Ikasgelen auziak arrakala sortu du PSNren eta Geroa Bairen artean

Ikasgelen auziak arrakala sortu du PSNren eta Geroa Bairen artean

Atzoko hausturaren ostean, akordiorik gabe iritsi dira Geroa Bai eta PSN gaurko osoko bilkurara. Alderdi bateko zein besteko iturriek esana zuten, Nafarroako Parlamentuko gaurko bozketa iritsi bitartean, aukera zegoela konponbide bat negoziatzeko. Gaur, askoz uzkurrago agertu dira denak komunikabideen aurrean. Elkarri egotzi diote gertatuakoaren ardura: PSNren esanetan, Geroa Baik onartu egin zuen atzoko akordioa, eta handik ordu gutxira egin zuen atzera; hortaz, hari dagokio «emandako hitza betetzea». Geroa Baiko iturrien arabera, ordea, PSNk iruzur egin zien akordioa aurrez aurre negoziatzean, eta gero, dokumentuaren xehetasunak irakurtzean konturatu ziren ez zegoela bermerik, besteak beste, Lizarra ikastolako ikasgelei eusteko.

Izan ere, hori da, uneotan, zurrunbiloaren erdian dagoena: zer gertatuko den Lizarra ikastolatik kanpo utzitako haurrekin. Aurtengo matrikulazio kanpainan, 31 haurrek eman zuten izena ikastolan, eta zentroko zuzendaritzaren asmoa zen bi ikasgela irekitzea: bat hamasei ikaslerekin, eta bestea hamabostekin. Hezkuntza Departamentuak, baina, ikasgela bakarrerako ituna onartu du, eta gela bakoitzeko gehienezko ratioa 25 ikaslekoa denez, sei haur kanpoan utzi dituzte. Hezkuntza Departamentuaren asmoa da ikasle horiek Remontival D ereduko ikastetxe publikoan birkokatzea. Han ere, bi ikasgela izanen dituzte euskarazko lerroan, hamabina ikaslerekin. «Gure helburua da euskarazko lau ikasgela bermatzea Lizarran, guztira. Eta hori konpontzeko, PSN mugitu beharko da», esan du Pablo Azkonak, Geroa Baiko eledunak, osoko bilkurara sartu aurretik.

Talde bakoitza bere posizioetan irmo azaldu arren, negoziazio eta bilera inprobisatuek ez dute etenik izan parlamentuko korridoreetan, bilkura hasi denetik. Arazoak, dena den, ez du konponbide errazik izanen, eta taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean. UPNk lege proposamen bat aurkeztua du itunpeko ikasgelak «blindatzeko», eta gaur da bozkatzekoa. Atzoko akordioa bertan behera geratu ostean, Geroa Baik giltza izan dezake lege hori onartzeko edo atzera botatzeko —oraingoz, PPren eta Voxen babesa baino ez du UPNk—. PSNk berretsi du ez duela atzera eginen ikasgelak ixteko erabakian, eta «hitzartutakoa betetzera» premiatu du Geroa Bai.

Ekaitz horren erdian, giltzarri izan daitezke EH Bilduk UPNren lege proposamenari aurkeztu dizkion zuzenketak. Koalizio independentistak proposatzen du egungo itunpeko ikasgelei eustea datozen bi ikasturteetan, eta denbora horretan, ratioak murrizteko foru lege berri bat onartzea. Geroratze horren helburua litzateke «segurtasun juridikoa bermatzea» eta «atzeraezinak izan daitezkeen kalteak eragoztea». Funtsean, beraz, EH Bilduren zuzenketak onartzeak ekarriko luke, batetik, UPNren lege proposamena goitik behera aldatzea, eta bestetik, Gimenok onartutako foru agindua bertan behera uztea.

Sindikatuen protestak

Osoko bilkura hasi aurretik, Steilas sindikatuko kideak parlamentuaren kanpoaldean elkarretaratu dira UPNren legea publikoaren kaltea lelopean. Komunikabideen aurrean, Aitor Laka eledunak galdetu die parlamentariei «nork defenditzen duen sistema publikoa», eta haien «sen onari» eustera dei egin die. «Eskatzen diegu hezkuntza publikoko ratioak jaisteko neurriak har ditzatela, langileak egonkortzeko neurri mamitsuak indarrean jar ditzatela eta itunpeko ikastetxeen publifikaziora bideratutako urratsak has daitezela behingoz».

Lakaren esanetan, bere lege proposamenaren bidez UPNk «egoera egokia» topatu du sare publikoa kaltetzeko. Gogora ekarri du sistema publikoak bere gain hartzen dituela Nafarroako ikasleen bi heren (%68), eta salatu du 2017tik herri txikietako hamabi eskola itxi dituela Hezkuntza Departamentuak. «Eskola publikoak, bereziki txikiak, behar bezala babesten ez badira, laster askoz gehiago hustuko dizkigute».

Steilasek kritikatu du UPNren lege proposamenak «sare publikoa segregatzen eta ahultzen lagunduko» duela, aurrera ateraz gero. «Datorren ikasturtean unitate bakarra ez ixtea berma dadin eskatzen dugu. Ez da onargarria sare publikoak bere gain hartzea murrizketa guztiak», gaineratu du.