Olatu bat ibaiak babesteko

Olatu bat ibaiak babesteko

Edurne Elizondo

Ibaiei so egiteko garaia izan ohi da udakoa; uraz eta ibai ondoko zuhaitzen itzalaz gozatzekoa. Zer gozatu izaten jarraitu nahi dutelako, hain zuzen, beren ibaiak zaintzeko eta babesteko lanean hasi dira, gainera, Zaraitzu eta Ega ibaiek ukitutako herrietako biztanleak. Bi ekinaldi egin dituzte ibaion inguruan, abuztuan, Zain eta Ega Bizirik taldeek bultzatuta: Zaraitzu garbitzeko auzolana, eta Ega bizirik nahi dutela aldarrikatzeko besta. Irailarekin batera, ibaien alde urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute elkarteok.

Zain elkarteko kideak iazko urrian jarri ziren martxan, eta, geroztik, ibaiak ukitzen dituen lurretan Zaraitzukoak, Nabaskozekoak, Erromantzatukoak eta Irunberrikoak biztanleentzat duen garrantzia erdigunean jartzea izan du xede. Abuztuaren 10eko auzolana helburu horrekin egin zuten, eta erantzunarekin “oso pozik” daude. Denera, ia 5.000 kilo zabor jaso zituzten. 500 boluntario aritu ziren, eta Irunberriraino ailegatu ziren, herriz herri antolatuta.

Abuztuko auzolanari irailaren 22an emanen diote segida, jasotako hondakinak sailkatzeko eginen baitute bat herritarrek. Gainera, eskualdeko bi artistak lan berriak sortzeko erabiliko dute ibaitik ateratako zaborraren zati bat.

Zain elkarteko kideek badute bertze asmorik. “26 minutuko bideoa prestatu dugu ibaiari buruz, eta asteburuan

hasiko gara jendaurrean aurkezten”, azaldu du taldeko kide David Sotok. Bihar, Nabaskozen ikusi ahal izanen dute, 12:00etan eta 13:00etan, Turrunbel elkartean. Irunberrin hilaren 20an aurkeztuko dute, eta 21ean, berriz, Ezkarozen. Hilaren 23tik aurrera, Interneten bidez ikusi ahal izanen da.

Hilaren 21eko Ezkarozeko aurkezpena berezia izanen da, dokumentala erakusteaz gain, hitzaldi-eztabaida eginen baitute. Zain elkarteko kideez gain, Urbizi elkarteko kide Fito Jimenezek ere parte hartuko du. Ekinaldi horren bidez, Zain elkarteak mahai gainean jarri nahi du datozen hilabeteotan ardatz hartu nahi dituen gaietako bat: Zaraitzu ibai erreserba izenda dezaten eginen duten kanpaina, alegia. Babes bereziko eremua da, gaur egun, eta Zain taldeko kideen helburua da ibaiak duen babesak gora egitea. Nafarroako Pirinioetan erregulatu gabeko ibai bakarra da.

Zain elkartearen sorrera bultzatu duten arrazoietako bat da, hain zuzen, Ebroko Ur Konfederazioak Zaraitzun esku hartzeko agertu duen asmoa. Esa urtegia betetzeko erabili nahi ditu konfederazioak Zaraitzuko urak. Asmo hori mahai gainean dago, behintzat, orain arte zehaztu ez badute ere. Behin betiko bazter utz dezatela nahi dute Zain taldeko kideek, eta horretarako lan eginen dutela berretsi dute. Oraingoa garai garrantzitsua da, Ebroko Ur Konfederazioa Ebroko Plan Hidrologikoa berritzeko prozesuan murgilduta baitago.

Egan, kezka nagusi

Ega Bizirik taldeko kideek zazpigarrenez egin dute ibai horren aldeko besta, Murietan. Kezkaz egiten diote so horko, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek egoerari. Montejurrako Mankomunitateak Lokiz mendilerroko akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta Ega Bizirik plataformak salatu du azken urteotan, udan batez ere, hainbat iturri lehortu egiten direla; emari ekologikoari nekez eusten ahal diola ibaiak, urteko hilabeterik beroenetan.

“Lortu dugu akuiferoetatik hasierako plangintzak jasotako baino ur kopuru gutxiago ateratzea, baina, oraindik ere, kinka larrian da Ega”, azaldu du Ega Bizirik taldeko kide Jon Iriberrik. Antzingo putzua 2027an itxiko dutela ezagutarazi du, eta ontzat jo du neurri hori; ez, ordea, nahikotzat. Denbora da arazo nagusia: “2024. urterako bertze hainbat herri sartuko dira Montejurrako Mankomunitatean, eta, ondorioz, ur gehiago beharko da”, erran du. Gaineratu du gobernuak onartu duela Egaren ur emari ekologikoari buruzko ikerketa egitea, eta berri ontzat jo du. “Zuzen garela erakutsiko du”.

Irudi nagusia: boluntariak Otsagabian. ZAIN