Edurne Elizondo
Ez dago, baina badago. Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra 2017. urteko irailean zendu zen, baina jarraitzen du parte hartzen eskualde horretako artistek uda oro egiten duten errituan: beren etxeak, tailerrak eta herrietako kultur etxeak betetzen dituzte beren obrekin, herritarrek eta bisitariek artelan horiek ikus ditzaten. Apezetxearen familiak aurten ere zabaldu ditu pintorearen Erratzuko etxeko tailerreko ateak, iaz egin bezala. “Gure artean solastatu, eta aitaren erakusketa antolatzen jarraitzea merezi zuela erabaki genuen. Etxean ditugun koadroak paratu ditugu, nahi duenak ikusteko aukera izan dezan”, azaldu du margolariaren seme Josetxo Apezetxeak. Hilaren 18ra bitarte egonen da zabalik.
Pintorearen alarguna da Encarna Larrainzar. Semeak azaldu du ez duela hedabideetan agertzea gustuko, baina argazkilariaren kameraren aurrean eseri da [azaleko argazkian], senar zuenak margotutako koadroen artean. Jose Mari Apezetxea jada ez dago. Baina badago. Bere obran, bere etxean badago.
“Margolariz beteta egon da beti gure etxea; giro horretan hazi gara”, gogoratu du Josetxo Apezetxeak. Erratzuko etxean aterpe aurkitu izan duten artista horietako bat da Tomas Sobrino. Elizondoko margolariak argi eta garbi erran du: “Jose Mari lagun handia izan zen niretzat; lankide izan ginen azken unera arte; pinturaren munduan, nire aita izan da”.Emozioz mintzatu da Sobrino Apezetxeari buruz, eta eskertu du familiak erakusketa antolatzeko ohiturari eutsi izana. Sobrinok ere antolatu du berea. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean dago ikusgai, irailaren 1era bitarte. Toki berean, bertze solairu batean, Eva Irazoki margolariak zintzilikatu ditu bere koadroak ere.
Apezetxea zena gogoratu nahi izan du Irazokik. Artearen esparruan Irungo udal akademian egin zituen lehendabiziko urratsak Irazokik, baina Apezetxearekin eta Sobrinorekin ikasitakoa nabarmendu du.
Apezetxea eta Cezanne
Pintore anitzen maisu izan zen Apezetxea, hain zuzen ere. Margolariak, gainera, zubi lana egin zuen garai bateko artisten eta egile gazteen artean. Denen artean zegoen gustura. Apezetxeak txoko kutun anitz zituen Baztanen, mihisearekin atera eta kanpoan margotzeko. Baina espazio fisikoez harago, bertze mota bateko lekuak aldarrikatu zituen pintoreak: “Denak heldu gara toki beretik, eta toki hori Cezanne da”, erran zuen, duela hamar urte luze, BERRIAko orrietan. “Nire historia guztia dago Cezannerengan. Cezanne gaur egun da… Erran daiteke egiten den pinturaren erdia egiten dela Cezanne dela medio. Hark ireki zuen atea, eta ate horretatik pasatu gara anitz. Cezanne da margolari bat aski txarra zena hasieran, baina puskaka-puskaka, bere gogo guztiarekin, ailegatu zen azken mutur horretara. Berak egin zuena baino gehiago da zer utzi zuen bertzeek egiteko”.
90 urte zituen Apezetxeak hil zenean. Gaztetan izan zuen Madrilera edo Parisera margotzera joateko asmoa, baina etxean lana bazelako uko egin behar izan zion desio horri. Javier Ziga izan zuen maisu, eta, gero, Apezetxea bilakatu zen bertze anitzentzat erreferente.
Sobrinorekin harreman estua izan zuen. Elkarrekin antolatu dituzte, urte luzez, udako pintura ikastaroak Baztanen. Orain, Apezetxea gabe egiten ditu Sobrinok. Datozen bi asteotan ariko dira aurtengo parte hartzaileak, astelehenetik ostiralera. “Goizez atera, margotu, eta denen lanei so eginez ikastea da kontua. Ikastaroa amaitzen dugunean, erakusketa egiten dugu Elizondon”, azaldu du Sobrinok.
“Pinturaz gozatzea” da gako nagusia, Elizondoko margolariaren hitzetan. Irazokik ere horixe uste du. Eta Sobrinoren eta Apezetxearen eskutik egindako ikastaroetan “ikasi eta disfrutatu” egin duela nabarmendu du. “Aurkikuntza handia izan zen niretzat: kanpora atera, eta mihise zuriaren aurrean jartzea. Zaila da, neurri handi batean, baina askatasun handia ematen dizu. Sobrino eta Apezetxea beti ziren irakasteko prest”.
Irakatsi eta ikasi. Horixe nabarmendu du Sobrinok. Nolabaiteko elkarrizketa sortzen dela ikastaroan parte hartzen duten artista guztien artean. Elkarren ondoan margotuz, elkarri eragin eta elkarri irakasten diote. “Hori hagitz polita da”, erran du Sobrinok.
Apezetxearentzat ere, karrikan margotzea zen kontua: “Baztan-Bidasoko margolarion ezaugarria da naturan bertan margotzen dugula. Ibaia ere bada gure arteko lotura, hemen Baztan eta gero Bidasoa deitzen dena”. Bidasoko margolarien eskolaz hitz egitea, halere, ez zuen hagitz gustuko. “Gauzak sobera sailkatzea ez zuen maite aita zenak”, gogoratu du Josetxo Apezetxeak. “Duela ehun urte, bazen mugimendua, eta, orain ere, bertze modu batera bada ere, badu segida. Nik uste dut hori dela politena”, erantsi du.
Irazokik ez du zalantzarik, eta Baztan-Bidasoko eskolako kidetzat jo ditu eskualdean bertze artisten erreferente bilakatu diren horiek. “Margotzeko eta paisaiari so egiteko berezko modua badute; Baztango margolarien begirada horretan badira zertzelada, kolore eta mugimendu propioak, hain zuzen ere. Baztango eskolako parte dira maisu eta maistra bilakatu diren aurreko belaunaldiko artistak”.
Eskolaz harago, pinturak eskualdean pizten duen interesak pozten du Irazoki. Sobrino ere bai. Biek argi dute zaletasunak gora baino ez duela egin. Udako ikastaroa eta erakusketak, gainera, ez dira eskualdeko margolariek elkarrekin aritzeko duten aukera bakarra. “Hilabetean behin, kanpora ateratzen gara margotzera. Nahi duena etor daiteke”, nabarmendu dute bi margolariek.
Sobrinok eta Irazokik hilaren 22an zabaldu zituzten beren erakusketak. Azken urteko lanak zintzilikatu ditu Sobrinok, zehazki. “Ohi baino itsas pintura gehiago ditut aurten”, azaldu du. Baztango paisaiek, noski, toki nabarmena dute, baina badira Nafarroa erdialdekoak eta Bardeakoak ere. Irazokik, bertzalde, 2005. urtetik gaur egunera bitarte egindako koadroak eraman ditu Elizondoko Arizkuneneara. Irazokik abstrakzioaren alde egin du bere azken lanetan, eta hautu horren atzean dagoen prozesua erakutsi nahi izan die ikusleei, bere azken urteotako lanak zintzilikatuz. “Hasieran, Sobrinoren eta Apezetxearen eragina nabarmena zen nire lanetan; bidean, nire margotzeko modua bilatuz joan naiz. Figurazioa bazter utzi gabe, bilaketa horrek eraman nau abstrakziora”, azaldu du margolariak. “Beti hutsetik hasteko” asmoa duela erantsi du.
Hutsetik hasteko urratsak testuinguru zehatza du artearen esparruan, Sobrinoren ustez. “Noski, nork bere bidea egin behar du. Baina idatzi ahal izateko, irakurri egin behar duzu; eta margotzeko, pinturari so egin behar diozu. Bertzeen bidea ezagutu behar duzu zurea egiteko”, erran du.
Hamahiru erakusketa
Apezetxearen, Sobrinoren eta Irazokiren erakusketak ez dira egunotan ikus daitezkeen bakarrak, Baztanen. Denera, hamahiru antolatu dituzte. Elizondon, Arizkunenea kultur etxean bada bertzerik: Manuel Bermejo eta Xabier Celestinoren Hamalau izenburukoa, eta Miquel Cazañaren Baztandik mundura. Kultur etxeko erakusketez gain, Ana Mari Marin margolariak berea antolatu du Elizondoko bere etxean. Hilaren 13an zabalduko du. Jaime Urrutia karrikako 15ean, gainera, Lesagibelen erakusketa dago zabalik; eta kale bereko 3an, Jose Luis Alzugarairena.
Arizkunen, Xabier Santxotenaren museoan daude egile horren eskulturak eta Teresa Lafraguaren margoak; Sasternea etxean, berriz, Xabier Soubeletenak ikus daitezke. Erratzun, Apezetxearen erakusketarekin batera, Roque Lasaren lanak ikusgai daude Zubieta etxean. Diana Iniestak ere ireki ditu bere tailerreko ateak, eta Loreak, sagarrak, besarkadak izenburuko erakusketa prestatu du. Irailaren 1era bitarte egonen da zabalik.
Iniestak eginen du bertzerik, artistentzako hainbat proposamen antolatu baititu udako datozen asteotarako. Lau eguneko ikastaroak eginen ditu, batetik, irailera bitarte, naturan margotzeko; bertzetik, bost edo zazpi eguneko formakuntza saioak eginen ditu bere etxean eta tailerrean. Irakasteko eta ikasteko prest dira Baztanen. Beti paisaiari so.