Hurbilekoa baina ezezaguna

Edurne Elizondo

Agerian da. Hiriko erdigunean. Baina, hala eta guztiz ere, ezezaguna da, neurri handi batean. Nafarroako Museoak egoera hori aldatu nahi du, eta herritarren jakin-mina piztu. Barruan dituen lanen berri zabaldu nahi du, gordetako altxorra nafarrekin eta bisitariekin partekatzeko asmoz. Bisita gidatuak antolatu ditu horretarako. Ekainaren 28an hasi zituzten, eta sanferminetako etenaldiaren ondoren, berriz eginen dituzte, astelehenetik aurrera, abuztuaren 31ra bitarte.

Silvia Roa iruindarra da gidarietako bat. Historia ikasten ari da, Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirugarren maila eginen du hurrengo ikasturtean. Udako lan gisa hartu du Nafarroako Museokoa. Bisitak hasi baino lehen, lau astez aritu da prestatzen. Gogoz prestatu du, gustukoa baitu museoko lanen berri emateko aukera. Sumatzen zaio kontent dela, obrei buruzko azalpenak ematen dituenean. Piezen inguruko bitxikeriak xehetasun osoz kontatzen ditu bisitarien aurrean.

“Museo ederra da hau, eta pena da herritar anitzek ez ezagutzea. Merezi du”, erran du. 1956. urtean inauguratu zuten, Andre Maria Errukizkoaren ospitalea zenaren gainean. XVI. mendekoa zen eraikin hori, baina museoko aurrealdeak eta eraikin nagusiaren ondoko kaperak baino ez diote eutsi. 1980ko hamarkadan egin zituzten museoa moldatzeko lehendabiziko lanak. Aldaketa nagusiak, halere, azken hamarkadakoak izan dira: 2011n, historiaurreko piezen inguruko aretoa berritu zuten; eta 2015ean, Nafarroako Gobernuak ikerketa bat egin zuen NUPeko Edarte taldeko kideekin batera, eta, lan horren ondorioz, museko hirugarren eta laugarren solairuak egokitu zituzten. “Asmoa zen publikoa erakartzea, ikerketak agerian utzi zuelako herritarrek ez zutela museoa nahi bezainbertze ezagutzen”.

Emakumeen presentzia

2015eko aldaketen helburua izan zen, batez ere, emakume artisten lana nabarmentzea, ordura arte museoak ez baitzuen erakusten emakumeren batek egindako obra bakar bat ere. Lydia Anoz argazkilari nafarraren lanak ikus daitezke orain museoko aretoetako batean. Arte garaikidea ere lehen baino gehiago nabarmentzen du museoak orain, eta, ikusleen eta obren arteko harremana laguntzeko, moldatu eta egungo museoetako moldeetara egokitu ditu lanen egileen, izenburuen eta xehetasunen inguruko informazioa zabaltzeko kartelak.

Nafarroako Museoko aretoetako bat

Moldatutako museo hori da bisita gidatuen bidez ezagutzera eman nahi dutena, hain zuzen ere. Obrak eta egileak beren testuinguruan kokatzeko ahalegina egin du erakundeak, San Domingo aldapako eraikina kulturarako esparru atsegin eta erakargarri bilakatzeko asmoz. Roak sartzera deitu ditu herritarrak. Museoak gordetako lanen lagin bat erakusteko prestatu du bisita, nabarmendutako sei piezaren bidez ikusleak harrapatzeko.

Sei pieza horien bidezkoa da museoa ezagutzeko egin daitezkeen bisitetako bat. Eraikin nagusiaren ondoko XVI. mendeko kaperan hasten da. Obra garaikideek hartu dute espazio hori, eta lan horiek kaperako berezko erretaulekin “hizketan” jarri dituzte museoko arduradunek. Orain, zehazki, Carlos Irijalba artista nafarraren erakusketa dago ikusgai. Egile horren proposamenak elkarrizketa sortu nahi izan du bere eta museoko hainbat obraren artean, eta, ondorioz, kaperara eraman dute historiaurreko aretoan egon ohi den Abaunzko mapa. 10.000 urte inguru ditu, eta Europa mendebaldeko lehen mapatzat jotzen dute.

Turbilgo estela estatua da Roak aurkezturiko bigarren lana. Burdin Aroko gerlari bat islatzen du, eta Beiren aurkitu zuten. Burua aurkitu zuten lehenbizi, eta erromatarren garaiko hilarri bat zela pentsatu zuten hasieran, harik eta indusketak aurrera egin eta estela estatua osoa aurkitu zuten arte.

Gerlaria utzi, eta Erroman gelditu da Roa. “Erromatarren garaiko heriotzarekin lotutako errituen inguruko aretoa da hau”, azaldu du, hilarriei eta errautsentzako kutxei so. Bada gehiago ondoko aretoetan; bertzeak bertze, Iruñeko katedral erromanikoa: “Egungoa eliza gotikoa da, aurrealde neoklasikoarekin, baina badakigu azpian eraikin erromanikoa zegoela”, kontatu du Roak.

Leireko kutxatila hispaniar-arabiarra da Roak bisitan erakutsitako obretako bertze bat. “Gorte omeiatarrean egindako lan bat da, Kordoban, 1004-1005. urte inguruan. Gizakien figurak ageri dira, eta hori ez da ohikoa musulmanen artean”. Hagitz bertzelakoa den bertze obra batekin amaitu du Roak bisita: Goyak egindako San Adriango markesaren erretratua. “Goyaren erretratu onenetako bat da, eta, aldi berean, museoan gutxien ezagutzen diren obretako bat”.

Herritarrei lanaren berri emateko irrikan da Roa. Asteartetik larunbatera bada aukera, egunean hiru aldiz: 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean. Igandeetan, berriz, 11:00etan. Euskaraz izanen dira hilaren 19ko eta abuztuaren 2, 16 eta 31ko 11:00etako bisitak.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku