Kultura jaso eta zabaldu

Kultura jaso eta zabaldu

Edurne Elizondo

Oholtza gainean edo kontzertu areto batean gertatzen dena baino anitzez ere gehiago dira musika eta arte eszenikoak. Sorkuntza prozesuaren ingurukoek ere elikatzen dute azken emaitza. Oihalaren atzekoak ikus-entzuleen begiradatik at gelditzen ohi dira, ordea, kulturaren alde ezkutuan. Esparru horretara argia eraman nahi izan du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak, hain zuzen ere; hori egiteko bidea 2017an hasi zuen, Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortuz; orain, jasotako funtsen berri emateko eta zabaltzeko webgunea jarri du martxan, www.amaen.es helbidean.

Isidoro Fagoaga tenor beratarra.

Nafarroako Artxibo Nagusiaren esku dago musikaren eta arte eszenikoen inguruko ondarearen ardura. 2017tik, hogeita hamazazpi egileren eta erakunderen funtsak jaso ditu: hogeita bederatzi dira musikaren arlokoak, eta bost, berriz, antzerkigintzaren alorrekoak; gainerako hirurak, azkenik, dantzaren esparrukoak dira.

Musikaren arloan, hamaika musikariren, konpositoreren eta abeslariren lanak eta haien ingurukoak hartu ditu artxiboak: Teresa Catalan, Koldo Pastor, Pablo Sarasate, Pedro Iturralde, Isidoro Fagoaga eta Maria Dolores Higueras Dominguezenak, bertzeak bertze. Iruñeko Ganbera Abesbatzak, Iruñeko Orfeoiak, Lizarrako

Concha Martinez eta Jose Lainez dantzari eta koreografoak.

Gaitariek eta Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak ere Nafarroako Artxibo Nagusiaren esku utzi dituzte beren funtsak.

Antzerkigintzari dagokionez, lau egilek eman dute beren kultur jarduerarekin lotutako ondarea: Aurora Moneok, Nieves Oteizak, Ventura Ruizek eta Alfredo Sanzolek. Urrats bera egin du, gainera, Nafarroako Antzerki Eskolak. Dantzaren arloan, berriz, Nafarroako Dantza Eskolako funtsarekin batera, Almudena Lobon eta Concha Martinez eta Jose Lainez dantzari eta koreografoena jaso du artxiboak.

Sortze prozesua

Nafarroako Gobernuko Agiritegien eta Dokumentazio Ondarearen Zerbitzuko buru da Joaquim Llanso, eta gobernuak Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa martxan jartzeko aukera mahai gainean jarri zuenetik, proiektu horren sustatzaile eta babesle izan da.

Artxiboa sortzeko lehen fasean, gisako bertzelako erakundeak bisitatu zituzten erakundeko arduradunek. Llansok azaldu du, bertzeen lana abiapuntutzat hartuta, ohartu zirela artisten sortze prozesuarekin lotutako funtsak jaso nahi zituztela, nagusiki. Artxiboko kideen asmoa da egileen eta erakundeen lanari dagokion testuingurua ematea. Hori, kasu anitzetan, egileek beraiek egiten dute, artxiboan gordetako bideo lanen bidez, bertzeak bertze. Gisa horretako euskarriak bultzatu nahi dituzte, etorkizunera begira, funtsak egungo eta biharko herritarren esku jartzeko asmoz.

Artxiboak egun duen materialaren kopurua handitu eginen da laster, Llansok ezagutarazi baitu jasotako bertze hamar funtsen berri emanen duela erakunde horrek, laster. Jasotzea eta zabaltzea da haien lana.