Edurne Elizondo
Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago”. Horrelaxe laburbildu zuen Jon Basagurenek iazko azaroan Musikariak Ikastetxeetan programan egindako saioa. Zizur Nagusiko institutuko ikasleen aurrean agertu zen Izaki Gardenak taldeko abeslaria, bere gitarrarekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako emanaldi berezi batean.
Basagurenekin batera, bertze hogeita bi musikarik parte hartu zuten aurreko ikasturteko programan: 88 saio egin zituzten, herrialde osoko institutuetako 4.000 ikasleren aurrean. Lortutako arrakastak bultzatuta, bigarrenez jarriko dute martxan programa, orain hasiko den ikasturtean.
Bide berean urratsak egiten jarraitzea da asmoa, baina hainbat berrikuntzarekin. Batetik, musikari eta ikasle gehiagok parte hartuko dute: 41 abeslari izanen dira denera, eta 191 saio eginen dituzte. Bertzetik, programan lantzeko ikastetxeetarako materiala sortu dute. Zehazki, hamar unitate didaktiko prestatu ditu gobernuak.
A eta D ereduko eskoletan
Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea da Musikariak Ikastetxeetan ekinaldiaren helburu nagusia. Horretarako, parte hartzen duten abeslariek gazteen aurrean abesten eta jotzen dute, eta, gainera, euskal kulturaren inguruko edukiez mintzatzen zaizkie. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztiek izanen dute programan parte hartzeko aukera. Musikariek 50 minutuko saioak eginen dituzte, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleekin.
Oraingo ikasturtean parte hartuko duten musikarien artean izanen dira Gari, Joseba Tapia, Musego, Alex Sardui, Gorka Urbizu, La Basu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Maite Larburu, Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin.
Zuriñe Hidalgo abeslaria ere ariko da. Iaz ere parte hartu zuen proba gisa egindako lehendabiziko ekinaldian, eta “ontzat” jo du esperientzia. “Oso polita eta gertukoa izan da, baina, horrez gain, beharrezkoa da: nik institutu garaian ez nuen jaso halako bisitarik, eta niretzat izugarria izango litzateke nire erreferente baten bisita izatea”, erran zuen Hidalgok, orain martxan jarriko den programari buruz.
Ekinaldi horrek lortzen du, hain zuzen ere, ikasleen eta musikarien arteko hartu-eman zuzena gertatzea, eta hori “aberasgarria” da denentzat, antolatzaileen ustez. Programaren bigarren aldian, gainera, gelako esparrutik at ere izan nahi du oihartzunik gobernuaren ekinaldiak. Asmoa da musikariak ikastetxeetara joaten diren egunetan herri horietan musikarion emanaldi irekiak antolatzea. Horretan ari dira antolatzaileak lanean tokian tokiko eragileekin.
Irudi nagusia: Jon Basaguren, iazko Musikariak Ikastetxeetan programan parte hartzen. Iñigo Uriz / Foku