Iñaki Etxeleku-Baiona / Edurne Elizondo-Iruñea
Duela lau urte sortu zuten Maiatzaldia Iruñeko Karrikiri eta Zaldiko Maldiko elkarteek eta Baionako Maiatz argitaletxeak, euskaratik eta literaturatik. Beste gisaz mamitu nahi dute Baiona eta Iruñea hirien senidetzea, hiri bakoitzeko bestetako irudikatze sinboliko, instituzional eta erdaldunetik harago.
Baiona eta Iruñea: oraingo literaturaren bizipenak eta bizipozak izenburuko gaia jarri diete aurten Baionako ekitaldi nagusira eta Iruñekora etorriko diren hizlariei. Baionako hitzaldian parte hartuko du Zaldiko Maldiko elkarteko Kike Diez de Ultzurrun itzultzaile eta esatariak. Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak aspaldikoak direla azpimarratu du: “Loturak izan dira beti. Euskara zela, literatura zela, kazetaritza dela. Zer gertatu zen? Alde batetik, Nafarroa Garaiko zenbait tokitan euskara galdu egin dela, eta, euskara galtzearekin batera, harreman horiek murriztu”.
Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak ere ohar bera egin du, ez idurian, bi estatuen eraginez harreman horiek deseginez bezala joan direla: “Espainoltze eta frantseste politikekin bereizten ari garela, ohartu gabe. Luzaideko haurrak lehen beti Donibane Garazirat joaten ziren; orain, Iruñerat buruz ikasketekin”.
Diez de Ultzurrunek ere Garazirekiko lotura historiko hori azpimarratu du: “Garai batean, Donibane Garaziko merkatua sekulakoa zen. Jende anitz joaten zen, ez bakarrik Baztan aldetik: Ultzamatik, Esteribar aldetik, Aezkoatik, Iruñerritik ere bai”.
Nafarroako erresumaren historian ezaguna da Iruñearen eta Baionaren arteko lotura, baina Diez de Ultzurrunen ustez hori baino gehiagokoa izan da: “Iruditzen zait mendez mende euskal kulturaren eragile nagusiak edo hiri nagusiak izan direla, lotura bat izan dela Iruñea eta Baiona artean. Hori behintzat XVIII. mende bukaera arte. Gero ja XIX. mendearen hasieran, edo lehen herenetik aurrera, euskara galtzen hasi baitzen hemen Iruñerrian, gauzak aldatu ziren”. Gizarte eta hizkuntza bilakaerak diren bezalakoak izanik ere, muga buruetan dela argi du, eta gainditzeko bideak badirela: “Muga psikologikoa da. Gazteen artean, bertsolaritzaren bitartez, edo rockaren bidez ere, muga gainditzeko bide franko daude. Kulturak ematen du lotzeko aukera, zalantzarik gabe”.
Maiatzaldiaren antolatzaileek euskal literatura dute lokarri, beraz. Baina arlo horretako harremana ez du gaurkoa Etxezaharretak: “Adiskidetasunezko harremanak ditugu idazleekin eta argitaletxeekin”.
‘Herria’ eta ‘Escualduna’
Etxezaharretak oroitarazi du idatzitik egin harreman hori irudika zitekeela jada Herria eta Escualduna kazetetan, hala nola Iruñeko Larreko izenekoaren kroniketan. Funtsean, Diez de Ultzurrunek Baionan eginen duen hitzartzean aipatzekoa duen lotura da. “Nik landuko dudana izanen da Baionan izan zen aspaldiko Escualduna aldizkariari buruzkoa. Iruñeko zer idazlek idatzi zuten aldizkari horretan gerra baino lehen, adierazteko gerra aurrean eta aldizkari horren bitartez lotura handia izan zela”.
Euskararen egoeran eta euskalkien ezaugarrietan ere ikusten du eitea Etxezaharretak: “Euskalkien mailan, Nafarroan eta Iparraldean baditugu gure berezitasunak, atxiki nahi ditugunak. Iruñeak ere euskal mundu berri bat egiten du, hemengo kostaldearekin antza zerbait lukeena—. Hori, eta Euskal Herrian periferia izateak: “Egia, periferia hitza erabil daiteke Nafarroa eta Iparraldearentzat. Ikusiz, eman dezagun, euskal kulturaren industria edo komunikabideen indarra, eta, oro har jendetza aldetik, Bizkaia-Gipuzkoak aitzindari toki bat dutela nolabait. Onerako eta txarrerako. Urbanizazioaren eta industrializazioaren ondorio larriak ere badira batzuetan”.
Antzekotasunak antzekotasun, harremanak urriak dira, eta Maiatzaldiak parada sortu nahi du. Karrikiriko Juan Luis Etxaburu Ondarruk argi du helburua: “Kontua da guk hemendik haiek gehiago ezagutzea, eta haiek gu. Beharra bada. Era xume eta goxo batean bultzatu nahi dugu elkar ezagutzea”. Eta, ahal balitz, loturak baluke arlo gehiagotan txirikordatzeko gutizia. “Nahi dugu berdin eragin handik honat eta hemendik harat. Polita da elkarlan hau. Poliki, baina bagoaz. Jende gehiago inplikatuko balitz, gauza gehiago eginen genuke”.