Ituna, memoria, negoziazioa

Edurne Elizondo

Noraezean”. Halaxe dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Steilas sindikatuko kide Raul Lopez Ekairen hitzetan. “Badakigu oraingo taldea jardunean ari dela, baina arazoa aspalditik dago mahai gainean, eta ez dute deus egin”, salatu du.

Behin-behineko ordezko irakasleen egoeraz ari da Lopez Ekai “arazoa” zaharra dela erraten duenean: irakasleok ez dute kontraturik udako hilabeteetan, eta, ondorioz, ez dute soldata kobratzen, ez dute kotizatzen, eta Hezkuntzako zerrendetan gora egiteko ere punturik ez dute lortzen. “2007-2011rako itunak eskubide hori jaso zuen, baina bertan behera gelditu zen, berriz ere”, azaldu du Steilaseko kideak.

Egungo jarduneko Nafarroako Gobernuarekin bertze itun bat lortu zuten sindikatuek, iazko abuztuan. Mahai sektorialeko sindikatu guztiek sinatu zuten, ELAk izan ezik. Akordio horren arabera, bost hilabete eta erdi baino gehiago lan egindako behin-behineko ordezko irakasleek izanen zuten udan kontratua edukitzeko aukera. Itunak neurri hori jaso arren, baina, Nafarroako Gobernuak ez du bete.

“Jada berandu da uztaileko soldata garaiz jasotzeko; hitzarmena iazko abuztuan sinatu arren, Hezkuntza Departamentuak ez du erabakitakoa gauzatzeko urratsik egin: ez du agindurik publikatu, eta ez ditu sistema informatikoan beharrezko aldaketak egin irakasleok beren soldata jaso ahal izateko. Kudeaketa kontu bat da, baina ez dute deus egin”, erran du Lopez Ekaik. Ondorioz, 800 irakasle inguru gelditu dira jaso beharrekoa eskuratu gabe.

Steilaseko kideak jakin nahi du zein den ituna ez betetzeko arrazoia. “Ez dugu informazio argirik, ordea. Ez dakigu dirurik ez duten, borondate politikorik ez duten, edo zerk eragin duen oraingo egoera”, erran du. Galdera horientzat guztientzat erantzuna bilatzen saiatu dira sindikatuko kideak, eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako iazko itunaren memoria ekonomikoa eskatu diete gobernuko arduradunei. Orain arte, baina, hori ere ez dute jaso.

“Akordioa sinatu genuenean ere, Amaia Zubieta sindikatuko kideak Maria Solana kontseilariari galdegin zion, beste behin, memoria hori; berehala jasoko genuela erantzun zuen. Baina zain gaude oraindik”, erantsi du Lopez Ekaik.

Steilaseko kideak “funtsezkotzat” jo du memoria ekonomiko hori jaso ahal izatea. “Paperak edozer gauzari eusten dio, baina memoria ikusi nahi dugu jakiteko, zehazki, akordioan jasotako neurri bakoitzari zenbateko diru saila dagokion, ez baitakigu nahikoa izanen ote den”, azaldu du.

“Konpentsatu”

Zalantzak dira nagusi Steilas sindikatuko kideen artean. Ez dira kezka agertu duten bakarrak. ELA sindikatuak ere salatu du gobernuak iazko abuztuko akordioan onartutakoa bete ez izana. “Gobernua ez da sinatutakoa betetzen ari, eta betetzea erabakitzen badu ere, ez dakigu noiz beteko duen”, erran dute sindikatuko ordezkariek. ELAk gogoratu du sindikatu hori izan zela ituna sinatu ez zuen mahai sektorialeko bakarra. “Hitzarmenak hainbat aurrerapauso jasotzen du, baina argi dugu ez dituela bere egiten sindikatuok batera egindako mobilizazioetan egindako aldarrikapen guztiak”, azaldu dute.

Sindikatuen kezkei eta zalantzei ohar baten bidez erantzun die Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, eta horren bidez ezagutarazi du behin-behineko ordezko irakasleak “konpentsatzeko” formula aurkitzeko “lanean” ari direla. Erantzun horrek ez du batere lasaitu Raul Lopez Ekai. “Irakasleek ez dute konpentsazioa behar; gobernuak itun batean jasotako neurria bete dezala behar dute. Dagokiena jasotzea, alegia”.

Azken urteko giroak ez duela arazoa konpontzeko biderik eman gaineratu du Steilas sindikatuko kideak. “Inoiz ez dago inor hitz egin ahal izateko. Noraezean ari dira. Horrela joan da azken urtea, eta, hauteskundeen ondotik, okerrera egin du egoerak. Iaz sinatutako itunaren jarraipen batzordeak ia ez du bilerarik egin, eta mahai sektorial gutxi egin dira”, azaldu du.

Egoera horren ondorio nagusia da, Lopez Ekairen hitzetan, “negoziaziorako aukerarik” ez dela izan. Gogoratu du Hezkuntzako akordioak hainbat konpromiso jaso zituela, behin-behineko ordezko irakasleen udako kontratuez gain, eta horiek jorratzeko ere aukerarik ez dutela izan. 60 urte baino gehiagoko irakasleek lanaldia heren bat murrizteko aukera da itunak jasotako bertze neurri horietako bat, eta horren inguruan ere informaziorik ez dagoela salatu du Steilasek.

Konpondu beharrekoak anitz dira. Oraingoz, halere, gobernuari denbora emateko prest dira sindikatu horretako kideak, uste baitute Hezkuntza Departamentua garaiz dela urratsen bat egiteko, gutxienez behin-behineko ordezko irakasleen auzian. “Uztailean kobratzeko berandu da, baina argi dugu abuztuaren bukaera bitarte badela arazoari aurre egiteko aukera, eta hori egin dezala eskatu nahi diogu gobernuari”. Bertzela, auzitara jotzea aztertuko dute Steilas sindikatuko kideek.

Egungo egoeraren “ziurgabetasuna” nabarmendu du Lopez Ekaik. “Ez dago argi zer gertatuko den gobernuarekin”, erran du. Hala eta guztiz ere, jarduneko agintariek zerbait egiteko aukera badutela berretsi du, eta horixe eskatu die. Itunaren memoria ekonomikoa behar dutela nabarmendu du, berriz ere, eta negoziazioaren alde egin du, oro har, hezkuntzaren arloan mahai gainean dauden auziak jorratu eta konpondu ahal izateko.

Iazko abuztuko ituna sinatu aurretik, hamaika mobilizazio egin zituzten sindikatuek, karrikan, eta berriz egiteko aukera ez dute baztertu, irailean egoerak bere horretan jarraitzen badu. “Ituna hor dago; memoria ekonomikoa behar dugu, bai eta negoziazioa ere”.

Irudi: IƱigo Uriz / Foku