Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Iritzia: Eskua altxatu zutenekoak

Lohizune Amatria

Portugalen harrapatu nau zutabe hau idatzi beharrak. Portugalgo kostaldean zehatzago esanda, Peniche herrian. Herria penintsula txiki batean dago kokatuta, eta arroila ikaragarri politak daude zona honetan. Horiek ikusteko leku aproposarenaren bila, azkenean, herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi dugu autoa. Herria ezagutzeko paseo bat eman, eta arroilaraino iritsiko ginela pentsatu dugu.

Ez da hala izan. Ez ditugu arroilak aurkitu; bai, ordea, askoz interesgarriagoa izan den eraikin zaharberritu bat: Penicheko gotorlekua. Antza, garai batean herria ez zen gaur egun dena, eta irlatxo bat zuen ondoan. Irla hori penintsulari lotuz joan zen denborarekin, eta gizakiak berehala aprobetxatu zuen hori hantxe eraikitzeko. Gaztelu bat izan zen lehenik, gobernadorearen etxea, 1836aren inguruan.

Lehenengo Mundu Gerraren garaian kartzela izan zen. Alemaniarrak eta austriarrak atxiki zituzten barruan. 1930az geroztik, 1974ra arte, Portugalgo Estatu Berria bitartean, Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi autoritarioan, segurtasun handiko espetxe politikoa izan da. Egun, ordea, erresistentzia antifaxistaren museo bilakatu dute.

Zer zen ongi jakin gabe sartu ginen gotorlekuan. Presoek familiakoekin hitz egin ahal izateko gelaxkak bisitatu ditugu. Baita sekretu izeneko bakartze zelda txikia ere. Antonio Dias Lourenço komunista eduki zuten han, esaterako, 1954an. Atean zulo txiki bat eginez alde egitea lortu zuen. Hogei metroko hormatik zintzilikatu zen, zapi batzuekin egindako soka bat baliatuta. Apurtu, eta itsasora jauzi zen. Arrantzale zenbaiten laguntzaz lortu zuen ihes egitea. 1960an, berriz, Penicheko ihesa gertatu zen. Hamar bat komunistak egin zuten ihes, tartean Portugalgo Alderdi Komunistako idazkari nagusiak.

Gertakariei buruz irakurtzen ari ginela, nahigabean Iruñea etorri zait gogora. Iruñea eta Ezkabako gotorlekua. Ihesa. Hildakoak. Fusilatuak. Elkarte eta senideengatik izan ez balitz, ezer gutxi jakingo genukeen gertatutakoaz.

Aitonaren anaia ere badut gogoan. Ezkaban eduki zuten. Galiziara eraman zuten ondoren. Camposancos kontzentrazio esparrutik idatzi zituen azken eskutitzak. Han ere izan naiz. Ez zen erreza izan eraikina aurkitzea. Ez dago plakarik, ez informaziorik. A Guardako biztanleei galdetu behar izan genien. Harritu egin ziren.

Landarediak jan egin du Jesuiten eskola izandako eraikina. 90eko hamarkadan egin zuten azken erreforma, baina kresalak nabarmenki kaltetu ditu hormak.

Krabelinen Iraultzaren ondotik askatu zuten Penicheko gotorlekua, 1974an. Sei urte geroago bilakatu zuten museo. 1945ean itxi zuten Ezkabakoa, eta frankismoa amaitu zela 44 urte dira. Itxita jarraitzen du.

Espainiako estatuak memoriarako baino, desmemoria elikatzeko ditu gordeak.