Edurne Elizondo
Zirkua ekarri du udazkenak Nafarroara: Gure Zirkua proiektuko artistek beren karpa zabalduko dute datozen asteotan, Elizondon eta Leitzan. Elizondon, zehazki, irailaren 27tik 29ra izanen da Gure Zirkua, eta baita urriaren 4an eta 5ean ere. Leitzan, berriz, urriaren 11tik 13ra eta urriaren 18an eta 19an. Sarrerak salgai dira jada, bai Elizondoko eta bai Leitzako emanaldietarako.
Maiatzean hasi zuten Gure Zirkua proiektuko artistek bigarren denboraldia, eta Nafarroan amaituko da. “Oso pozik gaude; ia toki guztietan sarrera guztiak agortu dira”, azaldu du Joseba Usabiaga aktoreak. Gipuzkoan egin zituzten lehendabiziko emanaldiak, eta handik Euskal Herriko hamaika txokotara eraman dute zirkuko kideek beren karpa, Nafarroara ailegatu arte. Elizondoko eta Leitzako saioekin amaituko dute sasoia.
“Hirugarrena? Publikoaren esku dago”. Zuhurtasunez hitz egin nahi izan du Usabiagak etorkizunari buruz, baina onartu du bigarren denboraldian ikusleen babesa erruz jaso dutela Gure Zirkua proiektuko kideek, eta horrek indarra eman diela hirugarren sasoi hori pentsatzen eta prestatzen hasteko jada.
Publikoaren babes hori piztu duen sekretua zein izan ote den ez du argi. Bai, ordea, Gure Zirkuak “kalitatezko ikuskizuna” eskaintzen duela. Eta, finean, hori da ikusleek edozein tokitan bilatzen dutena. Ikuskizun horrek, gainera, baditu berezi bilakatzen duten bertze hainbat ezaugarri, Gure Zirkuaren kasuan: zirku ibiltaria da, euskal artistek egina, eta euskaraz. “Euskarak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu, gainera” .
Karparen azpian, hamaika arte eszenikok egiten dute bat, ordu eta erdiko ikuskizun batean: akrobaziak daude, bai eta dantza, malabarismoa, bihurrikariak, antzerkia, pailazoak eta musika ere, bertzeak bertze. “Osotasun horrek zerbait gehiago ematen dio egiten dugun zirkuari, eta jendeari gustatzen zaio. Sekretua zein den? Ez dakit, baina uste dut osotasun horrek eman diola arrakasta”, erran du Gure Zirkuko aktoreak.
Hamaika diziplinatan aritzen diren artistek egiten dute bat Gure Zirkuan, baina, hala eta guztiz ere, diru laguntzarik ez dute jasotzen, eskaintzen duten ikuskizuna ez duelako arte eszenikotzat hartzen administrazioak. “Bitxia da; arte eszenikoak dira musika, antzerkia, dantza. Baina gurea zer da? Dena batera dago. Guk, behintzat, arte eszenikotzat dugu egiten duguna; Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, ez”.
Harrobia
Iker Galartza aktoreak jarri zuen martxan Gure Zirkua sortzeko prozesua, karpa bat erosi eta gero. “Aspaldi aipatu zigun bere proiektuaren berri. Elkarrekin aritu ginen Poxpolo eta Mokolo pailazoen sasoian, herriz herri, eta bagenuen antzeko ikuskizun bat zirku baten barruan eskaintzeko gogoa. Ikerrek karpa erosi zuen, eta hasi ginen proiektuari forma ematen eta aktoreak bilatzen, Euskal Herrian asko eta askotarikoak baitaude”, azaldu du Usabiagak.
“Harrobia bada”, nabarmendu du aktoreak, hain zuzen ere. Zirku eskolak badira Euskal Herrian, baina hemendik kanpora ere joaten dira Euskal Herriko artistak behar duten prestakuntza jasotzera.
Karpa azpiko ikuskizunak ere garatuz joan dira, eta zirkua egiteko moduak aldatu egin dira azken urteotan. Gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituztenak “zaharkituta” gelditu direla onartu du Usabiagak. Ez bakarrik hori. Gero eta hiri eta herrialde gehiagotan gisa horretako zirkuak debekatzen ari dira. “Ez da animaliak erabiltzeko beharrik kalitatezko ikuskizun bat eskaintzeko”.
Gure Zirkuan musikak ere garrantzi handia duela erantsi du Usabiagak, eta, hasieratik, zuzenean aritzeko apustua egin dutela. Elementu horiek guztiek giro berezia sortzen dute karparen azpian. “Gertutasuna eskaini nahi genuen, eta lortu dugula uste dut. Karpa txikia da gurea, ez baikenuen jende askok bat egitea nahi. Ikusleak artistengandik gertu nahi genituen”, erran du Usabiagak.
Elizondon eta Leitzan izanen dira Gure Zirkuko kideak, hilaren 27tik aurrera. Gero, karpa gordeko dute, berriz ere, atseden hartzeko. Eta sortzen jarraitzeko.