“Beti izaten dira une magikoak; naturan bi eta bi ez baitira lau”

Edurne Elizondo

Afizioa ofizio bilakatu du Gabi Berasategik (Iruñea, 1978). Biologia ikasi, eta Ornitolan etxea sortu zuen, ikasketak amaituta. Gobernuarentzat ari da, hamargarrenez, Lindus 2 proiektuan, LPO eta SEO Birdlife elkarteekin eta Aurizko Udalarekin batera. Migrazioari so egitea dute xede.

Hegaztiei behatzeko prest?

Bai. Lanean hasi gara jada. Hilaren 15ean hasi ginen, eta azaroaren 15era arte egonen gara Lindusen. Aurtengoa hamargarren kanpaina izanen da. 2009. urtean proba bat egin genuen, garairik egokiena zehazteko, eta 2010ean ekin genion lanari.

Zergatik aukeratu zenuten Lindus?

Ornitologoentzat beti izan da gustuko toki bat; aspalditik joan izan da jendea tontor horretara. Ehizara ere bai. Duela hainbat mende, sareekin harrapatzen zituzten pagausoak Lindusen. Hegaztientzako pasabide ona delako aukeratu zuten. Lepo egokiak dira, eta aukera dago hegaztiak eta bertze hainbat animalia gertutik ikusteko: burruntziak eta saguzarrak, besteak beste.

Espezie anitzentzako pasabidea da Linduskoa?

Hamar urteotan, 1,5 milioi hegazti inguru zenbatu ditugu, 80 espezietakoak. Toki aproposa da hegaztiekin disfrutatzeko. Penintsulan ikus ditzakegun fenomeno natural itzeletako bat da hegaztien migrazioarena.

Espezie bakoitzak badu bere garaia Lindusetik pasatzeko?

Bai. Orain, adibidez, sorbeltzak eta miru beltzak ari dira pasatzen, batez ere. Gero, abuztuaren bukaeran, zapelatz liztorjaleak hasiko dira pasatzen. Giro epelagoa eta zer jan bilatzen dute hegaztiek. Egun bakar batean, bi mila edo hiru mila harrapari ikus daitezke Lindusen. Oso ikuskizun polita da, toki gutxitan ikus daitekeena Pirinioetan.

Kanpotik ere etortzen da jendea hegaztiei behatzera. Euskal Herrian bada zaletasuna?

Gero eta gehiago, zalantzarik gabe. Uste dut gero eta ardura handiagoa dugula ingurumenarekiko. Klima aldaketak ere kezkatzen gaitu, eta ardura horrek hurbildu gaitu naturara, nik uste. Hemen, gainera, beti izan gara mendizaleak; gustuko izan dugu mendira joatea. Auritzen ere sumatzen da mugimendua gure jardueraren inguruan. Ekoturismoari bultzada eman dio ornitologiak, eta boluntario lanetan ere aritzen da jende asko.

Nolakoa da egiten duzuen lana?

Egunsentian hasi, eta ilunabarrera arte egoten gara Lindusen, zeruari begira. Hamalau orduko lanaldiak dira oraingoak, eguna oso luzea baita. Gogorra izaten da. 06:30 aldera hasi, eta 22:00 arte egon gaitezke, eguraldia ona bada eta lainorik ez badugu. Hamar-hamabi pertsonako taldea osatu dugu, eta boluntarioen laguntza ere badugu.

Eskertzen dituzue bisitak?

Bai, noski. Ordu asko ematen dugu mendian, eta eskertzen dugu jendearekin egotea. Gure asmoa, gainera, hori da: migrazioari buruzko informazioa ematea etortzen den jendeari, gure ezagutza zabaltzea. Gerta daiteke, noski, Lindusera etorri eta deus ez ikustea, behe lainoa sartu delako. Egun bakar batean urtaro guztiak izan ditzakezu Lindusen. Komeni da eguraldiaren berri jasotzea. Hego haizea dagoenean, adibidez, hegaztiak hurbil ikusteko aukera dago, haizearen kontra hegan egiten dutenean behera jotzeko joera baitute. Ikuskizun ederra da.

Zuek, halere, lanean ari zarete. Zer-nolako informazioa jasotzen duzue, zehazki?

Dena da garrantzitsua: zer espezie, zer egunetan, zer ordutan, zer-nolako baldintzekin pasatu den… Hegaztiak ornodunak dira, eta oso erabilgarriak ekosistemetan gertatzen diren aldaketen berri jasotzeko. Inguruak ematen dienari lotuta daude, eta, aldaketek, noski, eragiten diete. Aldaketa horiei ematen dizkieten erantzunak aztertzen ditugu. Gure jarduera ekonomikoa aldatzen ari da animalion eta beste askoren ekosistema.

Klima aldaketaren eragina sumatu duzue hamar urteotan?

Gertatu da, adibidez, hainbat hegaztik aurreratu edo atzeratu egin dutela beren bidaiaren hasiera. Ikusi dugu, halaber, habia lurrean egiten duten espezieen egoerak okerrera egin duela, basoak itxi egin direlako. Bestalde, behera egin du Lindusetik pasatzen diren mirotz urdinen kopuruak, eta, gora, berriz, kurriloenak edo zikoina beltzenak. Hemen inportanteena da hamar urtez metodologia berarekin eta garai berean aritu garela lanean, eta, ondorioz, lan horri esker jasotako datuak oso baliagarriak dira zientziaren ikuspuntutik. Aukera emanen digute ikusteko zein den aldaketa horien joera.

Zientziaren ikuspuntutik, hamar urte nahikoak dira ondorioak mahai gainean jartzeko?

Hogei edo hogeita bost urte behar izaten dira halako lan batek ematen dituen datuak oso esanguratsutzat hartzeko. Adibidez, gerta liteke urte zehatz batean udaberri oso euritsua izatea, eta hegazti jakin baten populazioak behera egitea hiruzpalau urtez, baina bosgarrenean berriz ere gora egitea. Hamar urteko epean hainbat gauza ikus ditzakegu, baina denbora gehiago behar da. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, duela ehun urte hasi ziren halako ikerketak egiten; Europako hainbat herritan ere, duela berrogei edo berrogeita hamar urte. Hemen beranduago hasi gara, baina tresna baliagarri bat dugu, eta emanen dizkigu datuak.

Hamar urte egin dituzu Lindusen lanean; lehenago hasi zinen, halere, hegaztiei behatzen, ezta?

Txikitan sortu zitzaidan niri zaletasuna. Lumak jasotzen nituen, adibidez. Hamahiru urterekin, lehen aldiz joan nintzen Lindusera, lagun batekin. 1991. urtean izan zen, eta behe laino izugarria izan genuen. Hurrengo asteburuan, Organbidexkara mugitu ginen, eta oroitzen naiz azaldu zigutela migrazioaren fenomenoa, eta interesa piztu zitzaidan. Biologia ikasi nuen, eta, ikasketak amaituta, Ornitolan jarri nuen martxan. Beti naturan.

Lindusek badu oraindik zu harritzeko gaitasuna?

Bai. Urte oro bada zerbait, urte oro gertatzen da zerbait berezia; beti izaten dira une magikoak. Naturan bi eta bi ez baitira inoiz lau. Duela bi urte, adibidez, Luzaide lainoak hartuta zegoen, baina, bat-batean, miru beltzak hasi ziren ateratzen lainotik, eta nire aurretik pasatu ziren, milaka. Niretzat bakarrik.

Une magiko horietako bat?

Bai. 2013. urtean ere, goiz batean, 25.000 kurrilo pasatu ziren Lindus gainetik. Zoragarria izan zen. Isilik ginen denak, eta, bat-batean, kurriloen hotsak hartu gintuen. Hori magikoa da, telebistako dokumental bat zuzenean ikustea.