Baterien burrunba aterako dute plazara

Baterien burrunba aterako dute plazara

Kattalin Barber

Musikak hartuko du Iruñeko Gazteluko plaza, igandean, ezohiko kontzertu baten bidez: 35 bateria jotzaile ariko dira elkarrekin, Vesarte herri arte kolektiboak antolatuta. Hamabi pertsonak osatutako rock taldea arduratuko da emanaldiaz, eta haiekin egonen dira 35 bateriak, burrunba Iruñeko Alde Zahar osoan zabaltzeko asmoz.

Ez da kolektiboak antolatzen duen gisako lehen ekinaldia. Iaz, Vesartek kontzertu bat eskaini zuen hamargarren urteurrena ospatzeko, eta hainbat taldetako musikariak eta 20 bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. “Egun izugarria izan zen; bertan elkartutakoek sentsazio biziki ona izan genuen, eta bukatu bezain laster pentsatu genuen aurten ere zerbait prestatu behar genuela”, esan du Javier Orduña kideak. Horregatik, aurten errepikatuko dute, baina pauso bat harago joan nahi dute oraingoan. “Iruñean ez da horrelakorik inoiz egin, diru laguntza eta babeslerik gabe; herritarren parte hartzea da gure xedea”.

Orduñak azaldu duenez, iazko bateria jotzaile gehienek parte hartuko dute aurten, berriz ere. Artista eta antolatzaileen artean 70 pertsona inguru dabiltza kontzertua prestatzeko lanetan. Urtarriletik ari dira. Kontzertu “ezohikoa eta berezia” izanen dela aurreratu du Vesarteko kideak, eta Gazteluko plazan egitea ez dela kasualitatea: “Iruñeko egongela da plaza hau, eta hor egon nahi dugu; gehienetan enpresa pribatuek erabiltzen duten espazioa da, eta herritarrena dela aldarrikatu nahi dugu”. Inor hotz utziko ez duen kontzertua izanen dela esan du, “ongi pasatzeko eta aldarrikatzeko”.

Lan handia egin dute, eta hilabeteak daramatzate prestatzen, ez baita erraza ia 50 musikariren kontzertua koordinatzea. Kolaboratzaile asko izan dituzte. Nafarroakoak ez ezik, Hego Euskal Herriko hainbat hiritako eta Madril eta Errioxako (Espainia) musikariek ere parte hartuko dute.

Arte alternatiba

Ohi duen moduan, Vesartek herritarren parte hartzea plazara eraman nahi du. Probokatzaileak izan nahi dute, eta “kontsumoaren gizarteari” alternatibak eskaini. Horregatik ez dute nahi administrazioaren diru laguntzarik, ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi: “Hamaika urte daramatzagu posible dela erakusten, eta horrela jarraituko dugu; musu truk egiteak ez du esan nahi ez duela kalitaterik”.

Hamar pertsonak parte hartzen dute egunerokoan, baina ekitaldiz ekitaldi, jende gehiago batzen da. Kolektiboak sormen gune bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen dituzte. Heldu den astetik, besteak beste, argazkilaritza, margolaritza, eta serigrafia tailerrak eskainiko dituzte.

Irudia: Vesarte.