdiaren udal ordezkaria izan zen. Ana Lizoain izan zen 2015eko hauteskundeetan alkategaia, baina legegintzaldia amaitu baino lehen utzi zuen udaletxea, 2016ko urtarrilean. Orain, berriz, talde bakoitzak zerrenda propioa osatu du: Romeo da Aranzadi-Equoren alkategaia, eta Gaxan Sad Irisarri, berriz, Ahal Dugu-rena.

Krisiak

Bukatzear den legegintzaldi hau ez da gorabeherarik gabekoa izan Joseba Asiron alkatearentzat, behin baino gehiagotan agerian gelditu baitira udal gobernua babestu duten taldeen arteko desadostasunak. Taldeok 2017an hasi ziren soka tenkatzen, Pio XII.a etorbidea birplanteatzeko proiektuarekin. Aranzadiren eta EH Bilduren arteko tirabirak gelditu ziren agerian orduan. Egoerak okerrera egin zuen 2017ko abenduan, Aranzadiko hautetsi batek aurrekontuen aurkako botoa eman baitzuen. Soka, halere, hirugarrenean hautsi zen, 2018. urteko uztailean: sanferminen bezperan, uztailaren 5ean, Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanporatu zituen Aranzadiko hiru zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino. Bi egun lehenago egindako bozketak eragin zuen alkatearen haserrea, sei milioi euroko superabita zertan inbertitu erabakitzean Aranzadi eta Ezkerra abstenitu egin baitziren. Joan den urtarrilean, gainera, 2019ko aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen Aranzadi, berriz ere, eta hutsean utzi zuen kontuen aldeko EH Bilduren, Geroa Bairen eta Ezkerraren ituna.

2015eko hauteskundeek Iruñerriko bertze hainbat herritako udal gobernuetara eraman zuen aldaketa; bertzeak bertze, Barañainera, Berriozarrera, Antsoainera eta Atarrabiara. Herriotako alkateak karguari eusten saiatuko dira hilaren 26ko hauteskundeetan.

Lizarrako alkate Koldo Leoz ere ariko da aginteari eusteko lehian, bai eta Tuterako alkate Eneko Larrarte ere. Tafallako lehen zinegotzi Arturo Goldarazenak, berriz, ez aurkeztea erabaki du.

Hilaren 26an, 483.783 nafarrek izanen dute beren udalerrietako eta kontzejuetako gobernuak osatzeko hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Duela lau urte, %71,25ekoa izan zen parte hartzea.