Erabaki ahalmen handiagoa eskatu du Geroa Baik

Hasi eta buka, kanpaina autogobernuaren defentsan oinarritu du Geroa Baik. Amaieran, koalizioak aldarrikatu du Nafarroak eskumen gehiago izan beharko lituzkeela herritarren beharrei hobeto erantzuteko: «Autogobernuaren garapena ezin da utzi estatuko alderdi handien interesen eta erabakien menpe». 

Pablo Azkonak Iruñeko egoitzan egin du goizeko agerraldia. Berriro ere gogora ekarri die herritarrei autogobernua defendatuz etorkizuneko erronkei eta arazoei aurre egiteko aukera dagoela: «Politika propioak egin ditzakegu, zerbitzu publikoak sendotu eta erronkei erantzun». 

Legealdi honetan Foru Hobekuntzaren inguruko lantalde bat osatu da Nafarroako Parlamentuan. Oraindik alderdiek ez dituzte ondorioak aurkeztu eta onartu, baina eztabaida politiko horri begira bi mezu nagusi eman ditu Azkonak.

Foru Hobekuntzaren erreforma

Batetik, nabarmendu du martxoan 45 urte beteko dituela Foru Hobekuntzak eta lege organiko horrek aitortutako hainbat eskumen oraindik ez direla eskualdatu: «Ez gara pribilegioak eskatzen ari. Galdegiten duguna da estatuak bete dezala legeak dioena». 

Bestetik, etorkizunean espero du Foru Hobekuntza berritzea eta sendotzea, eskumen gehiago bereganatuz. Gainera, egun aitortutako eskumenak defenditu behar direla erantsi du. Larrialdi zerbitzuetako kudeaketarekin gertatutakoa jarri du horren adibide. Larrialdietarako polizien telefonoak 112 telefonoan bateratu dira, eta, Azkonaren arabera, Foruzaingoaren kalterako izan da. «Ez dugu onartuko Madrilen hartutako neurriek Nafarroaren eskumenak higatzea». 

Maite Espinosa Senaturako hautagaiak UPN eta PPren arteko akordioa salatu du. «Ulertezina da UPNk foru erregimena defenditzen duela esatea eta gero PPrekin batera aurkeztea, zeina Vox-ekin gobernatzeko prest dagoen». Espinosaren esanetan, Geroa Bai da autogobernua babesteko aukerarik hoberena.