Aitatxiren eta bilobaren etxea

Edurne Elizondo

Saria merezi duen etxe bat; saria merezi duen aitatxi baten eta bilobaren arteko harremana. Etxe honetan izenburuko bildumak jaso berri du Etxepare saria. Asier Iturraldek egin ditu ilustrazioak, eta Aintzane Usandizagak idatzi du testua. Pamiela etxeak udazkenean argitaratuko du lana.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Idoia Sobrino liburuzaina izan dira Etxepare sariko epaimahaiko kide. Aurkeztutako hogeita hiru lanen artean hautatu dute Etxe honetan. “Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte egileek, umorea maisuki erabiliz”, nabarmendu dute.

Zehazki, etxe berean elkartu diren aitatxi baten eta bilobaren arteko gorabeherei eta harremanari egin diete so Iturraldek eta Usandizagak. Etxeko arauak ezartzera ohituta dagoen gizon bat da aitatxi hori, baina egunerokoa eta errutinak hankaz gora jarriko dizkio bilobak. Neskaren ama eta osaba ere bilakatu dituzte egileek Etxe honetan sortutako familiako kide, eta, epaimahaiko kideek erantsi dutenez, eraikina bera istorio horretako pertsonaia ere bada, marrazkien eta hitzen bidez. “Istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen du etxeak”, erran dute.

Iruñeko Udalak antolatutako Biko-Teka topaketetan, batera aritu dira Iturralde eta Usandizaga, eta elkarlan horren emaitza izan da orain Etxepare saria jaso duen lana, hain zuzen ere. “Kontent” hartu dute. “Lanean hasi ginen unean bertan erabaki genuen istorioa moralkeriatik aldendu nahi genuela”, nabarmendu du ilustratzaileak. “Familia guztietan daude arauak elkarbizitzarako, baina, aldi berean, pertsona oso ezberdinak bizi gara etxe baten barruan”, erantsi du idazleak. Etxe honetan bildumako etxean bizi diren aitatxi hori eta haren biloba “oso ezberdinak” direla pentsa dezake irakurleak hasieran, egileek azaldu dutenez, “baina segituan konturatuko da halako lotura berezia dutela, eta gauza garrantzitsuetan ados direla”.

Toki entitateen saria

Nafarroako hogeita bi toki entitatek antolatzen dute Etxepare saria, beren euskara zerbitzuen bidez. Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea dituzte laguntzaile, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea, berriz, babesle. Saria 2004. urtean antolatu zuten lehendabizikoz. Hasieran, haur, gazte eta helduentzako euskarazko literatura lanak saritu zituzten, baina, 2006. urtean, beka bat sortzea erabaki zuten, haurrentzako bildumak sortzeko asmoz. 2009. urtean egin zuten azken aldaketa, eta beka sari bilakatu zuten berriro. Haurrentzako bildumak saritzen dituzte Etxepare antolatzen duten hogeita bi toki entitateek, zehazki, eta Pamiela etxeak argitaratzen ditu gero.

Iaz, Cosimoren katiuskak bildumak jaso zuen Etxepare saria. Dani Martirenak idatzi zuen testua, eta Ana Ibañezek egin zituen marrazkiak. Pamielak iazko udazkenean argitaratu zuen lana, eta abenduan Durangoko Azokan aurkeztu zuten egileek.

Iturralderen eta Usandizagaren Etxe honetan ere argitaratuko du Pamielak; udazkenerako izanen dute prest, zehazki. Etxepare sariko antolatzaileek argi eta garbi erran dute: “Irakurleek erabaki dezatela nork agintzen duen etxe honetan“. Usandizagaren eta Iturralderen aitatxiak eta haren bilobak bikote berezia osatzen dute; idazleak eta ilustratzaileak ere bikote gisa egin dute lan Etxe honetan bilduma ontzeko. Elkarri emanez aritu dira. “Irudi argi eta baretsuak lortzea” izan da Iturralderen helburua, hasieratik. Epaimahaiko kideek irudi horien “narratibotasuna” nabarmendu dute: “Ederki uztartu dituzte hitza eta irudia”, erran dute.

Asier Iturralde donostiarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irudigilea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. 2017an, Studio Gaston sortu zuen, batez ere erakundeentzako lan egiteko. Aintzane Usandizaga, berriz, Lasarte-Oriakoa da, eta Artearen Historian lizentziaduna. 2014an, Zumaiako Udaleko Julene Azpeitia ipuin lehiaketako lehen saria irabazi zuen; aurten, berriz, Kabitu ezina izenburuko liburua argitaratu du, Elkar etxearekin. “Betidanik” maite ditu istorioak. Grina horrek eraman du saria jaso berri duen lana sortzera, Asier Iturralde ezinbertzeko bidelagunarekin.