iritzia: (Des)aldaketaren esanahiaz

Saioa Alkaiza

Isiltasun: iz. 1. Hotsik edo soinurik eza; ezer entzuten ez den toki baten egoera. 2. Isilik egotea, isilik dagoenaren jarrera”.

Zure isiltasunak salatzen zaitu. Harluxet hiztegiak dio. Maiatzak 27, astelehena, eguna ernatu berri. Ez dut Aranzadik hauteskundeen emaitzei buruz egindako hausnarketa (edo autokritika) aurkitzen. Botoen %0,8. Zutabe hau argitaratzen denerako, egonen da nonbait topatzerik. Ea isiltasunak baino gehiago dioen. Enbor batek erortzerakoan zarata egiten du, bai, ondoan inor ez egonagatik. Galdetu Iruñeko Udalean bestela.

“Ulermen: iz. Ulertzeko ahalmena; adimena”. Harluxetentzat lotura dute ulermenak eta adimenak. “Adimen: iz. 1. Ulertzeko ahalmena, pentsamendu bidez nor bere buruaz eta inguruaz jabetzeko ahalmena. 2. Egoera bati aurre egiteko, arazo bati irtenbidea emateko, zirkunstantzien arabera aukera egiteko ahalmena”. Batzuetan ez dauka zerikusik zerbait ulertzeko ahalmena izan eta ulertzeko gai izateak. “Norbaitek azalduko dit Iruñeko Udalekoa? Zergatik doaz bereizita Aranzadi, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Ganemos?”. Galdera, Twitterren. Zerrenda fantasmak baino mamu gehiago inguruan.

“Esanahi: iz. Hitz edo zeinu batek adierazten duena edo esan nahi duena”. Eduardo Santos Ahal Dugu-ko buruak “emaitzak ez dira onak izan”, adierazi du. Bada onak ez diren gauzak izendatzeko beste adjektibo bat, esateko are errazagoa dena, agian: “Txarra”. Hitz batek, baina, gauza bat adierazten du eta besteak, bestea. Esanahien polisemia. “Hausnarketa” behar da orain ulertzeko zer gertatu den alderdiarekin. “Patxadarekin” so eginen diete emaitzei, “aztertzeko”. Aztertzeko nola ote den posible legealdi erdia liskarretan pasatu duen talde batek (momentu batetik aurrera bi ere izan zena) halako emaitzak lortzea. Auskalo. 7tik 2ra pasatu dira parlamentuan.

Geroa Baik boto gehiago parlamentuan, udal garrantzitsu askotan behera eginda. Iruñea, Tutera, Lizarra, Barañain… Horren inguruko hausnarketarik ia inon ez, Hedoi Etxartek egindako irakurketa kenduta. Munizipalismorik gabe nekez eraikiko da bestelako politika. Baikor, dena dela, Barkosen taldea. EH Bilduk gora egin du parlamentuan eta Iruñeko udalean. EH Bilduren Euskal Herriko sare sozialetan dena da “Zorionak, Hego Euskal Herria” (zenbait txiotan bakarrik Euskal Herria, Hego gabe) eta 345.000 botoen aldarria. Historia egin omen dute, lurralde historikoak behea jotzen duen bitartean. Nafarroakoa is different, dena dela. Bakartxo Ruiz: “Aldaketa zen helburua eta ez dugu lortu”. Aitortza. Laukoaren azkena, Ezkerra. “Inondik inora” ez zituen emaitza horiek espero, Marisa de Simonek dioenez. Betiko boto emaile fidel batzuei eutsi, beste batzuk galduta.

“Sinboliko: izond. 1. Sinboloari dagokiona, sinbolo bidez adierazia. Irudi sinbolikoa. 2. Bere horretan esanahirik ez duena, baina asmo jakin baten adierazgarri dena”. Maite Esporrinek (PSN) “agur, agur, agur, Asiron!” oihukatu du bere baitan kabitu ezinik, Esparza zoriontzeaz gainera. Agur hori da euskaraz esandako bakarra.

Desaldaketa: iz. 1. Gauzak erregimenaren garaira itzultzea, euskara zokoratzea, eskubideak murriztea; zuri-beltzezko Nafarroa. 2. Kaleak berreskuratzeko aukera, herri mugimenduan zentratzeko garaia, borroka hauspotzeko unea. Guk idatziko dugu historia.